Hirirako estrategikoak diren eztabaidetan parte-hartze gaztearen zein komunikazio digitalaren bultzada eta zerbitzu gehiago; horra Gazteriaren Etxeko etapa berrirako irizpideak

Hirirako estrategikoak diren eztabaidetan parte-hartze gaztearen zein komunikazio digitalaren bultzada eta zerbitzu gehiago; horra Gazteriaren Etxeko etapa berrirako irizpideak
Ekintzailetzarako aholkularitza sortuko da, kafetegia berrirekiko da topagune gisa eta profil espezializatuko langile-kopurua handituko da

Gazteriaren Etxeak astelehenean hasiko du ibilbide berria: Iruñean “hiria” pentsatzeko dauden foro guztietan gazteen parte-hartzea areagotzea izango da horren filosofia, aldi berean, auzoetan presentzia handiagoa ere egongo delarik, Zangoza kaleko 30eko egoitzatik kanpoko udal-eremuetan egingo diren jarduera- eta ikastaro-programazioen bidez.

Horrez gain, noranzko-aldaketa zerbitzu gehiagoz lagundurik dator: ekintzailetzarako aholkularitza berria abiatuko da, badauden lauak osatzeko, eta elkartegintza-aholkularitzako arreta-ordu gehiago egongo dira; berriro prestatu da kafetegia, aisiagune eta ekitaldiak antolatzeko gune gisa; eta komunikabide digital berriekiko apustua indartu da, teknikari-kopurua handituz, sare sozialetarako lan-prozedura bat ezarriz eta webgune malguagoa prestatuz. Hori guztia islatu nahi da irudi digital desberdin batean, logotipo-aldaketa barne, Iruñeko Udalak gazteendako dituen lan-ildoen erakusgarri; halaber, 12 eta 14 urte bitarteko fase horretan daudenei zabaldu nahi zaie arreta –saiakerak egin dira aurretik, sanferminetan besteak beste–, Komunitate Garapeneko Alorreko jarduketen xede izaten jarraituko baitira.

Goizean, Ana Goia Komunitate Garapeneko zuzendariak, Ana Parody Gazteriaren Etxeko zuzendariak eta Ana Belén Albero gazte-ekintzailetzan espezializatutako aholkularitza-zerbitzu berriaren arduradunak Gazteriaren Etxeak orain arte eskaintzen zituen zerbitzuei gehituko zaizkien ildo kontzeptualak eta zerbitzuak aurkeztu dituzte. Etapa berria abiatu da hain justu kudeaketa-kontratu berria indarrean sartzearekin batera, eta SEDENA kultur kudeaketarako enpresari eman zaio kontratu horren ardura, urteko 491.378 euroan, 2021eko martxora arte (bi aldiz luzatu daiteke).

Gazteak gogotsu, hiriaren alde
Gazteriaren Etxea 1969an abiatu zen udal-zerbitzua da. Urte hauetan guztietan zehar unean uneko instalazioetara eta eduki zein proposamenetara egokituz joan da, gazteen eskariaren arabera, hala prestakuntzan nola digitalizazioan eta bestelako alorretan. Etapa berri honetan urrats bat harago eman da; izan ere, Iruñeko gazteak hiri-eredua eztabaidagai duten partaidetza-foro guztietan egon daitezen lortu nahi da, urte gutxiren buruan eredu horren eragile helduak izango baitira.

Ideia honek aurrekariak izan ditu azken urteotan: Hiri Plan Estrategikoaren inguruko eztabaidetan gazteek izan berri duten parte-hartzea eta zenbait prozesu partizipatibo bultzatu zein hedatzeko sektore horretatik izan den ordezkaritza: sanferminetako gazte-programazioa, Haur Plana, Muntatu zure ekitaldia programa, eta abar. 

Hori horrela, asmoa da gazteak beren etorkizun kolektiboan engaiatu daitezela, beren ohiko kezka-eremuetatik ateraz, eta, horrez gain, Etxeak haiekin eta haien sektoreko elkarteekin topatzeko erronka onartzen du, horretarako ekitaldiak eta jarduerak Etxetik kanpo ateraz aldian-aldian eta auzoetara gerturatuz. Azkenik, programazio berrian bere horretan mantendu da Iruñeko Udaleko gazte-programetara sarbidea malgu egiten duen lan-ildoa, nerabetasun aurreko fasean dauden 12 eta 14 urteko gazteei gune bat ematen diena, helduen jarduera eta arduren esparruan pixkanaka sartzen joan daitezen.

