
Emozioen kudeaketa, identifikatu, bizitu hitzaldiak amaiera emanen dio, astelehenean, Emozioak era adimentsuan kudeatzen ikasi zikloari. Lau topaketetan emozio nagusiak eta horiek kudeatzeko tresnak aztertu dira, bai harreman pertsonaletan eta profesionaletan, bai egoera gogorretan. Azken hitzordu hau 19:30ean izanen da Juslarrocha Civivoxean, eta, besteetan bezala, Unax Flores psikologoa izanen da hizlari. Sarrera librea da, baina aurretik gonbidapena hartu behar da, Civivoxean bertan.
Euskaraz goitik behera izanen den hitzaldi honetan, emozioak bizi eta adierazi beharra azpimarratuko da, hala positiboak nola negatiboak. Beldurra, tristezia, amorrua eta poza funtsezkoak dira bizitzan; bizitza zirraragarria izateko, ez dira estali behar, baina haiek kudeatzen jakin beharra dago, egunerokoan eragin ez dezaten. Premisa hori izanen du hitzaldiak ardatz, Unax Flores ezagutza- eta jokaera-psikologian eta terapia humanistan adituaren eskutik.
Hitzaldi-zikloan zehar, Flores saiatu da tresnak eta baliabideak eskaintzen, emozioak identifikatzen eta ezagutzen irakasteko eta, areago, bizitzako egoeretan egoki kudeatzen, inpultsibotasuna, sumindura eta frustrazioa ekidinez.
- Emozioen kudeaketa, identifikatu, bizitu
- Azaroak 11, astelehena.
- Juslarrocha Civivoxa. 19:30ean
- Sarrera doan, gonbidapena aurretik hartuta