Hogei bat ikaslek osatzen dute Iruñeko Soldadurako lantegi-eskola, non bat egiten baitute prestakuntzak, gizarteratzeak zein laneratzeak eta lankidetzak udal-lanetan

Hogei bat ikaslek osatzen dute Iruñeko Soldadurako lantegi-eskola, non bat egiten baitute prestakuntzak, gizarteratzeak zein laneratzeak eta lankidetzak udal-lanetan
Haien azken lanetako bat izan da gordelekuak sortzea, udal-aterpean gaua pasatzen dutenek beren maskotak bertan utz ditzaten

 

Iruñeko Udalaren Soldadurako lantegi-eskolak, zaurgarritasun sozialeko gazte langabetuen prestakuntza bultzatzeko Udalak eskaintzen dituen sei espezialitateetako batek, egun hogei ikasle ditu, zeinak prestatzearekin batera Udalak egin behar dituen lanetan aritzen baitira. Zeregin horien artean aipatzekoak dira une honetan hiriburuko zenbait kaletan instalaturik dauden hiri-altzariak, edo unean uneko enkarguak, duela egun gutxi egindakoa kasu, non ikasleek gordelekuak eraiki zituzten, osasun-murrizketengatik Jesús eta María udal-aterpean gaua pasatu behar dutenek beren maskotak bakarrik utz ez ditzaten.
 

Lantegi-eskolako ikasleek prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratu bat egiten dute Udalarekin, trukean soldata bat jasota, eta prestakuntza jasotzearekin batera Udalaren enkarguak betetzen dituzte hiriko zenbait alderdi hobetzeko. Udal-aterpearen erabiltzaileen maskotei babeslekua emateko egitura metalikoak eraiki ondoren, orain izuaren kontrako hesiak egiten ari dira, Udaltzaingoak sortutako prototipoetatik abiatuta, edo baranda eta hesi metalikoak, Udaleko Hiri Kontserbazioko arduradunek atzematen dituzten hirigintza-beharrei aurre egiteko.
 

Soldadurako lantegi-eskolako ikasturte bakoitzak urte eta erditik bi urtera bitarte irauten du. Orain indarrean den edizioa 2019ko azaroan hasi zen, eta heldu den urteko urrian bukatuko da. Behin deialdi bakoitza amaitutakoan, eta Nafar Lansareak dirulaguntza berriak abiatzen dituenean, izena emateko epe berria hasten da. Lantegi-eskolak berak hautatzen ditu ikasleak, gizarte-irizpideak kontuan hartuta eta zaurgarritasun bereziko profilak baloraturik. Lehen unean hautatuak izan ez direnak itxarote-zerrendan gera daitezke, eta baja bat gertatzen denean zerrenda hori erabiltzen da hura betetzeko.
 

Prestakuntza profesional eta pertsonala laneratzea errazteko
 

Lantegi-eskolak Iruñeko Udalaren Gizarte Zerbitzuetako Alorraren baliabide bat dira, eta prestakuntza bidez laguntza ematen diete laneratze-arazoak dituzten gazte langabeei (16-30 urte). Lantegi-eskolaren berezko prestakuntzari gehitu behar zaizkio lan munduan sartzeko ezinbestekoak diren gizarte-trebetasunetarako prestakuntza, lan-arriskuekin zerikusia dutenak, eskorgen erabilera edo ikasleek hautatu duten lan-diziplinako beste zenbait.
 

Lantegi-eskolako ikasleek profesionaltasun-ziurtagiri bat jasotzen dute prestakuntza amaitutakoan, eta zentroak eskaintzen dizkien lan-irtenbideak baliatu ditzakete, sektoreko enpresekin dituen kontaktuei esker, hala nola Volkswagen Nafarroa, Mapsa, Transformación y ensamblajes Esgrén, edo Construcciones metálicas Larumberekin.
 

Sei espezialitate Iruñeko bi lantegi-eskoletan
 

Iruñeko Udalak lantegi-eskoletako bi ikastetxe ditu. Arantzadiko ikastetxeak soldadurako espezialitatea ematen du Maiteminduen pasealekuko instalazioetan, eta lorezaintza, agroekologia eta ingurumenaren kontserbazioko espezialitatea, Irujoenean, Arantzadiko Ingurunean. Gainerako espezialitateak Udalak Landabenen dituen lantegi-eskoletan ematen dira. Honako hauek dira: igeltserotza-lanak energia-birgaitzeetan, biltegirako eta harria lantzeko jarduera osagarriak, altzariak muntatzea eta egurra eraldatzea eta zerbitzu anitzeko mantentze-lanak.

¿Te ha sido útil esta página?