Igandean abiatuko da ‘Scena-ra!’ Gaztediaren Etxean tokiko musika-eszena balioestea xede duen kontzertu batekin

Igandean abiatuko da ‘Scena-ra!’ Gaztediaren Etxean tokiko musika-eszena balioestea xede duen kontzertu batekin
Sergio Eslavaren “Pequeñas joyas” emanaldirako gonbidapenak Gaztediaren Etxean jasotzen ahalko dira aurreko egunetik eta saioa hasi bitarte

Igandean abiatuko da “Scena-ra!”, bi emanaldiko ziklo txiki bat. Programazioak 14 eta 30 urte bitarteko talde eta bakarlari gazteak biltzen ditu, zeinei Iruñeko Udalak, Gaztediaren Etxearen bitartez, profesionalen antzeko baldintzetan kontzertuak egiteko aukera ematen baitie. Talde eta interpreteek eskura dituzte agertokia, argiak, soinu-ekipoak eta taldeek beren ikuskizuna kalitate onenean muntatzeko behar dituzten baliabide pertsonal eta material guztiak.

Aurten bi kontzertuz gozatzeko aukera izanen da: “Pequeñas joyas”, Sergio Eslavaren eskutik (abenduak 19), eta “Íntimo”, Carlota de Miguelen eskutik (abenduak 26). Bi emanaldiak igandeetan dira, eguerdiko 12:00etan, Gaztediaren Etxean, eta sarrera librea izanen da aldez aurretik gonbidapena hartuta, aurreko egunetik aurrera. Lehenengo kontzertua, “Pequeñas joyas”, piano eta ahotsezko musika-proposamena da, gertuko musika-panoramako abestiak errepasatzen dituena, tokiko artistek gure musika-ondareari egindako opari txikiak.

Protagonista, Sergio Eslava, “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionaleko irakaslea da eta “Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdia” koordinatzen du, bi zeregin horiek Musika Hezkuntzako doktoregoko ikasketekin uztartuz. Saxofoi-espezialitatea egin zuen eta 2016an Interpretazioko Goi Mailako Gradua lortu zuen kalifikaziorik altuenekin eta “Karrera Amaierako Sariarekin”. Bere musika-ibilbidean sariak jaso ditu nazioko zein nazioarteko lehiaketetan eta piano- eta saxo-jotzaile eta abeslari gisa aritu da Espainia, Kroazia, Tailandia, Frantzia eta Italiako agertokietan.

Bi kontzertuetarako sarrerak aurreko egunetik saioa hasi bitarte jasotzen ahalko dira. Bertaratutakoek indarrean dauden osasun segurtasuneko arauak bete beharko dituzte eta, edozein kasutan, maskara jarrita eduki kontzertu osoan zehar.

Bigarren kontzertua

Igandean, hilak 26, Carlota de Miguel Amestoy igoko da “Scena-ra”. “Íntimo” izeneko bere kontzertuan piano eta ahotsezko ikuskizuna eginen du, osagai klasiko handiarekin, non, besteak beste, Puccini, Debussy, Chopin, Liszt eta Granadosen konposizioak izanen diren entzungai. Zarzuela, opera eta Europa erdialdeko barroko-konposizioak barne hartuko dituzte. Musika klasikoaz gain, de Miguelek konposizio modernoagoak ere eskainiko ditu eta, sorpresa gisa, inprobisazio bat poemen irakurketa bati akonpainamendua eginez. 

Carlota de Miguel Amestoyk piano eta kantu ikasketak egin zituen Iruñeko “Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean”. Goi-mailako ikasketak jarraitu eta Interpretazio Masterra egin zituen Londresen, Nafarroako Kutxa Fundazioaren bekarekin. Besteak beste, Iruñean bakarlari aritu zen Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin, abenduaren 3an (Nafarroaren Eguna) Mozarten N.20 kontzertuan joaz.

¿Te ha sido útil esta página?