Iruñeko Udaleko zerbitzuek 420 m3 hosto inguru biltzen dituzte egunero bide eta espaloietatik. Landare-hondakin horiek, eskuz erraztatutako hondakinekin nahasten ez direnean, Miluzeko mintegietara eramaten dira konpost bihurtzeko, eta, horrela, baliabideak berriz aprobetxatzeko zikloa osatzeko. Hori lortzeko, Garbiketa- eta Lorategi-Zerbitzuek beren baliabideak berrantolatu behar izaten dituzte, eroritako hostoen bilketa ere eguneroko zereginen artean sartzeko.
Zuhaitzen denboraldi begetatiboa aldakorra da, udazken-negu sasoiko tenperaturaren eta argiaren araberakoa baita neurri handi batean, normalean urria eta abendua bitartean gertatzen bada ere. Hala ere, 2023an hostoaren erorketa atzeratu egin da, azken urteetako joerari eutsiz. Hostoen erorketaren abiadura ere zuhaitz-espeziearen araberakoa izan ohi da, batzuek beste batzuek baino iraunkorragoak baitira baldintza klimatikoen aurrean. Zuhaitzen erroldaren arabera 65.000 zuhaitz baino gehiago daude hirian, horietako batzuk bereziak.
Udazkeneko hostoak kentzea Bide Garbiketa Zerbitzuaren eta Lorategi Zerbitzuaren eskumena da. Zehazki, Garbiketa Zerbitzuko 102 langilek, hiru txandatan banatuta, egunero ekiten diote hostoak kentzeko lanari. Espaloietan areago jarduten dira, oinezkoen irristadak saihesteko, baina baita bideetan ere, batez ere bidegorrietan, zirkulazioaren segurtasunaren alde. Egiten duten lanak hustubideetan buxadurak gutxitzen ere laguntzen du.
Udaleko ikuskatzaileek egunero berrikusten dituzte hiriko eremuak, eta zer baliabide beharko diren kalkulatzen dute. Ondoren, garbiketa-brigadak joaten dira, erratz-makinekin, hosto-haizagailu eta arrasteluekin, eta hosto-meta handiak egiten dituzte. Hosto horiek Trinitariosko trinkogailura edo isurketa-kutxetara eramaten dira ondoren, eta hostoak eskuz kentzen direnean, edukiontzietara. Udalak parkeetan eta berdeguneetan erortzen diren hostoak denbora gehiagoz uzten ditu lurrean, egunerokoan eragin txikiagoa dutelako, eta, gainera, urte-sasoiaren erakusgarri ere badirelako.
Duela hamarkada bat baino gehiago, Udala espazio publikotik kendutako landare-materialari ahalik eta probetxu handiena ateratzeko protokolo bat ezartzen hasi zen. Hondakina baliabide bihurtzeko prozesu hori araztuz joan da, eta, konpostaren kantitatea eta kalitatea handitzen joan dira. Behin material hori baliabide bihurtuta, ekarpen organikoa egiteko erabiltzen da, lurraren osaera eta egitura hobetzeko; lur hori lore bizikor edo lore-landareen parterretan birjatzen da, edo mintegian bertan aleak ugaltzeko erabiltzen da, bai eta unean-unean zehaztutako beste helburu batzuetarako ere.