Hiru Burguen Erdi Aroko Azoka irailaren 6tik 8ra izango da, eta elikagai, artisau-lan eta bestelako produktuak eskaintzen dituzten 100 eta 120 bitarte saltoki izango ditu

Hiru Burguen Erdi Aroko Azoka irailaren 6tik 8ra izango da, eta elikagai, artisau-lan eta bestelako produktuak eskaintzen dituzten 100 eta 120 bitarte saltoki izango ditu
Ekainaren 19ra arte aurkez daitezke proposamenak, bide publikoa okupatzeko lizentzia hori eskuratze aldera

Hiru Burguen Erdi Aroko Azoka tradizionala irailaren 6, 7 eta 8an ospatuko da aurten. Iruñeko Udalak Nafarroako Kontratazio Atarian eman du argitara baldintza-agiria; izan ere, horren arabera arautzen da bide publikoa okupatzeko lizentzien emakida, bide ematen duena merkatua osatzen duten elikagai, artisau-lan eta bestelako produktuen 100-120 saltoki paratzeko. Azokak, oro har, kale hauek hartuko ditu: Mercaderes kalea, Udaletxe plaza, Kale Berria, Kontseiluko plaza, San Frantzisko plaza, Eslava kalea eta Kale Nagusia.

Interesa duten entitateek ekainaren 19ra dute proposamenak udal-erregistroetan edo legean aurreikusitako beste edozein bideren bitartez aurkezteko epea. Lizitazio honetan parte har dezakete pertsona natural eta juridikoek, baldin eta jarduteko gaitasun betearen jabe badira eta kontratatzeko ezein bazterketa-, debeku- zein bateraezintasun-ziok ukitzen ez baditu. Halaber, Jarduera Ekonomikoen Zergan alta emanda egon beharko dute, eta horren ordainketak egunean eduki; ezingo dute Iruñeko Udalarekiko zergarik eduki epe exekutiboan, eta egunean eduki beharko dituzte tributu-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak, laneko segurtasun eta osasunekoak eta lan-arriskuen prebentziokoak. Elkarrekin parte hartzen duten enpresa edo entitateen kasuan, agiri pribatu bat aurkeztu beharko dute, bertan adierazita elkarrekin parte hartzeko nahia eta bakoitzaren parte-hartzearen ehunekoa, eta ordezkari bat izendatuta. 

Merkatua honako ordutegian egongo da zabalik: ostiralean, irailak 6, arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara; eta larunbat eta igandean, irailak 7 eta 8, goizez zein arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Hiru Burguen Erdi Aroko Azoka irailaren 8an egiten da, urtero, Batasunaren Pribilegioa gogora ekartzeko. Hiriarendako intereseko jardueratzat jotzen da, egun horietan zehar Alde Zaharra animatu eta girotzen duelako. 

Saltokien esleipena egitean, honako kontzeptu hauek hartuko dira kontuan: merkatuaren egitura eta estetika, eskaintzen diren produktuak, animazio osagarria eta ohiko gizarte-irizpideak. Lehen kontzeptuari dagokionez, aintzat hartuko dira saltokien estetika, merkatuarena oro har eta artisauena, Erdi Aroko itxura izan beharko dutelarik. Produktu-eskaintzaz bezainbatean, elikadurakoak eta elikadurakoak ez direnak. Produktuen aniztasuna eta kalitatea baloratuko da, eta Nafarroako produktuak egotea ere. Merkaturako animazio osagarrian hauek kontuan hartzen dira: giro-musika; kale-antzerki zein emanaldiak; txotxongiloak eta malabarismo-ikuskizunak; antzinako ogibideen lantegi eta erakustaldiak, bertaratuek parte hartzeko modukoak; eta Erdi Aroko Taberna, San Frantzisko plazan. Azkenik, gizarte-irizpideei dagokienez, kontuan hartuko da bidezko merkataritzako produktuak saltzea edo kolektibo zaurgarrienetako langileak kontratatzeko konpromisoa.