Prozesu berri horiei babesa emate aldera, figura berria txertatu da kudeaketa-taldean, gizarte eta kultur animazioko teknikariarena, hain zuzen. Haren zeregin nagusiak izango dira gazteek hirian parte hartu dezaten bultzatzea eta sareak zein topalekuak sortzea Gazteriaren Etxearen eta hiriko gazte-elkarteen artean. 

Ekintzailetzari bultzada eta kontsulta-ordu gehiago
Etapa honen zerbitzu berriak jada zeudenei gehitu zaizkie. Etxeak orain arteko zerbitzuei eutsiko die: aretoen lagapena, gazteek beren ekitaldiak muntatzeko laguntza, askotariko alorretako prestakuntza –digitala barne–, zibergela eta # Iruña Gaztemaker Space. Halaber, bultzada emango zaio Gazteendako Informazio Bulegoari, eta aholkularitza-zerbitzua emango du, hala arlo juridikoan zein psikologikoan nola ikasketen eta elkarteen arloan. Bidaiategia zerbitzuaren bitartez, joan-etorriak antolatzeko laguntza emango da oraindik ere, bai eta aisia-jarduera alternatiboen eta erakusketen programak antolatu ere.

Berritasunen artean, aholkularitza berria abiatuko dela da azpimarratzekoa. Hasierako aholkularitza juridikoaren barruan, horren ezaugarriak zirela medio, gazte-elkartegintzaren esparrua bereizi zen, eta orain, gauza bera egingo da gazte-ekintzailetzari buruzko kontsultekin, aholkularitza espezializatua egongo baita horretarako, aurrez aurreko bi orduz, Ana Belén Alberoren eskutik. Aholkularitza-zerbitzu berrian informazioa, orientabideak, aholkularitza, prestakuntza eta trebakuntza eskainiko dira, ekintzailetzaz eta gizarte-berrikuntzaz bezainbatean. Zerbitzua ostiraletan egongo da erabilgarri, 12:00etatik 14:00etara. Halaber, etapa honetan Elkartegintzarako Aholkularitzaren arreta-ordua zabalduko da: orain artekoa halako hiru izango da, 2 ordutik 6ra igaroz, horrela zerbitzu horren arreta-denbora psikologia- eta ikasketa-aholkularitzek dutenekin berdinduz.

Kafetegia berriz zabalik, eta komunikazioari, bultzada berria
Lau urtez zerbitzurik eman gabe igaro eta gero, berriz egongo da erabiltzeko prest Etxeko kafetegia. Aisialdi-tartetxo baterako ostalaritza-establezimenduek ematen dituzten zerbitzu arruntez gain, gune horretan berriro antolatu ahalko dira jarduera-programa finkoak, esate baterako solasaldiak, irakurketa-klubak, formatu txikiko kontzertuak... Bertako programazioa gainerako jarduerak bezala hedatuko da, eta, hortaz, apirilaren 1etik aurrera ikastaroak, lantegiak eta bestelako jarduerak barne hartuko dituen hiru hilean behingo hedapen sistema batean sartuko da.

Baina ohiko hedapen-bideez gain, kontratu honen bidez beste teknikari bat sartuko da taldean, eta hura izango da informazioa hedatzeko lanen arduraduna (gazteriako webgunea, sare sozialak, gazte-elkarteekiko harremanak, etab.). Haren zeregina gazteen esparruan badagoen eskariari erantzutea izango da: gazteei behar dituzten kanalak eta berariazko hizkuntza ematea mundu digitalari loturiko komunikazioaz bezainbatean. Adin-tarte horietako gazteak xede dituzten profil espezializatuak bazeuden arren, webgune berria aurkeztu da, malguagoa eta eguneratu daitekeena; komunikazio-estrategia baten barruan egin da hori, zeinean, halaber, Sare sozialetarako erabilera eta estiloei buruzko gida estrategikoa diseinatu baita, eta microsite delakoak ere: Facebook, Twitter, Instagram, Whatsapp eta Telegram. Proposamen digital horretan, genero, aniztasun eta gazteen ahalduntzearen eta abarren ikuspegia txertatzea aurreikusi da, gazteen azken belaunaldien eskarietarako prest egon nahi du eta. 

Aldaketa horiekin guztiekin batera, Iruñeko Udaleko Gazteria Unitateak irudi berria landu du, egokiagoa, oraingoa 2000. urtekoa baita. Hori horrela, Iruña gaztearen irudi berria aurkeztu da prentsaurrekoan, Udalaren gazte-jarduerak identifikatuko dituzten logo berriez. 

¿Te ha sido útil esta página?