
Ibil Bedik emanen du Kantu eta Hitza zikloaren azken kontzertua, aurten udan eta Ezpeletaren jauregian egin den zikloan. Boskote nafarraren emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrera librea da, iritsitako hurrenkeraren arabera. Jauregiko patioaren ateak kontzertua hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.
Honako hauek dira Ibil Bedi taldeko kideak: Ibai Osinaga (ahotsa eta gitarra), Areta Senosiain (biolina eta koruak), Javier Larrañeta (baxua), Eder Escalera (bateria) eta Amets Aranguren (saxoa, teklatua eta koruak). 2018ko udan elkartu ziren lehen aldiz Areta, Ibai eta Amets, idatzi zituzten olerki batzuk musikatzeko asmoz. Behin aurreneko abesti horien hezurdura eraikita, 2019ko urtarrilean jaio zen Ibil Bedi, Javier eta Ederren laguntzarekin. Sei hilabete bakarrik pasatu zirenean, “Berandu baina garaiz” lehen lana kaleratu zuten. Bigarren disko bat ere grabatu dute, baita ”Bide zuzena – Teilaturantz” izeneko bideoklipa ere; abesti bikoitza da, eta oraingoz, formatu digitalean baino ez dago eskuragarri, udazkenera arte ez baitute aurreikusita diskoa kaleratzea.
Estiloari dagokionez, zaila da definitzen; taldeak zer egiten duen. Ibil Bedi poparen inguruan koka daiteke, musika-estilo horrengana izan ohi den nolabaiteko lotsari buelta emateko asmoz. Zuzenean ikusteko talde bat da, diskoan eskainitakoaz baino askoz haratago baitoa, entzuleengana ekarriz grabazio bidez ezin transmititu daitekeen gertutasuna.
Kontzertu honek emanen dio amaiera Ezpeletaren jauregiko patioan abuztuan egin den programazioari. Toki hori berria izan da, izan ere, ezohiko uda honetan antolatu diren jarduera guztietan prebentzio- zein babes-neurriak ezarri behar izan dira COVID-19ak eragindako osasun-alertari aurre egiteko. Ezpeletaren jauregiko patioan hogei bat ekitaldi egin dira, doan: Bertsionatuz eta Kantu eta Hitza zikloetako kontzertuak; Zinema-gauetako film-proiekzioak; zientzia, artea eta teknologia Iruña Ilunabarrean programaren barruan, eta kaleko arte-ikuskizunak Gayarre Antzokiaren eskutik.
Kantu eta Hitza. Ezpeletaren jauregiko patioa
- Abuztuak 29, larunbata. 20:00
- IBIL BEDI