Iruñeko Udalak ostiralean irekiko du ‘Hitzen mintegia’ izenburupean bildu diren hiru literatur lantegietan izena emateko epea. Proposamen honen bidez 16 urtetik gorako idazleendako esperientziak trukatzeko topagune bat bultzatu nahi da euskarazko literatur sorkuntza bultzatzeko. Lantegiak urriaren 28an eta azaroaren 11n eta 25ean eginen dira, larunbatez, Kondestable Civivoxean, goizeko 10:00etatik 13:30era, eta izena emateko 010 – 948 420 100 telefonora deitu behar da.
Hiru saio horiek doakoak eta independenteak dira; bakoitzean 15 lagunendako lekua izanen da gehienez, eta interesa duten pertsonek saio batera, bitara edo hiruetara joateko eman dezakete izena. Literatur testuak lantzeko baliabideak, idazketa irakurketatik abiatuta eta poesia eta sormena lantzea izanen dira landuko diren gaiak, hiru profesional hauen eskutik: Nerea Loiola, Patxi Zubizarreta eta Aritz Gorrotxategi.
Lehenengo lantegian, Literatur testuak lantzeko baliabideak izenekoan, urriaren 28an (larunbata), testuak egiteko eta hobetzeko hainbat teknika landuko dira. Nerea Loiola idazlea arduratuko da lantegia gidatzeaz. Idazlea ingeniaritza mekanikoko lizentziaduna eta bigarren hezkuntzako irakaslea da, baina gaur egun idaztea lanbide bihurtu du, eta narratibaz gain iritzi-zutabeak egiten ditu, komikiaren munduan ere lan batzuk eginez.
Bigarren lantegian, Idazketa irakurketatik abiatuta izenekoan, azaroaren 11n (larunbata), testu iradokitzaile eta inspiratzaileak aztertuko dira, testu berriak sortzera gonbidatzen dutenak. Patxi Zubizarreta filologo eta itzultzaileak gidatuko du lantegia eta bere ibilbidearen zati baten berri emanen du, genero eta adin ezberdinetan lortutako literatur sariak eta musika proiektuetan egindako kolaborazioak barne hartzen dituena.
Poesia eta sormena lantzen lantegiak itxiko du zikloa, azaroaren 25ean (larunbata), Aritz Gorrotxategi idazlearen eskutik. Saioaren helburua modalitate hori gertutik ezagutzea eta forma artistiko horri beldurra galtzeko gakoak lantzea da. Gorrotxategik poesian oinarritu du bere azken urteetako ekoizpena, nahiz eta gidoilari, zutabegile, irakasle eta itzultzaile gisa ere lan egiten duen.
Egile berriendako lehiaketa
Urriaren 27an, ostiralarekin, amaituko da egile berriendako euskarazko XXXIII. Literatur Lehiaketara lanak aurkezteko epea, poesia eta narrazio modalitateetan. Lehiaketa egile nafarrei edo Nafarroan bizi diren egileei zuzendua dago, eta argitaratu gabeko lan bakarra aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzean. Egile berrien lehiaketa denez, ezin izanen dira aurkeztu bakarka literatura-liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileak, ezta aurreko bi edizioetan lehen saria irabazi dutenak ere.
Lehiaketa honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero edo edozein modalitatetan izena eman nahi izanez gero, kontsultatu www.irunakulturada.eus eta www.pamplonaescultura.es webguneak.
‘HITZEN MINTEGIA’
16 urtetik gorako euskaldunei zuzendua
- Hiru saio, doan, larunbatetan. Ordutegia: 10:00 – 13:30
Urriak 28, larunbata: Literatur testuak lantzeko baliabideak
- Nerea Loiolak gidatuta
Azaroak 11, larunbata: Idazketa irakurketatik abiatuta
- Patxi Zubizarretak gidatuta
Azaroak 25, larunbata: Poesia eta sormena lantzen
- Aritz Gorrotxategik gidatuta