Igandean berriz irekiko da Landabengo azoka: 36 elikagai-saltoki izanen dira, 400 lagunendako edukiera gehienez ere, eta derrigorrezkoa izanen da maskara eramatea

Igandean berriz irekiko da Landabengo azoka: 36 elikagai-saltoki izanen dira, 400 lagunendako edukiera gehienez ere, eta derrigorrezkoa izanen da maskara eramatea
09:00etatik 14:30era egonen da zabalik, sarrera kontrolatuko da, eta sarbide bakarra eta irteera bakarra izanen ditu industrialdeko D kalean

mercadillo landaben
 

Landabengo azoka berriz irekiko da igande honetan, covid-19a dela-eta bi hilabetez etenda egon ondoren. Ohiko edukieraren % 25 izanen du, hau da, 36 saltoki, guztiak ere elikagaienak. Eremua hesituta egonen da eta sartzeko eta irteteko gune bana izanen dira industrialdeko D kalean. Gehienez ere 400 pertsona egon ahal izanen dira batera aldi berean, eta maskara eraman beharko dute derrigorrez, bai sarrerako kontrolean, baita azokan dauden bitartean ere.
 

Azoka 09:00etatik 14:30era egonen da zabalik. Azoka-eremua hesitu egin da esparruko edukieraren kontrola egin ahal izateko. Sarrera D kalearen eta B kalearen arteko elkargunetik eginen da eta irteera D kalearen eta L kalearen elkargunetik. Udaltzaingoa etengabe egonen da eremuan eta 25 boluntarioren laguntza izanen du. Hesitutako eremuaren barruan dauden pertsona guztiek nahitaez erabili beharko dute maskara, izan bezero, saltzaile, polizia zein boluntario. Azoka-esparruko sarreran maskarak emanen zaizkie jarrita ez daramatzatenei.
 

Saltoki gehienek 6 metroko zabalera izanen dute (salbu eta 2 metroko zabalera izanen duten 4k, 4 metroko beste 3k eta 8 metroko zabalera izanen duen beste batek). Saltoki batetik bestera 4 metroko tartea utzi beharko da alboz albo. Saltoki bakoitzak sarrera-irteerako mikrozirkuitu bat izanen du bezeroen arteko distantzia bermatu eta kutsatze-arrisku oro ekiditeko. Debekatuta egonen da autozerbitzu moduko salmenta eta bezeroek salgaiak ukitzea eragotziko da.
 

Saltoki bakoitzeko saltzaileek 2 metroko tartea gorde beharko dute gutxienez bata bestearengandik, higiene-arau orokorrak zaindu beharko dituzte, hala nola ilea bilduta eta/edo txanoa eramatea eta  ahal dela eraztunik, eskumuturrekorik zein eskumuturreko erlojurik ez eramatea, eta maskara eraman beharko dute. Salmenta bat egin orduko eskuak edo eskularruak, dagokiena, desinfektatuko dituzte, desinfektatzeko soluzio edo gel hidroalkoholikoa erabilita. Salpostuek desinfektatzeko gel-banagailuak eduki beharko dituzte, saltzaileek nahiz bezeroek erabil ditzaten.
 

Estatuan alarma-egoera deklaratu ostean ezarritako zenbait murrizketa malgutze aldera eta normaltasun berri bateranzko trantsizioko 1.fasea aplikatu ahal izateko maiatzaren 9an emandako  399/2020/SND Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz irekiko da berriz Landabengo azoka. Landabengo azoka martxoaren 8an ireki zen azken aldiz, alarma-egoera dekretatu aurreko azken igandean.

¿Te ha sido útil esta página?