Sanferminen ondoren, hiriko erdiguneko lorategiak onera etortzen ari dira egun hauetan. Sanferminak hasi aurretiko egoerara bueltatzeko xedez, garbiketa-zerbitzua eta lorategietakoa sanferminen ondorioz gehien zigortutako guneetan ari dira lanean, batez ere Ziudadelan, Gaztelugibelen eta Gazteluko plazan. Gazteluko plazako belarra eta lore-mazizoak berreskuratu dituzte, oso hondatuta baitzeuden sanferminen ondoren; Ziudadelan eta Gaztelugibeleko lubanarroetan, berriz, aratze-lanak egin dituzte.
Belarra berreskuratu ahal izateko, makinen bidez egiten dituzte aratze-lanak: gainazala biziki eskuilatzen dute, plastikoen, xaflen, kristalen eta abarren hondakinak jasota. Gainera, lanei esker, lurzorua hobetzen dute, eta haren iragazkortasunari mesede egiten diote. Aratze-lanak bukatu ondoren eta berriro erein aurretik, harez eta lurrustelez osatutako nahasketa batekin estali dute aratutako gainazala, eta ondoren, silize-harezko geruza batekin estali dute berriro. Hiruzpalau aste beharko dituzte berdetasuna berreskuratzeko, betiere eguraldiaren arabera.
Horrekin batera, lore-mazizoak landatu dituzte: 1.200 lore Gazteluko plazan eta 400 Foruen monumentuan. Guztira berdeguneen 3.000 metro karratutan ari dira lanean. Sasoiko loreak urrira eta azarora arte mantenduko dira.
Halaber, Karlos III.aren eta Orreaga etorbidearen inguruan krabelin txinatarren lore-mazizoak landatu zituzten udaberrian, baina lore horiek ez dute kalterik izan; horrenbestez, lan gutxiago egin beharko dituzte eremu horretan.