Igandean, Sanferminetako azken egunean, San Ferminen Zortziurrena, Erraldoi eta Buruhandien agurra, Kulturen Kalejira eta Los Tenampas taldearen kontzertua eginen dira

Igandean, Sanferminetako azken egunean, San Ferminen Zortziurrena, Erraldoi eta Buruhandien agurra, Kulturen Kalejira eta Los Tenampas taldearen kontzertua eginen dira
Gaixoa Niak emanen die amaiera 2024ko sanferminei uztailaren 14tik 15era bitarteko gauerdian

foto

Dagoeneko festa-ordu gutxi gelditzen dira. Igandean, uztailaren 14an, 2024ko sanferminak amaituko dira, baina oraindik hogeita hamar bat jarduera gelditzen dira azken egunaz gozatzeko, 06:45ean dianak hasten direnetik gauerdian Gaixoa Nia egiten den arte. La Pamplonesaren musikak girotuko ditu erdiguneko kaleak lehen orduan, eta ondoren, 08:00etan, Miura ganadutegia protagonista izanen duen zortzigarren eta azken entzierroa eginen da.

09:30ean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa Ezpeletaren jauregitik irtengo da eta Alde Zaharreko hainbat kaletan barna ibiliko da Udaletxe plazara heldu arte. 10:45ean, Udalbatza hiri gorpuztuaren segizioan aterako da San Ferminen Zortziurrenera joateko, San Lorentzo elizan, santuaren kaperan, eginen dena. Elizkizunean Iruñeko Katedraleko musika-kaperak eta ganbera-orkestrak parte hartuko dute. Mezaren ondoren, Udalbatza Iruñeko Udalera itzuliko da. 

Bitartean, Jauzi festa eginen da 11:00etan, Gazteluko plazan; azken jotak, Sarasaten, 12:00etan, Estampa Navarraren eskutik; herri-kirolen azken txapelketak eta erakustaldiak, 12:00etan, Foruen plazan, eta musika-banden azken kontzertua Valtierrako Musika Bandaren eskutik, 13:00etan, Gurutzeko plazan. 

Eta Zortziurrenaren ondoren eta konpartsak hiriaren ohoretan eta Iruñeko alkatearen eta Udalbatzaren aurrean dantzatzeko Udaletxe plazara itzuli ostean, erraldoien eta buruhandien agurraren unea helduko da. Agurra Udaletxe plazan eginen da berriz, iaz Gazteluko plazan egin ondoren. Erraldoiek festetako azken dantzak eginen dituzte eta txikienen parean jarriko dira beren maitasuna jasotzeko. Dantzek, musikak eta sorpresa ugarik gozamen ederra sortuko dute familien artean ‘laster arte’ bat izanen den agurrean, irailean Batasunaren Pribilegioa dela eta itzuliko baitira.

Festa amaiera haur eta gazteendako espazioetan
Arratsaldeko 17:30ean, Mazedonia Kulturen Kalejiraren edizio berri bat abiatuko da, eta bertan kultur aniztasunaren alde lan egiten duten hainbat elkarte, entitate eta kolektibotako 1.200 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute. Hainbat herrialdetako pertsonez osatutako kulturen mosaiko bat izanen da eta inklusioaren eta integritatearen aldeko eta diskriminazioaren aurkako mezu bat helaraziko dute hiriko erdigunean barna eginen den desfile batean, Gazteluko plazan amaituko dena, 20:00ak aldera. 

Arratsaldeko azken orduan, festetako haurrendako eta gazteendako espazioak ixten joanen dira. 20:30ean, Kirolari Sport Kids federazioekin elkarlanean egindako kirol-eremuko jarduerak amaituko dira Media Lunako lubanarroetan, bai eta Birjolastukoak ere, Taconera parkean. 21:00etan, Hauek festak, hauek! gunea behin betiko itxiko da Askatasun plazan, eta 22:30ean, berriz, Gazte Eremuko musika eta jarduerak amaituko dira, Foruen plazan.

Los Tenampas eta Mariachi México Lindo taldeen kontzertua
Musikak hainbat hitzordu interesgarri izanen ditu: Mariachi México Lindo taldearen emanaldia 20:00etan Gurutzeko plazan eta Los Tenampas taldearen kontzertua 22:00etan, Gazteluko plazan. Kontzertu hori berritasun bat da festak amaitu baino pixka bat lehenago antolatu baita. Mariachi México Lindo taldea dozena bat musikarik eta abeslarik osatzen dute, eta Mexikoko folklorearen arrakastak errepasatzen dituzte corrido, guapango, rantxera eta baladen bidez. 

Los Tenampas Nafarroako talde ezagunenetako bat da, mariachien, rantxeren eta mexicanen musika-estiloan. Artuch familiako hirukoteak, Patxi aitak eta David eta Mikel semeek osatuta, 2009an Los Tenampas taldearen proiektuaren aldeko apustua egin zuen. Mila kontzertu baino gehiago eman dituzte eta bederatzi disko grabatu. Iruñeko Udalak gaueko kontzertu bat programatu du lehen aldiz hiriko erdigunean festetako azken egunean Gaixoa Nirako ordu gutxi falta direnean. Bertan abesti herrikoiak entzunen dira Sanferminei musikaz lagunduta amaiera emateko.

Su artifizialen azken bilduma eta Gaixoa Ni
Jaietako azken ekitaldiak su artifizialen jaurtiketa eta Gaixoa Nia izanen dira. 23:00etan Pedro Alonso Fernández Vidal diseinatzaileak eta Pibierzo Su-etxeak beren sorkuntza erakutsiko diote Sanferminetako Egile-su Artifizialen Nazioarteko XXIII. Lehiaketaren epilogoa ikusteko autobus geltokiaren inguruan bilduko den publikoari.

Eta azkenik, uztailaren 6an Txupinazoarekin abiatu ziren sanferminen 204 orduei buru emateko, Gaixoa Nia eginen da. Udaletxe plaza berriz ere beteko da aurtengo festei agur esateko eta 2025eko sanferminetarako atzera-kontaketari hasiera emateko. 40 komunikabide baino gehiagoko ehun kazetari eta profesional grafiko inguru daude akreditatuta Gaixoa Niaren berri emateko. 

Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Udalbatzarekin batera, Udaletxeko balkoita aterako da ohiko leloak abesteko:  “Pobre de Mí, Pobre de Mí, que se han acabado las fiestas de San Fermín” eta “1 de enero, 2 de febrero, 3 de marzo…”. Traka batek Burgoen plazatik emanen die amaiera festei.

¿Te ha sido útil esta página?