Hiru dokumental izanen dira protagonista Udalak Nafar Ateneoarekin elkarlanean egiten duen euskarazko kultur programazioan otsailean eta martxoan

Hiru dokumental izanen dira protagonista Udalak Nafar Ateneoarekin elkarlanean egiten duen euskarazko kultur programazioan otsailean eta martxoan
Kondestable Civivoxean eginen dira ‘Dardara’, ‘Ainarak’ eta ‘Loreak belaunetan, kulturaren zazpi ahots gazte’ dokumentalen proiekzioak eta sarrera doan izanen da
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin elkarlanean egiten duen kultur-proposamenak euskarazko hiru proiekzio barne hartuko ditu otsailean eta martxoan. Kondestable Civivoxeko ekitaldi-aretoan, 19:30ean, eginen dira hiru saioak, eta sarrera doan izanen da leku guztiak bete arte. Lehenengo hitzordua otsailaren 14an, asteartea, izanen da, Marina Lameiroren ‘Dardara’ dokumentalarekin; ondoren, martxoaren 15ean Juan San Martín eta Ritxi Lizarzaren ‘Ainarak’ proiektatuko da, eta martxoaren 28an, Amagoia Gurrutxagaren ‘Loreak belaunetan, kulturaren zazpi ahots gazte’.

Lehenengo proiekzioa, Marina Lameiro zuzendari iruindarraren ‘Dardara’ dokumentala, Hiruki Filmak ekoiztetxearena, otsailaren 14an (asteartea) eginen da. Filma Berri Txarrak musika-taldearen agur-biran grabatu zen. Dokumentalak Gorka Urbizuren letrak eta gogoetak ditu ardatz. Urte askoan taldeko abestien egilea izan zenak, orain, idazteke dagoen etorkizun sortzaile baten bertigoari egin behar dio aurre. Lanak musikaren boterea eta pasioa –hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori, beren letretako batek dioen bezala– ditu ardatz; izan ere, hari esker lortu dute milaka pertsonen bizitzen parte izatea. 

Gorka Urbizuk aurkeztuko du dokumentala eta bertaratutakoekin solasaldi bat izanen du. Lekunberriko musikaria Berri Txarrak taldearen sortzaileetako bat izan zen 1994an Aitor Goikoetxearekin batera. Abeslari, kanta-idazle eta gitarra-jotzaile izaten jarraitu zuen taldearen ibilbidea 2019an amaitu zen arte.

Beste bi hitzordu martxoan
Martxoaren 15ean Juan San Martínen eta Ritxi Lizartzaren ‘Ainarak’ (Enarak) dokumentalaren txanda izanen da. Dokumental horrek, Anne Etchegoyenen eskutik, izenburuak aipatzen dituen enara horiek nor ziren ezagutzeko bidea egiten du. XIX. mende amaierako eta XX. mendeko lehen hereneko bi Europa oso ezberdin elkartzen zituen bideak, arrazoi ekonomikoen ondoriozko urte-sasoiko genero-migrazio masibo horrek. 
Salazar, Erronkari, Anso eta Echo ibarretako milaka emakumek beren familiak atzean utzi eta Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten Maulera (Zuberoa) heldu arte, eta bertan alpargata fabriketan lan egiten zuten diru pixka bat irabazteko. Bideari urriaren 7an ekiten zioten, Errosario egunean, eta ez ziren itzultzen udaberriko elurrak amaitu arte. Urtaroko bidaiaren ezaugarriek berek eta denak beltzez jantzita joateak ‘Enarak/Ainarak’ izenez ezagunak izatea eragin zuen.

Dokumentalaren emanaldiaren ondoren, Anne Etchegoienek (filmaren protagonista, abeslari eta filmaren soinu-bandaren sortzaileak) kontzertu motz bat eta hitzaldi bat eskainiko ditu.

Dokumentala ondarea berreskuratzeko proiektu zabalago baten parte da, ‘Ainarak’ transmedia proiektua ardatz duena eta ainarak.eus webdocean bilduta dagoena. Dokumentala 2020ko urritik 2021eko ekaina bitarte filmatu zen Nafarroan, Aragoan eta Zuberoan, eta toki ikusgarriak agertzen dira, hala nola Erronkari, Anso eta Hecho ibarrak, Bortziriak, Santa Engrazia, Maule-Lextarre, Donapaleu, Burgi, Erronkari, Izaba, Urzainki, Ezkaroz, Otsagi, Jaurrieta, Luesia, Juslibol, Bidangoze, Zaragoza eta Iruña.

Hirugarren hitzordua martxoaren 28an (asteartea), izanen da ‘Loreak belaunetan, kulturaren zazpi ahots gazte’ dokumentalarekin, zeinak zazpi protagonista gazteen testigantzak biltzen baititu. Beren ametsak, lorpenak eta frustrazioak kontatzen dituzte, eta, hala, kultur panoramari eta etorkizunean izanen dituzten erronkei buruzko ikuspegia sortzen dute. Amagoia Gurrutxaga zuzendariak elkarrizketak egin dizkie honako artista hauei: Oihana Arana (poeta eta bertsolaria), Amets Aranguren (musikaria), Kattalin Bárcena (artista plastikoa eta musikaria); Dom Campistron (ilustratzailea), Ekain Ibarguren (aktorea, pailazoa eta malabarista), Iker Maguregi (zinemagilea eta musikaria) eta Maddi Ane Txoperena (kazetaria, idazlea eta bertsolaria). Kondestableko proiekzioan Amagoia Gurrutxaga, Amets Aranguren eta Maddi Ane Txoperena izanen dira, dokumentala aurkeztu eta bertaratzen direnekin solasaldi bat izateko.

 

3 dokumentalen emanaldiak. Kondestable Civivoxa. 19.30ean

  • ‘Dardara’. Otsailak 14, asteartea
  • ‘Ainarak’. Martxoak 15, asteazkena
  • ‘Loreak belaunetan, kulturaren zazpi ahots gazte’. Martxoak 28, asteartea
¿Te ha sido útil esta página?