Baionako jaiek beren azken eguna Iruñeari eskainiko diote igandean, uztailak 28. Ohikoa denez, Udalaren ordezkaritza batek senidetutako hirira bidaiatuko du Iruñearen Eguneko ekitaldietan parte hartzeko. Ordezkaritzan Ana Elizalde jarduneko alkatea buru izango da, eta Udalbatzako beste kide batzuk ere izango dira. Horrela, Iruñeak itzuliko du Baionako Udalak sanferminei, uztailaren 8an, egindako bisita.
Programari ohiko banda-mezak emango dio hasiera, 10:30ean, Saint-Andréren elizan. Jarraian, 12:30erako gutxi gorabehera, desfile bat dago aurreikusita; Udalbatzak eta musika-bandak Saint-Andréren elizatik bertatik Udaletxera joango dira. Bertan, jateko zerbait zerbitzatuko da, eta ondoren, arratsaldeko 18:30ean, Iruñeko ordezkaritza burtzi-zezenketara joan ahalko da, Baionako zezen-plazara, non Andy Cartagena, Diego Ventura eta Léa Vicens burtzikariek parte hartuko baitute.
Iruña eta Baiona 1960tik dira hiri senidetuak. Urte horretako ekainaren 19an sinatu zen senidetze-hitzarmena, Iruñeak sinatu zuen horrelako lehen hitzarmena (gero Yamaguchi, Paderborn eta Kolonbiako Pamplonarekiko senidetzeak iritsi ziren). Harrezkero, bisitak, ikasle-trukeak eta kultur topaketak egon dira behin eta berriro. Bi hiriak duela urte asko ari dira elkarlanean, mugaz haraindiko lankidetza-proiektuetan; eta Europar Batasunaren dirulaguntzak jaso dituzte, kultura- eta turismo-jarduerak garatzeko eta ondare harresitua zaharberritzeko. Egun, Hondarribiarekin batera, Creacity proiektuan elkarlanean ari dira hiru hirietako harresiak zein barruti gotortuak aintzatesteko.