Buztintxuri eta Sanduzelai zinema-areto bihurtuko dira abuztuaren 14an eta 16an ‘Zinema-gauak’ udako jardueren udal-programan aurreikusitako emanaldiei esker. 22:00etan, Buztintxuriko pasealekuan eta Gortari Doktorearen plazan proiektatuko dira ‘Los tipos malos’ (2022, AEB, 100’) eta ‘Ainbo. Amazoniako gerlaria’ euskarazko filma (2021, Peru, 84’).
Abuztuaren 14an, astelehenarekin, zikloak bere erdialdea joko du Buztintxurin, bertan izanen dira Otso jauna, Suge jauna, Piraña jauna, Marrazo jauna eta Tarantula andrea, jende orori zuzendutako eta Aaron Blabek idatzitako haurrendako liburu-sailean oinarritutako animazio-filmaren protagonistak. Dreamworks Animation enpresak ekoitzita. Diru-zorroak lapurtu eta kutxa gotorrak lehertzen dituzten, mozorroetan adituak diren eta hackerrak diren animaliek osatutako kriminal-talde bat bere eginkizun zailenean sartzeko prest dago: ongi portatzea.
Abuztuaren 15ean (jaieguna) atseden hartu ondoren, abuztuaren 16ko gauean honako hau izanen da proposamena: ‘Ainbo. Amazoniako gerlaria’, Peruko animazio-filma, Estatu Batuetako eta Herbeheretako entitateekin batera ekoitzita. Ainbo Amazonian bizi den neskato arkularia da. Ama galdu eta bere herrixkako helduekin borrokatu ondoren, bere herria salbatzeko bidaia bati ekinen dio bi animaliaz lagunduta, armadilo bat eta tapir bat. Filmak Animazioko Film Onenari emandako saria jaso zuen Iberoamerikako Zinemaren Platino Sarien bederatzigarren edizioan. Filma euskaraz emanen da.
ZINEMA-GAUAK (2023)
Abuztuak 14, astelehena
• Los tipos malos (2022, AEB, 100’)
• Buztintxuriko pasealekua
Abuztuak 16, asteazkena
• Ainbo. Amazoniako gerlaria. Euskaraz (2021, Peru, 84’)
• Gortari Doktorearen plaza