‘Natura sentitzea’, Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako lantaldearen proposamena, dagoeneko Haur eta Lehen Hezkuntzako hogei bat ikasle-taldera heldu da. Ekimen honen asmoa da pandemiak eragindako murrizketei eta edukiera mugatuei aurre egitea, irakaskuntza eskolatik gertu dagoen gune natural batera eramanez. Lehen asteetan, ekimen hau dagoeneko hiriburuko parke eta lorategi publikoetan egin da, hala nola Trinitariosen, Alemanesen edo Gaztelugibelen.
Jarduera honen xede da haurren naturarekiko loturak sendotzea eta hiriko berdeguneen garrantzia azpimarratzea. Ildo berean, prestakuntza-proposamenean parte hartzen duten ikasleen ongizate fisikoa, psikologikoa eta soziala sustatu nahi da. Dinamiken eta jolasen bidez, haurrak zentzumen guztiekin murgilduko dira bere auzoko parkearen bizitzan, nolakoa den ohartuko dira, nor bizi den han eta zeinen ongi pasa eta zenbat ikas dezaketen bertan.
Iruñeak eskaintzen digun hiri-egiturak posible egiten du ikastetxe bakoitzetik metro gutxira jarduera mota horiek garatzeko berdegune egokia aurkitzea. Hartara, ikasgeletatik minutu gutxi batzuetara, ikasleak ‘Natura sentitzea’ programaren jardueretara bertaratu dira honako guneetan: Takoneran, Antzara plazan, Gaztelugibelen, Trinitarios ibilbidearen inguruan, Alemaneseko eta Iruñeko Orfeoiaren parkeetan.
Adin-multzo bakoitzera egokitutako jardueren proposamena
Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako lantaldeak diseinatutako jarduerak parte-hartzaileen adinaren arabera aldatzen dira. Hortaz, ‘gure lorategiaz jabetzen’ lelopean, Haur Hezkuntzako ikasleek naturan ipuin baten elementuak bilatuko dituzte, eta berdeguneak eskaintzen dituen kolore eta testurekin jolasean aritzen ahalko dira.
Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik hirugarrenerako haurrei lorategi bat eta baso gazte bat ea errealitate bera diren galdetuko zaie. Berdegunea osatzen duten elementuak ikertzera jolastuko dira horien irudimena aska dezaketen. Azkenik, Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleek ‘Eskolatik gertu’ jarduera eginen dute, eta horrekin, jolas eta dinamiken bitartez, gunea beste era batean bizitzeko modua helaraziko zaie, gero zenbait galderei erantzun ahal izateko, hala nola, nor bizi da han? zer papera betetzen du du gugan? Eta gainerako herritarrengan?
Jarduerak asteartetik ostegunera egiten ari dira, goizez, 09:00etatik 13:00etara, urrian eta azaroan zehar. Proposamen bakoitzak aldez aurreko jarduera bat dauka eta ondorengo beste bat, ikasleek irakaslearekin batera ikasgelan egin ahalko dituztenak. Halaber, jarduera guztiak eskuragarri egonen dira abendutik aurrera Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako webgunean, ikastetxeak edo familiek bere kabuz egin ahal ditzaten teknikarien laguntzarik gabe.