Ia 60.000 lagun bildu dira uztailaren 6, 7 eta 8an Gazteluko plazan programatutako kontzertuetan

Ia 60.000 lagun bildu dira uztailaren 6, 7 eta 8an Gazteluko plazan programatutako kontzertuetan
Jaietako lehen egun horietan, eremu-laranjan egindako ordainketa-eragiketak % 11,7 murriztu dira 2024koekin alderatuta
concierto Rozalén

 

Sanferminetan, berriz ere, Gazteluko plazako kontzertuek biltzen dituzte jende gehien jaietako gauerdietan. Rozalénen emanaldiak 20.000 lagun bildu zituen bart gauean. Babes Zibileko Tokiko Batzordeak gaur goizean egindako bileran Gazteluko plazako, Compañía plazako eta Foruen plazako kontzertuetan egondako ikusle-kopuruaren berri izan du, baita Puro Relajok Antoniuttin egindako kontzertuan egondakoen berri ere. 100.000 lagun baino gehiago bildu dira kontzertu horietan.

Bulego taldeak eman zion hasiera Gazteluko plazako agertokiko aurtengo programazioari, uztailaren 6an, eta 12.000 lagun bildu zituen. Tatxers eta Kaotiko taldeek uztailaren 7an jo zuten, eta 10.000 eta 15.000 lagun bildu zituzten, hurrenez hurren. Oraingoz, Rozalén artista albacetearrak eman zuen bart gauean sanferminetako kontzerturik jendetsuena. Izan ere, 20.000 pertsona bildu zituen. Gazteluko plazan egin den kontzerturik jendetsuenetako bat izan da, baita aurreko urteetako kontzertuak kontuan hartuta ere. 

Bestalde, Compañía plazan, emanaldirik jendetsuena Adrien Body, Rapha Mundi eta Zombies in Miami DJena izan zen, 7.500 pertsona bildu baitzituzten. Uztailaren 7an Janus Lesterrek 5.500 pertsona bildu zituen, eta arratsaldeko saioan, BCUC-ek 750 lagun inguru. Atzo (asteartea), Kokoschkak 3.000 lagun bildu zituen, eta Mistery Lights taldeak 1.800 inguru. San Fermin eguneko gauean, Puro Relajo taldeak 10.000 lagun baino gehiago bildu zituen Antoniutti parkean.

DJek Foruen plazan emandako gaueko kontzertuetako ikusle-kopurua homogeneoa izan da jaietako egun hauetan. Kalkuluen arabera, gutxi gorabehera 8.000 lagunek bete dute egunero plaza musika elektronikoa, hiri-musika eta egungo musika uztartzen dituzten proposamenak entzuteko. In Betwin uztailaren 6an aritu zen; uztailaren 7an, Europa FM irrati-katearen festaren txanda izan zen, Roger Freedomen eskutik; eta bart gauean Michenlo aritu zen. 

Beherakada eremu-laranjan egindako operazioetan
Uztailaren 5etik (larunbata) 14ra (astelehena), biak barne, Iruña osoko aparkalekuak eremu laranjakoak dira 24 orduetan. Uztailaren 8ra arte pilatutako datuen arabera, egindako operazioen kopurua jaitsi da, aurreko urtean egindakoekin alderatuta. Gogoratu behar da sanferminetako eremu laranja aurten larunbat batean aktibatu dela eta 2024an uztailaren 5a ostirala izan zela. Orain arteko jaiegun hauetan, 88.469 operazio egin dira; horietatik, % 75 (lautik hiru), Telpark aplikazioaren bidez egin ziren. Aurreko urtearekin alderatuta, operazioak % 11,7 jaitsi dira, iaz 100.177 izan baitziren. Uztailaren 5ean egin ziren operazio gehien, 27.313; ondoren, uztailaren 8an 24.698 operazio egin ziren; uztailaren 7an, 19.553, eta uztailaren 6an, 16.905.

Joera bera dago erregistratutako salaketei dagokienez, bai eremu laranjan gaizki aparkatzeagatik, bai egoiliarra izan ezean sektore guztietan ordaintzeko betebeharra ez betetzeagatik. Aurten, uztailaren 5etik 8ra, 1.827 salaketa jarri dira; 2024an, aldiz, egun horietan 1.925 jarri ziren. Uztailaren 6an eta 7an 522 eta 525 salaketa erregistratu ziren; uztailaren 5ean, 106, eta uztailaren 8an, 374.

Jasotako salaketen % 69 ebasketak dira
Babes Zibileko Tokiko Batzordeak gaur goizean egindako bileran emakumeen sexu-askatasunaren kontrako kasu baten berri eman da, intentsitate apalekoa. Horren harira, salaketa jarri da eta bi pertsona atxilotu dituzte erasoaren ustezko egileak direlakoan. Atzo 1.919 pertsona pasa ziren eraso sexisten aurkako kanpainaren argibide-gunetik; batez beste, egunero bi mila lagun inguru bertaratu dira. Gero eta jende gehiago doa argibide-gunera, eta gero eta gizon gehiago agertzen dira informazio eske. 

Bestalde, jaien lehenbiziko hiru egun horietan, 637 salaketa jarri dira polizia-kidegoetan, hainbat arrazoirengatik eta ustezko delituak egiteagatik. Aurten ere, salaketa gehienak ebasketen ingurukoak dira. 2025eko sanferminetan 438 salaketa erregistratu dira ebasketengatik, salaketa guztien % 69.

Garbiketaz eta bildutako zaborraz bezainbatean, uztailaren 8ra arte pilatutako datuen arabera, behin jaien aurreneko bi egunak pasata, aurreko urteen antzeko joera dago. Orain arte, 408.620 kilo zabor eta beira bildu dira sanferminetan, 2024an egun horietan bildutakoa baino % 1,62 gehiago, iaz 402.100 kilo izan baitziren. Bildutako beira % 20,17 handitu da; bildutako zaborra, aldiz, % 6,85 jaitsi da, eta udal-kontratak bide-garbiketan bildutakoa % 14,55 jaitsi da.

¿Te ha sido útil esta página?