Azaroaren 20a da epemuga Iruñeko Udalak antolatutako lehiaketan Iruñeko ikastetxe publiko eta itunduek beren ikaskuntza-zerbitzuko proiektuak aurkez ditzaten. Lehiaketa honen hirugarren edizioan, berriro ere, ikaskuntza-prozesuak eta komunitateari zerbitzuak emateko prozesuak uztartzea da helburua, ondo lotutako proiektu bakar batean, hartara lortuta parte hartzaileek benetako premien inguruan lan egiten ikastea, ingurua hobetzeko.
Lehiaketaren xedea da ikaskuntza-zerbitzuko hezkuntza-proiektuak sortu eta abiaraztea Iruñeko ikastetxe publiko eta itunduetan; izan ere, metodologia didaktiko horrek etapa bakoitzeko curriculumean oinarritutako ikaskuntza prozesuak eta ikasleek tokiko komunitateari zerbitzua ematekoak uztartzen ditu. Hartara, Iruñeko Udalak ikusarazi nahi du ikastetxeen gizalegezko konpromiso solidarioa, bai eta komunitateko eragile guztien gizarte-kohesioa eta parte-hartzea indartu ere, tokiko bizi-baldintzak hobetze aldera.
Lehiaketa honetan parte hartzen ahalko dute Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako Iruñeko ikastetxe publiko eta itunduek, baldin eta ikastetxe bakoitzeko irakasle batek gutxienez parte hartu badu Iruñeko Udalak deitutako ikaskuntza-zerbitzuari buruzko prestakuntza-ikastaroan, edo, bestela, egiaztatzen badu prestakuntza jaso duela, aurrez, ikaskuntza-zerbitzua metodologiaren gainean, egiaztagiri ofizialak aurkeztuz. Proiektuek jatorrizkoak izan behar dute, eta 2019-2020ko ikasturtean abiarazteko sortuak. Gaztelaniaz edo euskaraz aurkezten ahalko dira, ikastetxearen hizkuntza-ereduaren arabera.
Ikastetxe bakoitzak –LHko ikastetxeek izan ezik– ikaskuntza-zerbitzuko proiektu bakarra aurkeztu beharko du hezkuntza-etapa bakoitzeko (Haur eta Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa). Hiru eredu azaltzen dira, proiektuak horiekin bat aurkezteko. A eredua ikasgela-talde batendako proiektua da, zeinean curriculumeko ikasgai bat edo gehiagoko ikaskuntzak diren helburu eta Iruñeko gizarte-entitate edo erakunde publiko batek, gutxienez, parte hartzen duen. B eredua ikasgela-talde bat baino gehiagorendako proiektua da, zeinean curriculumeko ikasgai bat edo gehiagoko ikaskuntzak diren helburu eta Iruñeko gizarte-entitate edo erakunde publiko batek, gutxienez, parte hartzen duen. C eredua ikastetxe osoarendako proiektua da, zeinean, gutxienez, Iruñeko gizarte-entitate edo erakunde publiko batek parte hartzen duen.
Modalitateak, sariak eta epaimahaiaren irizpideak
Oinarrietan hiru sari-modalitate hauek jasotzen dira: 1. modalitatea, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako proiektuak; 2. modalitatea, DBH eta Batxillergoko ikastetxeetako proiektuak; 3. modalitatea, Lanbide Heziketako ikastetxeetako proiektuak. Modalitateek bina sari dituzte, lehen sariak 1.500 eurokoak eta bigarren sariak 1.100 eurokoak direlarik; diru hori inbertitu beharko da saritutako proiektua garatzeko. Ikastetxeen proposamenak eskabide ofizialaren bidez aurkeztu behar dira Iruñeko Udaleko Hezkuntza, Herritarren partaidetza eta Gazteriako Alorrean (Descalzos k., 72, 31001, Iruña), edo legean aipatzen diren erregistro eta bideetako edozeinen bitartez.
Saridunak hautatuko dituen epaimahaiko burua Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkaria izanen da, eta mahaikideak, hauek: Hezkuntza Alorreko udal-langile teknikoak, Ikaskuntza Zerbitzu Solidarioaren Nafarroako Sareko ordezkari bat eta Udalak ikaskuntza-zerbitzuko proiektuei buruz antolatutako prestakuntza-ikastaroko hizlari bat.
Honako alderdi hauek hartuko dira aintzat, besteak beste: lotura, curriculumeko ikaskuntzaren eta ematekoa den zerbitzuaren artean; praktikaren irismena, ikastetxeko ikasle-kopuruari dagokionez; zerbitzu-proiektuaren egiazkotasuna eta hirian dituen garrantzia eta eragina; sareko lana ikastetxe eta tokiko gizarte-entitateen artean; ikasleen parte-hartze aktiboa prozesu osoan zehar; parte hartuko duten ikasleen artean gogoeta eta pentsamendu kritikoa bultzatzen dituzten jarduerak; eta gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan dauden Iruñeko herritarrei zuzendutako proiektuak edo giza eskubideak eta haurren eskubideak babestu eta hedatzeko proiektuak.