Hiru saiok osatzen dute jendaurrean irakurtzeko euskaraz idazteko lantegia, Euskal Idazleen Elkarteak –Iruñeko Udalaren laguntzarekin– Kondestablen irailaren 28an eta urriaren 5ean eta 19an egiteko antolatu duena. Izen-emateak doakoak dira eta 010 – 948 420 100 telefonoetan egin daitezke. Guztira 15 leku eskaintzen dira lantegiak dituen hiru saioetan parte hartzeko. Azken saioan, jende orori irekitako errezitaldia eginen da, eta ikastaroan landutako testuak errezitatuko dira.
Hitzen Mintegia 2024 izeneko ikastaro honen helburu nagusia da baliabideak eskaintzea egile berriek euskarazko literatura sor dezaten sustatzeko, baita idazleak elkar ezagutu eta prozesu eta dinamika horien jabe egiteko ere. Literaturarekin jolastu eta testuak argitaratzeko beste modu bat landuko da, haien ahotik, haiek kontatutakotik, kontatu edo errezitatzearen bidez publikoaren belarrietara bidea egin dezan. Saioak hiru larunbatetan eginen dira, goizez, 10:00etatik 13:30era. 16 urtetik gorako euskaldunendako da ikastaroa.
Lehenengo saioa irailaren 28an eginen da, eta idazketa landuko da. Oier Guillan dramaturgo, idazle eta kazetariak emanen du, eta agertoki batean jendaurrean errezitatzeko testuak nola idatzi azalduko du. Astebete beranduago, urriaren 5ean, irakurketa saioa eginen dute Mikel Ayllon dramaturgo, idazle, itzultzaile eta Arte Garaikideko doktoregaiak gidatuta. Hitzei ahotsa eta gorputza emateko jarraibideak emanen dira. Azkenik, urriaren 19an, Mikel Ayllonek eta Igor Arzuaga musikariak saio bat eginen dute ikasitakoa praktikan jartzeko. Azken saio horrek bi zati izanen ditu: entsegu bat 10:00etan eta zuzeneko emanaldi bat, 12:30ean, Kondestablen.
IRAKASLEEN CURRICULUMA
- Mikel Ayllon (Laudio, 1980). Dramaturgoa, idazlea, itzultzailea eta doktoregaia Arte Garaikidean. Hainbat liburu argitaratu ditu (besteak beste Ez tiro egin anbulantziei, Zoriontsuak izatea aukeratu genuen edo Hau ez da gerra bat) eta hainbat sari jaso haiekin (Igartza edo Donostia Kutxa Literatura Saria). Piszifaktoria Ideien Laborategiko kidea da eta antzerki-talde horren antzezlanak sortu eta zuzentzeaz arduratzen da.
- Oier Guillan (Donostia, 1975). Dramaturgoa, idazlea eta kazetaria. Poesia-, nobela- eta antzerki-liburuak argitaratu ditu (besteak beste VHS, Zauri Bolodia, Mr. Señora edo Elkartasun Basatia). Errenteriako Mikelazulo kultur taldeko kidea izan zen eta 2008tik Metrokoadroka Sormen Laborategiko kidea da. Hainbat lan sortu ditu haiekin, hala nola Zeozertan dabil baina ez dakit zertan edo Artxibo biluzia.