Barbazan Apezkipuaren ingurabideko kontrol-postuak, Redingo bastioia eta Kondestable jauregia musika-gune bihurtuko dira asteburuan, bertan eginen baita ‘Hiri baterako musika’ performancea. Ekimen horrek musika herritarrei hurbiltzea du xede, ondare-balio handiko gune horietara hurbiltzen diren guztiak instrumentista eta konpositore bihurtuz.
Hala, Iruñeko Udalak Farout Artistic Research entitatearekin eta Kanadako Gordon Williamson konpositorearekin elkarlanean, Antonio Agundez Leal konpositore madrildarrak 1972ko Topaketetan Sarasate pasealekurako sortutako ekintzetako bat taxutu du. Berrogeita hamar urte geroago, proposamena hiriko beste hainbat espaziotara zabaldu da eta ikusleak, berriz ere, protagonista eta arte sortzaile bihurtuko dira. José Luis Díez Iruñeko Udalaren Kulturako teknikariak, Beatriz Pomés Farout Artistic Research erakundearen sortzaile eta zuzendariak, eta, Gordon Williamson konpositoreak gaur aurkeztu dute kultura-ekimen hori, larunbatean 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta igandean 11:00etatik 14:00etara eginen den performance musikal hori.
Hala, ‘Hiri baterako musika’ herritarren eskura jartzen den instalazioa da eta Gordon Williamsonek Farout Artistic Researchen enkarguz espazio bakoitzerako sortutako partitura bat izanen du oinarri. Williamsonek Iruñeko hiru espazioetako akustiketan inspiratutako obra bat asmatu du, musika-partitura berri bat sortzeko formatu grafikoan eta entzumen-formatuan. Toki horietara bertaratzen direnek partitura interpretatzeko aukera izanen dute bertan instalatutako instrumentuekin, denak perkusiokoak, besteak beste, tamtam bat, bongoak, danborrak eta metalezko plakak eta hodiak. Ez da beharrezkoa musika ezagutzarik izatea, partitura grafikoa baita eta erraz interpretatzekoa.
Hala ere, hori gida bat besterik ez da izanen, interesdunek musika modu librean egiteko aukera izanen baitute. Herritarren eta hiriko ondare historiko-artistikoaren artean lotura berriak egiteko gonbidapen bat da, soinu-esplorazioa, parte-hartzea eta musika abangoardia baliatuz. Interpretazio horiek guztiak grabatu eginen dira, ondoren Farout Artistic Research instituzioan aztertzeko.
Partaidetza eta ikerketa
Farout Artistic Researcheko ikertzaile, interprete eta sortzaileen taldea dago proposamen artistiko eta parte-hartzaile horren atzean, eta La Caixa eta Nafarroako Kutxa Fundazioen Innova Cultural programaren laguntza du. Horiek herritarrek egindako interpretazioak bilduko dituzte eta ikus-entzunezko formatuan erregistratuta geratuko dira. Interpretazioek eta esperimentazioek obrek bizia hartzea ahalbidetuko dute eta hiriko espazioek soinu-dimentsio berri bat hartuko dute.
Pertsona guztiak sortzaile eta jotzaile bihurtuko dira aldi berean, beren ekintza artistikoa lehen pertsonan gauzatuz. Parte-hartzaileen ekintza sortzaile eta inprobisatuaz gain, Gordon Williamson konpositoreak larunbatean herritarrekin topaketa bat eginen du, Redingo bastioian, 19:00etan, eta hitzordu horretan egilearekin partituren eta espazio historiko horiek ematen dioten inspirazioaren inguruan hitz egiteko aukera izanen da. Halaber, ekimenari amaiera emateko, igandean, 13:00etan, azken ekintza bat izanen da, zeinetan musika hots bakarrean entzunen baita ekimena eginen den hiru espazioetan.