Iruñeko Udaleko Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorrak Gazteriaren Mahaia deitu du asteazken honetarako, arratsaldeko seietatik aurrera. Partaidetza-prozesu honetara, Gazteriaren Etxean egingo dena, 37 pertsona gonbidatu dituzte, eta horietatik 23 gazte-elkarteen ordezkariak dira. Gai-zerrendako puntu batean aztertuko da herritarren sektore honek nola bizi dituen pandemiak eragindako ondorioak eta COVID-19aren kontrako borroka.
Asteazken honetako bileraren gai-zerrendaren arabera, Gazteriaren Mahaia eratu ondoren, landuko da organo honen funtzionamendua jada indarrean dagoen Herritarren Partaidetza arautzen duen Erregelamendu berrira egokitzea. Hurrengo puntuak, galde-eskeetara igaro baino lehen, aipatu egiten du Iruñeko gazteak nola pandemiari aurre egiten ari diren eta nola bizitzen ari diren bere ondorio sanitario eta sozialak.
Ekitaldiak Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkaria izanen du buru, eta harekin batera egonen da Fernando Aranguren Iruñeko Udaleko Gazteriako zinegotzi berezia. Gazte-elkarteen ordezkariez gain, gonbidatu dituzte Iruñeko Udaleko Osoko Bilkuran ordezkaritza duten udal-talde bakoitzeko zinegotzi bana, Nafarroako Gazteriaren Institutuko ordezkariak, Nafarroako Gazteriaren Kontseilukoak, eta unibertsitateetako ikasleen ordezkariak. Udalaren araudiarekin bat, bileran parte har dezakete, boto-eskubiderik gabe, gazteriako udal-teknikari batek, Gazteriaren Etxeko zuzendariak eta gehiengoa duten sindikatuen, enpresari gazteen eta alderdi politikoen gazte-atalen ordezkariek.
Iruñeko gazteendako partaidetza-organo nagusia
Gazteriaren Mahaia da Iruñeko Udalak gazteen partaidetzarako duen organo sektorial nagusia. Haren bidez bideratzen da gazteen parte hartzea gazteriako udal-politikei dagokienez. Azpimarratzekoa da asteazkenekoa dela azken lau urteetan hiriburuan gazteen inguruan egin den partaidetza-organo honen lehenengo bilera, eta kokatuta dago Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzako Erregelamendu berriak biltzen dituen organo eta tresnen martxan jartzean.
Gazteriaren Mahaiak atxikipen libreko bide bat eskaintzea du xede, gazteekin lanean ari diren entitate eta elkarteen parte-hartzea sustatzeko, betiere Iruñea hainbat arlotan garatze aldera: politikan, gizartean, lanean, ekonomian eta kulturan. Organo honek, Udaleko Gazteria Planaren jarduketa desberdinen martxan jartzean eta ebaluazioan aholkatzeaz gain, gazteen iritzia bideratzeko beharrezko mekanismoak ezartzea lortu nahi du.