Igogailua instalatzea izanen da Ziudadelako Mistoen eraikinean irisgarritasuna hobetzeko lanen azken urratsa

Igogailua instalatzea izanen da Ziudadelako Mistoen eraikinean irisgarritasuna hobetzeko lanen azken urratsa
Igeltserotza eta azpiegiturak jartzeko lanak egin dira dagoeneko, beraz, gune horretan erakusketak egin ahal izanen dira berriro otsailetik aurrera
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Urrats bat gutxiago falta da Ziudadelako Mistoen eraikinaren irisgarritasuna erabatekoa izan dadin. Joan den irailaz geroztik, Iruñeko Udalaren erakusketetarako gunean oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak egiten ari dira. Obra horien barnean sartzen dira eraikineko sarbidea, desnibelak kentzea eta irisgarritasunerako arrapalak jartzea, baita igogailu bat instalatzea ere, orain arte eraikinak eskailera kiribila besterik ez baitzuen goiko solairura igotzeko. Igeltserotzako lanik handienak eginda daude dagoeneko eta jasogailua sartzeko azpiegitura ere jarrita dago. Igogailua instalatzea da egiteke dagoen lan bakarra, baina datozen asteetan jarriko da, datorren urtearen hasierarako erabilgarri egon dadin. Helburua da atzera berriz erakusketak egin ahal izatea otsailetik aurrera.

Lehendakaritza Batzordea lanak nola doazen ikusten izan da gaur goizean. Lan horiek Construcciones Leache SL enpresari adjudikatu zitzaizkion, 175.246,04 euroan (BEZa barne). Obrak irailean hasi ziren. 

Sarbidearen eraberritzea  da dagoeneko eginda dagoen lanetako bat. Langa berriaren azpiegitura instalatu da, eta horrek nabarmen hobetuko ditu eraikinaren barrualdeko baldintza termikoak. Langa horrek eraikinaren barruko aldera sartzeko beirazko ate automatiko bat du, mantendu egin den kanpoaldeko zurezko jatorrizko atea zeharkatu eta berehala. Bi ateen artean, 1,10 metro sakon eta 3,55 metro zabal den gune bat dago, eta bertan arrapala bat instalatu da bide publikoaren eta Mistoen eraikinaren barruko aldearen arteko desnibela berdindu eta irisgarritasun unibertsala bermatzeko. Beirazko atea automatikoa da, eta erakusketa-gune horretara sartu eta irtetea errazten du.

Bestalde, kota igo da ate automatikoa zeharkatuta dagoen pabiloira sartzeko atondoan. Era horretan, kendu egin da orain arte zegoen koska. Harrizko jatorrizko zoladura berreskuratu da lan horiek egitean. 

Igogailua ondoko nabean
Eraikin honek dituen ezaugarriak direla-eta, igogailua instalatzeko irtenbiderik egokiena ondoko nabea erabiltzea izan da. Jatorrian elikagai-biltegi eta upeltegi izan zen XVII. mendeko eraikin hori bi nabe laukizuzen itsatsik osatzen dute, kanpo aldera bakarra ikusten bada ere. 

Igogailua ezkerreko nabean instalatuko da, Mistoen eraikineko sarbide bakarra zeharkatu eta berehala. Horrela, beirazko langa berriak barrualdera irekiko du espazioa, eta ezkerreko aldean, igogailu berria edukiko du. Bertara sartzeko bao bat ireki behar izan dute bi nabeak banatzen dituen harrizko horman. Horrez gain, eraikinaren gangan beste zulo bat ireki dute, eta igogailua hartuko duen altzairuzko azpiegitura jarri dute. Horiek horrela, dena prest dago jasogailua jartzeko. Datozen asteetan gertatuko da hori. Instalatutakoan, igeltserotzako azken erremateak eginen dituzte gune horretan otsailetik aurrera berriz ere erakusketan egiteko modua izan dadin.  

Izan ere, Ziudadelako Mistoen eraikina, Udalaren erakusketa-areto erabilienetako bat da, Arma Aretoa, Bolborategia eta Labearekin batera. 964,70 metro koadro ditu erabilgarri, sarbidean, beheko solairuan eta lehen solairuan banatuta. Sarbideko arazoei eskailera kiribila gehitu behar zitzaion, hori baitzen lehen solairura igotzeko zegoen aukera bakarra, eta horrek nabarmen mugatzen zuen herritarren sarbidea. Horrez gain, beheko solairura sartzeko ere hamar bat maila igo behar ziren 104 cm-ko desnibela gainditzeko. Egindako lanek berretsi egiten dute Iruñeko Udalak Ziudadelako erakusketa-aretoekin duen konpromisoa, hiriko kultura garaikidearen bitartekotzarako guneak diren heinean.

¿Te ha sido útil esta página?