Hiriko hamar udal-igogailuak itxi dira prebentzio-neurri gisa koronabirusaren aurrean

Hiriko hamar udal-igogailuak itxi dira prebentzio-neurri gisa koronabirusaren aurrean
Bi udal-aterpetxeak, Ultreia zentroa eta Etxerik gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroko ibiltariendako programa ere itxi dira
Ascensor

 

Hiriko hainbat lekutan dauden hamar udal-igogailu publikoak, udal-aterpetxeak, Ultreia zentroa eta Trinitarioseko Etxerik gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroko ibiltariendako programa gaurtik aurrera egonen dira itxita, koronabirusa kutsatzea prebenitzeko neurri gisa. Iruñeko Udalak hala erabaki du, atzo adostutako gainontzeko ekimenekin bat, Osasuneko Ministerioak eta Nafarroako Osasun Departamentuak emandako jarraibideak betetze aldera.
 

Instalazio horiek guztiak bi astez egongo dira itxita gutxienez, eta osasun-egoeraren bilakaeraren arabera itxialdia berrikusiko dute. Neurri horiek hiri-mugikortasuneko honako azpiegitura hauetan izango dute eragina: Descalzoseko igogailuak, Arrotxapea eta Alde Zaharra lotzen dituztenak; Media Lunako igogailua, Caparrosoren errota eta San Bartolome gotorlekua konektatzen dituena; Erletokietakoa (Abejeras), Isaac Albénizekoa eta Felisa Munarriz plazakoa (Milagrosa); Fiteroko Monasterioaren kalekoa (Donibane); Ipar Etxabakoitzekoak eta Concepción Benítez kalekoa; eta Lezkairu eta Mendillorrikoak. Azpilagañako arrapala mekanikoak, aldiz, funtzionatzen jarraituko dute.
 

Igogailu horiek guztiek, urteko batez beste 12 milioi erabiltzaile dituzte, 3,1 milioi bidaia egiten dituztenak. Descalzos kaleko igogailuak, urteko 5 milioi erabiltzaile baino gehiagorekin, mugimendu gehien dutenak dira, eta horien atzetik Media Lunakoa eta Ipar Etxabakoitzekoa daude, milioi bat erabiltzaile baino gehiagorekin.
 

Hirien arteko joan-etorriak saihestea

Hartutako neurrien artean ere badago udal-aterpetxeak ixtea –Compañía kaleko Jesús y María aterpetxea eta Paderborn aterpetxea, Iraizoz txaletan–, bertan Donejakue Bideko erromesei ostatu ematen baitiete nagusiki. Erromesendako Ultreia zentroa ere itxita dago.
 

Bestalde, Trinitarioseko Etxerik gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroan ez da ibiltariendako zerbitzuan lagun berririk sartzea onartuko. Zerbitzu horrek 14 lagunendako tokia du, eta gehienez ere hiru egunez etxerik ez duten eta beste hiri batzuetatik datozen lagunei ostatu ematen die. Denbora hori iragan ondoren zentroa utzi eta beste herri batzuetara joan behar dute. Koronabirusaren hedatzeak eragindako osasun-egoeraren aurrean, Iruñeko Udalak, gertuko hirietan etxerik gabeko pertsonak artatzeko beste zentroekin koordinatuta, erabaki du gaur egun zerbitzua erabiltzen ari diren lagunen egonaldia luzatzea behar beste denbora, eta erabiltzaile berririk ez onartzea. Egonaldi luzeko zerbitzua –erroldatuei zuzendua– eta hotz boladetako berariazko zerbitzua bere horretan mantentzen dira, normaltasunez.

¿Te ha sido útil esta página?