Ignacio Uriartek ‘Sekuentziak’ erakusketa aurkeztu du Ziudadelako Bolborategian, bulegoa eta material arrunta sormenerako iturri erabiltzen duen artista baten ikerlan geometrikoa, ereduak errepikatu eta konbinatzeko teknikaren bidez minimalismoa eta pasa den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadako arte kontzeptuala gogoratzen duena.
Uriarte Krefeld-en (Alemania) jaio zen 1972. urtean. Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasi zuen Madrilen eta Mannheim-en, eta Alemania, Mexiko eta Espainiako enpresetan hasi zuen ibilbidea, hala nola Siemens, Canon, Interlub eta Agilent Technologies enpresetan. Aldi berean, ikusizko arteak ikasi zituen Guadalajarako (Mexiko) Ikusizko Arteen Zentroan, eta 2001ean graduatu zen. 2003. urtean, ibilbide artistikoari ekitea erabaki zuen, ‘bulegari’ lanari buelta eman eta berak ‘Bulegoko artea’ deitzen duen estilo propioari heldu zion. Gaur goizean egileak erakusketa aurkeztu du, Iruñean egiten duen lehena, Jorge Urdánoz Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariarekin batera.
Eskultura izan nahi duten marrazkiak eta marrazkien konposizioak dira, txuri beltzean eginak. Papera eta tinta pigmentatua edo errotulagailu iraunkorra paperaren gainean espazioa marrazten dute eta forma geometrikoak eginarazten dizkiote, laukizuzenak, zirkuluak, espiralak, erronboak…, gainezarrita, sekuentzietan jarrita, banaketak eginda eta islak sortuz, lerro tangente eta ebakitzaileekin. ‘Sekuentziak’ irailaren 20ra arte bisitatzen ahalko da, Ziudadelako Bolborategian, asteartetik ostiralera (11:30 – 13:30 eta 18:30 – 21:00) eta igande eta jaiegunetan (11:30 – 13:30).
Egileak, Alemanian jaio baina nafar jatorrikoak, talde-erakusketa askotan parte hartu izan du, bai nazioan bai nazioartean ere. Horien artean nabarmentzekoak dira ‘Existencias’, Musac, León, (2007) eta ‘Between Them: An Installation Composed Of Drawings’, Hosfelt Gallery, San Frantzisko, AEB. Halaber, banakako erakusketak ere egin izan ditu, besteak beste ‘X, Y, Z’, Madrilgo ABC museoan (2018). Uriartek zenbait beka jaso ditu, hala nola ‘Artista egoiliar’ beka Hangar-en, Bartzelonan (2004) eta Pollock-Krasner Foundation Grant beka, Estatu Batuetan (2020). Hilabete honetan bertan Uriartek Nebrija Unibertsitateko Adquisición saria eskuratu du, 2020ko Sormen Artistikoaren Aintzatespen gisa, Two Light Beams (Green and Blue) obragatik.