2025eko Trakzio Mekanikoko ibilgailuen zirkulazioaren gaineko zerga, Zirkulazioaren gaineko zerga deiturikoa, borondatez ordaintzeko epea zabalik egonen da maiatzaren 16ra arte. Udala aste honetan hasi da hirian erroldatuta dauden ibilgailuen zerga ordaintzeko agiriak etxeetara igortzen: guztira 126.518 dira, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Erregistroak 2025eko urtarrilaren 1ean emandako datuen arabera.
Datozen egunotan, zerga ordaintzeko 95.246 agiri igorriko dira: horien % 77,64, hau da, 73.951, helbideratuta daude. Maiatzaren 16an bertan zenbatekoak zergadunen kontuetan kargatuko dira. Helbideratuta daudenei esker 8.542.944 euro bilduko dira, eta Iruñeko Udalak orotara 10,97 milioi euro bilduko dituela aurreikusten du; beraz, zenbateko osoaren % 77,81 helbideratutako ordainketekin eskuratuko du. Urtarrilaren 1ean ibilgailuen jabe gisa erregistratuta zeudenei igorriko zaie zirkulazioaren gaineko zerga. Urtean zehar aldaketak egiten badira helbidean edo ibilgailuen jabetzan, datorren urteko zergan aplikatuko dira aldaketa horiek.
Nafarroako Gobernuak ezartzen du zerga hori, eta 2025erako aldatu egin ditu tarifak. 5,78 eurotik (ziklomotorrendako zerga) 286,85 eurora (50 eserlekutik gorako autobusak) bitartekoak dira. Turismoei dagokienez, tarifarik txikiena 22,95 euro da, 8 zaldi fiskal baino gutxiagokoendako, eta tarifarik handiena, berriz, 172,15 euro, 16 zaldi fiskal baino gehiagokoendako. Urtean zehar ibilgailu berriei alta ematen bazaie edo behin betiko baja ematen bazaie, tarifak hiruhilekoka hainbanatuko dira.
Non ordaindu
Helbideratuta ez dauden ordainketak Udaleko Diruzaintzan ordaintzen ahal dira (Merkatuko k. 7-9, bigarren solairua), astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era, eta bestela, Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.pamplona.es/?idioma=2). Banku-entitate kolaboratzaileetan ere ordaintzen ahal dira (Caixabank, Nafarroako Rural Kutxa, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander, Kutxabank eta Banco Sabadell), bakoitzak ezarritako bulegoetan eta ordutegietan.
Ordaintzeko moduaren inguruko zalantzak edo kontsultak, eta helbideratzeekin edo ordainagiriekin zerikusia duen beste edozein gai telefonoz erantzunen dira 010ean (948 420 100) eta Aldizkako Tributuetako departamentuko telefonoetan (948420245, 948420250 eta 948420251), astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era. Halaber, aurrez aurreko arreta emanen da Zergadunendako Arreta Bulegoan aurrez ordua eskatuta, Merkatuko kalean bertan (7-9, beheko solairua), astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era. 010 telefonoaren bidez edo www.pamplona.es/eu webgunearen bidez eskatzen ahal da ordua.
Maiatzaren 9ra arte aukera izanen da ordainketa helbideratzeko, eta, dagoeneko helbideratuta izanez gero, baita ordainketa igorriko den kontua aldatzeko ere. Egun horretatik aitzina ezin izanen da helbideratzeko eskatu edo kontua aldatu, eta jakinarazitako edozein aldaketa edo helbideratze egun horretatik aitzina igorritako ordainketei aplikatuko zaie.
Maiatzaren 16tik aitzina, borondatez ordaintzeko epea amaitu ondoren, ordainketen epe exekutiboa hasiko da, eta epe horretan sartuko dira ordura arte zerga ordaindu ez dutenak: hurrengo egunetik aurrera % 5eko premiamendu-errekargua sortu eta aplikatuko zaie. Premiamendu-probidentzia jakinarazi eta hurrengo hilabetean, errekargua % 10ekoa izanen da. Behin epe hori igarota, premiamendu-errekargua % 20koa izanen da, eta borondatez ordaintzeko epea (maiatzak 16) amaitu zenetik sortutako berandutze-interesak kobratuko dira; zorra kobratzeko, enbargo-prozedura abiatuko da.
2025EKO TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA (ZIRKULAZIOAREN GAINEKO ZERGA)
Turismoak
8 zaldi fiskal baino gutxiagokoak: 22,95 euro
8-12 zaldi fiskalekoak: 64,54 euro
12-16 zaldi fiskalekoak: 137,66 euro
16 zaldi fiskal baino gehiagokoak: 172,15 euro
Autobusak
21 eserleku baino gutxiagokoak: 160,60 euro
21-50 eserleku dituztenak: 229,48 euro
50 eserleku baino gehiagokoak: 286,85 euro
Kamioiak
1.000 kg-tik beherako karga erabilgarridunak: 80,40 euro
1.000 eta 2.999 kg arteko karga erabilgarridunak: 160,60 euro
2.999 eta 9.999 kg arteko karga erabilgarridunak: 229,48 euro
9.999 kg-tik gorako karga erabilgarridunak: 286,85 euro
Traktoreak
16 zaldi fiskal baino gutxiagokoak: 39,43 euro
16-25 zaldi fiskalekoak: 78,83 euro
25 zaldi fiskal baino gehiagokoak: 157,46 euro
Atoiak eta erdiatoiak:
1.000 kg-tik beherako karga erabilgarridunak: 40,24 euro
1.000 eta 2.999 kg arteko karga erabilgarridunak: 80,40 euro
2.999 kg-tik gorako karga erabilgarridunak: 160,60 euro
Motozikletak eta ziklomotorrak
Ziklomotorrak: 5,78 euro
125 cm3-rainoko motozikletak: 8,68 euro
125-250 cm3 arteko motozikletak: 14,39 euro
250-500 cm3 arteko motozikletak: 28,36 euro
500 cm3-1.000 cm3 arteko motozikletak: 56,75 euro
1.000 cm3 baino gehiagoko motozikletak: 113,50 euro
Furgonetak
525 kg-rainoko karga erabilgarridunak: turismoen tarifa
525 kg-tik gorako karga erabilgarridunak: kamioien tarifa.