Iruñeko Udalaren eta Nafar Ateneoaren udazkeneko kultur proposamenak euskarazko hiru poesia-errezitaldi izanen ditu, zuzeneko musikaz lagunduta, urrian, azaroan eta abenduan. Hiru jarduerak Kondestablearen Jauregiko areto nagusian eginen dira, 19:30ean, eta sarrera doakoa izanen da leku guztiak bete arte.
Ostegunean hasiko da zikloa Arkanbele Kantak: hitza, musika eta irudia lanarekin; Mikel Tabernak, Arkanbele Kantak liburuaren egileak, poema-sorta bat errezitatuko du, Joseba Irazokik gitarraz inprobisatzen duen bitartean. Emanaldia osatzeko, Oier Fuentes Katubik ekitaldirako espresuki prestatutako irudiak proiektatuko dira.
Hiru interpreteek esperientzia luzea dute kultura-arloan. Mikel Taberna idazle eta itzultzaile lesakarrak 2021ean argitaratu zituen Arkanbele Kantak liburuko poemak, eta hainbat sari irabazi ditu ipuingile eta poeta gisa. Joseba Irazoki musikari beratarrak hogei bat disko argitaratu ditu eta kolaborazioak egin izan ditu talde batzuekin, bai eta beste musikari batzuen kanten bertsioak ere. Oier Fuentes telekomunikazioetako ingeniaria da, ikus-entzunezkoetan espezializatua, eta fikzioaren eta dokumentalen muntaketan eta postprodukzioan aritzen da.
Programazioaren bigarren proposamena azaroaren 14an eginen da, asteartearekin, Alaska izenburupean. Bide ertzean dagoen hotel abandonatu baten izena da Alaska. Castillo Suarez poetak emanen die ahotsa bertsoei, Juantxo Zeberio pianista, moldatzaile eta konpositoreak lagunduta. Abenduaren 12an, asteartearekin, itxiko da zikloa, Etxe bat, etxeko guneei buruzko lanarekin, Yolanda Arrieta idazlearen eta Peru Galbete abeslari, pianista eta konpositorearen eskutik.
ZUZENEKO HIRU POESIA-ERREZITALDI. KONDESTABLEAREN JAUREGIA. 19:30
Urriak 26, osteguna: Arkanbele Kantak: hitza, musika eta irudia
o Interpreteak: Mikel Taberna (testua eta ahotsa), Joseba Irazoki (gitarra eta ahotsa), Oier Fuentes (irudiak)
Azaroak 14, asteartea: Alaska
o Interpreteak: Castillo Suarez (testua eta ahotsa), Juantxo Zeberio (jatorrizko musika eta pianoa)
Abenduak 12, asteartea: Etxe Bat
o Interpreteak: Yolanda Arrieta (testua eta ahotsa), Peru Galbete (musika eta instrumentuak)