Ostalaritza-establezimenduetako hiru terrazatik bik ez dute indarreko araudia betetzen. Hori ondorioztatzen da Udaltzaingoak sanferminetan egin dituen ikuskapenetatik. Guztira, 65 ikuskapen izan dira. 21 terrazak bakarrik betetzen zuten indarrean dagoen araudia. % 32. Gainerako kasuetan, udaltzainek irregulartasun batzuk egiaztatu zituzten
Kasu gehienetan, arau-hausteak altzari gehiegi eta gainazalaren gehiegizko okupazioagatik izan ziren. Hori egiaztatu da 37 ikuskapenetan, aztertutako kasuen % 56,92an. Beste % 13,85ek araudia urratzen zuten, bidea erabat okupatzen baitzuten, oinezkoak ibiltzeko lekurik utzi gabe. Guztira, 9 establezimenduk. Bestalde, beste seik (% 9,23) ez zuten terrazak jartzeko baimenik. Oraingoz, Udaltzaingoak bi salaketa jarri ditu arrazoi horregatik.
Gainera, sanferminetako egun hauetan, guztira, 62 salaketa jarri dira Gizalegeari buruzko Udal Ordenantza ez betetzeagatik. Gehienak kalean txiza egin, txistua bota edo zaborra eta beira botatzeagatik izan dira. Guztira 41 salaketa jarri dira arrazoi horrengatik, hau da, salaketa guztien % 66,12. Urrutitik, salmenta ibiltariak jarraitzen dio, 10 salaketarekin, batez ere, hilaren 9an erregistratuak. Hiru establezimendu ere salatu dira lizentziarik gabe jarduteagatik, guztiak hilaren 3an.
Bestalde, atzo, etxebizitza partikular batean izan omen zen intentsitate handiko sexu-eraso baten salaketa egin dela jakinarazi da. Ikertzen ari dira. Horrez gain, emakumeen sexu-askatasunaren kontrako bi indarkeria kasuren berri eman da; biak intentsitate apalekoak izan dira, ukituengatik, eta pertsona bat atxilotu da.
Gertakaria entzierroan
Gaur, larunbatarekin, atzerapen txiki batekin hasi da entzierroa, San Domingoko aldapan izandako gertakari batengatik. Lasterketa hasi baino hiru minutu lehenago, 35. zenbakiaren parean, hirugarren solairuko balkoi bateko lauzaren zati bat askatu da. Harri-morroiloa entzierroaren zain zegoen gizon baten gainera erori da, eta sorbaldan zauri arin bat eragin dio. Aurreikusi ezin den gertakaria da, eraikinaren liburuak, higiezinaren ezaugarriak eta egoera jasotzen dituenak, ez baitzuen akatsik jasotzen eremu horretan. Lasterketan zehar segurtasuna bermatu ondoren, entzierroari hasiera eman zaio, eta, ondoren, suhiltzaileek elementu solteak eta harri-morroiloak kendu eta ingurua hesitu dute.
Lasterketari dagokionez, Udaltzaingoak bi pertsona salatu ditu jaietan Entzierroaren Ordenantza ez betetzeagatik. Bi salaketak hilaren 7an izan ziren, abereak ukitzeagatik edo haien arreta erakartzeagatik.
Jarduera gehiago bertan behera geratu dira larunbatean alerta laranjaren ondorioz
Eguraldi txarrak jarraitzen du gaur, eta aldaketak eragin ditu sanferminetako egitarau ofizialean. AEMETek atzo ezarri zuen alerta laranjak bere horretan jarraituko du larunbatean ere; hortaz, Udalak erabaki du bertan behera uztea goizeko ordutegian aire zabalean egin behar ziren jardueretako batzuk, hala nola Hauek Festak Hauek!, Birjolastu, Kirolari Sport Kids, Milagrosako festa-bermuta eta Sarasate pasealekuko jota jaialdia. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa ere ez da atera gaur goizean hiriko kaleetan barna. Gaurko aurreikusita dagoen eta botatzen duen euriaren arabera, Batzorde instituzionalak jarduerak koordinatzen eta erabakiak hartzen jarraituko du. Arratsalderako aurreikuspenek eguraldiak hobera eginen duela diote.
AEMETek alerta laranja aktibatu zuen ostiraleko arratsalde eta gauerako, eta, ondorioz, bertan behera geratu ziren arratsaldeko jarduerak Hauek Festak Hauek!, Birjolastu, Kirolari Sport Kids eta Gazteendako eremuan. Horrez gain, Sarasate pasealekuan egitekoa zen dantza-emanaldia ere bertan behera geratu zen. Erakundeen arteko batzorde bat alerta meteorologiko horren bilakaerari adi egon zen, eta arratsalde erdian jaien programazioarekin jarraitzeko erabakia hartu zuen, une bakoitzean eguraldiaren iragarpenak baloratuz.
Euria 21:00ak pasata iritsi zen, eta, ondorioz, zezensuzkoa eta 23:30ean Antoniutti parkean egitekoa zen berbena bertan behera geratu ziren. Dantzaldi hori, Kapitana orkestrarekin, uztailaren 14ra (astelehena) atzeratu da, 20:00etan. Euriaren bilakaerak ez zuen gorabehera gehiagorik eragin programazioan. Su artifizialen bilduma jaurti ahal izan zen, eta gauerako aurreikusitako kontzertuak egin ziren hainbat gunetan, inolako arazorik gabe.