Mendebaldeko Saheleko gatazkari buruzko Hiru mugak argazki-erakusketa Kondestablearen jauregian izanen da ikusgai, 2024ko azaroaren 8tik 2025eko urtarrilaren 11 arte. 2019tik 2021era bitartean Mali, Burkina Faso eta Niger arteko mugetan gertatutako suntsidura 65 argazki eta azalpen-testuren bidez jaso dute. Argazki eta azalpen-testuek gatazkak eta klima-aldaketak 30.000 hildako baino gehiago eta milioika desplazatu dituen eremuan izandako ondorioak erakusten dituzte. Erakusketa 1. eta 2. aretoetan egonen da ikusgai, lehen solairuan.
Erakusketa hauek aurkeztu dute: Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak, Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko eta Europar Proiekzioko zinegotziak, Inés Jiménez Muro Nafarroako Gobernuko Gizarte Babeserako eta Garapenaren aldeko Lankidetzarako zuzendari nagusiak, Sara Aldaba Afrika behar-beharrezkoa zikloaren ordezkari eta SED (Elkartasuna/Hezkuntza/Garapena) elkarteko kideak, Juan Luis Rod fotokazetari eta erakusketaren komisarioak, eta José Naranjo kazetari eta erakusketaren komisarioak.
Erakusketa Afrika behar-beharrezkoa zikloak programatutako jarduera-multzoaren barruan dago. Zikloa Bakerako Lankidetza Batzarreak, Felipe Rinaldi fundazioak, Medicus Mundik, Ojos del Mundo fundazioak, Oxfam Intermonek, Proclade Yanapayk, SEDek (Elkartasuna/Hezkuntza/Garapena) eta TAU fundazioak antolatu dute. Haiekin elkarlanean aritu dira Flor de África elkartea eta Nafarroako Ateneoa, eta Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak finantzatu dute.
Argazki-erakusketak Hiru mugak izeneko eskualdea du ardatz. Eskualde horretan 2012an gertatu zen altxamendu jihadistak, miseriarekin eta eskualdeko gobernuen ahultasunarekin batera, armaden eta mertzenarioen muturreko indarkeria eragin zuen, batez ere, biztanleria zibilaren aurka. Erakusketaren egileek eta komisarioek Burkina Fasoko iparraldera, Maliko erdigunera eta Nigerreko mendebaldera bidaiatu zuten, han pairatu duten giza eskubideen eta askatasunen atzerakadaren berri emateko.
Irudiek kolore bizian erakusten dute herritarren egunerokotasuna. Markoztatutako argazkiak daude, oihalez inprimatuak, paperean inprimatuak markoztatu gabe, mapak eta biniloak, baita instalazioak, bideoak eta proiekzioak ere. Gaur arratsaldean, 19.00etan, doako bisita gidatu bat eginen da erakusketara, Juan Luis Rod eta José Naranjo komisarioen eskutik. Erakusketa astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara bisitatzen ahal da.
Gainera, erakusketaren inguruan hainbat jarduera prestatu dira, hala nola Historias con voz de mujer contadas desde África (Afrikatik kontatutako istorioak emakumeen ahotsez) irakurketa-kluba. Iturramako Civivoxean asteartean, azaroak 12, arratsaldeko 18:00etan eginen den saiorako izen-emateak irekita daude.
Jorratuko den lana Mozambikeko Lília Mompléren Neighbours (Bizilagunak) da. Afrika australean hegemonia zuria mantentzeko saiakerak jorratzen ditu, eta Portugalgo kolonizazioa independentziaren aurkako erresistentziarekin eta Hegoafrikak gidatutako gerra zikinarekin lotzen du.
HIRU MUGAK
Kondestable Civivoxa. 1. eta 2. aretoak (lehen solairua)
- 2024ko azaroaren 8tik 2025eko urtarrilaren 11ra
- Komisarioak: José Naranjo eta Juan Luis Rod
- Bisita-ordutegia: astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara