Iruñeko Udalak II. Musika martxan Fest aurkeztu du, urriaren 4an eta 11n (ostiralak) Zentralen eginen den jaialdia, non Gazteriako unitateak kudeatzen duen talde-poltsa barruko bandak, hiriko gazteek osatuak guztiak, arituko baitira. Aurten Zentral izanen da agertokia Iturramako eta Sanduzelaiko Civivoxetako zelaiguneen ordez, eta datak ere aldatu dira, udatik udazkenera.
Musika-hitzordua gaur goizean aurkeztu dute Arturo Lecumberri Gazteriako zinegotzi bereziak, Mikel Uriz Zentraleko ekoizpen-arduradunak, Ruth Losada Udaleko Gazteriako teknikariak eta talde-poltsan izena emanda dauden 14 bandetatik kontzertuan parte hartuko duten talde hauetako zenbait kide: A Deshoras, Nakama Planet, Still Mad eta The Offensive.
Jaialdiaren egun bakoitzean bost bandak osatuko dute emanaldia, estilo desberdinak ukituz eta musikaren panorama zabala eskainita: por-rocka, musika elektronikoa, soula, indiea, punka, rapa eta ska. Errepertorio-proposamenei dagokienez, badira kantu propioak eta beste talde batzuen bertsioak ere, eta horrela agerian jarriko da hiriko musikari eta konpositore gazteen interes musikalak askotarikoak direla.
Gainera, datorren ostiraleko kontzertuan (urriaren 4koan) Vladimir Congo izanen da taldeetako bat, rock frantsesa, elektroa eta popa ukitzen dituena. Congo Iruñera gonbidatu izana Creacity proiektuari esker izan da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzaturik Hondarribiak, Baionak eta Iruñeak garatzen duten lan-ildoari esker, alegia. Senidetutako hirien arteko truke artistikoaren parte da Vladimir Congoren emanaldia Zentralen, eta horren baitan ere, jaialdi honetan kontzertua emanen duen Kimera talde iruindarra Baionan izan zen ekainean. Halaber, Creacity bidez, Joaquin Maya Musika Eskolako ikasleek musika-saio bat eman zuten Baionako Rock Schoolekin La Pamplonesaren 100. urteurrenaren kariaz egindako balda-jaialdian.
Taldearekin emanaldiak egin nahi?
Jaialdi honetan aritzeko deia jaso duten talde guztiak Iruñeko Udalaren “talde-poltsan” daude. Baliabide hori 2018an sortu zuen Udalak berak, bertan izena ematen duten taldeei jotzeko guneak eta aukerak eskaintzeko asmoz, musika-panoraman agertzen joan daitezen, hala udal-ekitaldietan nola auzoetako festetan, jai-batzordeen bidez, kolektibo horiei laga baitzaizkie kontaktuak. Udalak 200 euroko eskupekoa ematen dio taldeari emanaldi bakoitzeko, talde bakoitzak gehienez bi emanaldi egin ditzakeelarik urte bakoitzean. Halaber, emanaldi bakoitzerako 700 euro ordaintzen dira, gehienez ere eta beharrezkoa bada bakarrik, behar teknikoak estaltzeko.
Gaur egun 14 talde daude izena emanda udal-poltsan; horietako zortzi 2018an sartu ziren, Musika martxanen lehen edizioaren ostean, eta gainerako seiek aurten eman dute izena. Udal-baliabide hau erabil dezakete talde hasiberri guztiek, baldin eta taldekideen erdia (bakarlarien kasuan, denak) iruindarrak badira. Horrez gain, taldekideen bi herenek 14 eta 30 urte bitarte izan behar dituzte.
Poltsan sartzeko izena emateko fitxa bete behar da, Gaztediaren Etxean, haren ohiko ordutegian. Fitxarekin batera maketa bat aurkeztu behar dute, formatu digitalean, eta gehienez ere hiru audio (edo 10 minutuko iraupena) izanen dituena, edozein musika-estiloetakoak. Nahiz eta egun izena emanda dauden talde asko Gaztediaren Etxeari lotuta egon diren beren ibilbidean zehar, taldeek ez dute zertan bertako instalazioetan entseatu poltsan egoteko, ezta entsegu-bonoen sistemari loturik egon ere (baliabide horri esker entsegu-aretoen alokairuaren 60 euro –hilean– estaltzen da, baldin eta entsegu horiek Uharteko Barracudaren lokaletan edo Berriobeitiko On-Off Sound-en egiten badira).
Ostiral honetako kontzertua
Rocka, popa, rapa eta ska. Horixe da heldu den ostegunerako proposamena, non hauek entzuteko aukera izanen baita: Rawan, Iruñean bizi den senegaldarra; Erel eta Cuñi “anaiak”; Hagoan, Kimera eta Vladimir Congo. Emanaldiak 20:00etan hasiko dira, Zentralen, baina ateak 19:30ean irekiko dira.
Mamadou Rawan Diallo Dakarko Guediawaye auzoan jaio zen, Senegalen. 2011n, Senegalgo Afrika telebista-kateko Big Star telesaioan parte hartu, eta horrela bihurtu zen ezagun kantautore gisa. Ordutik Espainian bizi da. Abuztuan kaleratu zuen azken lana. Erel eta Cuñiri dagokienez, rap-kantari gazteak dira, 18 urtekoak, eta taldekide ez ezik adiskide eta anaiak ere dira.
Taula gainera igoko diren Iruñeko hurrengo bi taldeak Hagoan eta Kimera dira. Hagoan rock-ska talde bat da, eta kantu propioak dituzten arren Su Ta Gar, Gatibu eta Platero y tú taldeen bertsioak ere jotzen dituzte, besteak beste; sanferminetan Foruen plazako Gazte eremuan aritu ziren. Kimera, bestetik, 2016an sortutako rock-taldea da, rockaren oinarri klasikoa (gitarra, baxua, bateria eta ahotsa) teklatu, biolin eta saxofoiaren doinu originalekin nahasten dituena. Urte hasieran kaleratu zuen lehen lana, bere 8 kantuz osatua.
Urriaren 11rako proposamena
Urriaren 11n, ostiralarekin The Offensive, A Deshoras, Nakama Planet, Still Mad eta Pensamientos Aleatorios taldeen txanda izanen da. The Offensive taldeak askotariko musika egiten du: rocka, grungea, hardcorea eta punka; A Deshoras iaz sortu zen entsegu-lokal batean, non lagun-talde batek orduak ematen baitzituen gordeta zituzten bertso sorta baterako akorde egokien bila. Still Mad, aldiz, 2013an sortutako hard-rock taldea da, denboraren poderioz taldekide aldaketak izan dituena, jatorrizkoetatik kantaria eta gitarra erritmikoa baino ez daudelarik. H.E.A.T, Guns n’ Roses, Gosht, Aerosmith, Santa Cruz, Danger Danger eta Europe taldeen eragina du.
Nakama Planet eta Pensamientos Aleatorios dira gero etorriko diren taldeak. Lehenak hala kantu propioak nola bertsioak jotzen ditu, soul, rock & roll eta R & B estiloetakoak. Bigarrena duela bi urte sortu zen, bi anaiaren ekimenez, eta piano-rock estiloa indiearen eraginarekin nahasten du.
II. MUSIKA MARTXAN FEST
Urriak 4. 20:00. Zentral
- Rawan
- Erel eta Cuñi
- Hagoan
- KimeraVladimir Congo
Urriak 11. 20:30. Zentral
- The Offensive
- A Deshoras
- Still Mad
- Nakama Planet
- Pensamientos Aleatorios
