Hirigintza Gerentziaren 2024ko aurrekontu-proiektua 10,2 milioi eurokoa da

Hirigintza Gerentziaren 2024ko aurrekontu-proiektua 10,2 milioi eurokoa da
Gerentzia Kontseiluari proiektuaren berri eman zaio, eta orain Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak onetsi beharko du

Hirigintza Gerentziak 10.222.600 euroko aurrekontu-proiektua aurkeztu du 2024ko ekitaldirako. Gaur bildu den Gerentzia Kontseiluak aurrekontu horren berri izan du, eta Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak onespena eman beharko dio ostegunean. Zenbatekoa 2023ko hasierako aurrekontu luzatuan jasotakoa baino % 33,25 handiagoa da.


Hasierako zenbateko horren zatirik handiena inbertsioetara bideratuko da, eta 6,2 milioi euro aurreikusi dira horretarako. Gainerako partidarik esanguratsuenak langileriarako (1,74 milioi) eta finantza-pasiboetarako (1,25 euro) izanen dira. 2024rako aurreikusitako inbertsioen artean, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak Txantrea auzoko Donejakue Bidea parkearen bigarren fasea amaitzeko lanak aurreikusten ditu. 2,6 milioi eurotik gorako aurrekontua bideratu du helburu horretara. Era berean, 250.000 euro bideratuko dira Arantzadi parkea garatzeko proiektura, eta beste 115.000 euro, Txantrea auzoa eta meandroa lotuko dituen pasabide baten proiektua idazteko.


Erreginaren Aldapa berrurbanizatzea da ekitaldi honetan garatuko diren proiektuetako bat; kasu honetan, Trinitarios eta Sanduzelai arteko oinezkoendako ibilbideen konektibitatea hobetzea izanen da xedea. Inbertsio horretarako hasierako aurreikuspenean 100.000 euro aipatzen dira proiektua idazteko. Horiekin batera, beste 147.000 euro sartu dira Trinitarioseko igogailuaren eta oinezkoendako pasabidearen obrak amaitzeko. 

Aurrekontuan, halaber, Sanduzelaiko bide-korapiloan sortutako arazoak konpontzeko proiektu-lehiaketa baten deialdia aipatzen da, biribilgunearen eremua eta inguruko zirkulazio-bideak barne hartuta. Horretarako, 130.000 euro aurreikusi dira. 

Partzela eta poligonoen urbanizazioa
Aurrekontuaren zati handi bat hainbat eremutako urbanizazio-lanetarako erabiliko da, etaTxantrea, Arrosadia/Lezkairu, Milagrosa, Buztintxuri eta Arrotxapea auzoetan garatzen ari diren lursail eta poligonoetan izanen du eragina. Aurreikusitako zenbatekoek 1,63 milioi euro jotzen dute eta Txantreako 1. eta 2. faseak amaitzeko eta hirugarren faseko lanak hasteko izanen dira, barruko plazei dagozkienak.

Donapea, NUP eta II. Zabalguneko HJPB
Azterlan eta proiektuen arloan, aurten Donapeko garapen berriaren hirigintza-plangintzako tresnak idatziko dira; 165.000 euro inbertitzea aurreikusten da zeregin horretan. Berez, Udalak Udal Planaren aldaketa egituratzailea idazteko parte hartzeko prozedura abiatu du eremu horretan diharduten eragileen, auzotarren eta, oro har, herritarren proposamenak eta ekimenak biltzeko. 

Ildo beretik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ingurunea antolatzeko beharrezkoak diren jarduketak hastea aurreikusten da, Katalunia etorbidearen iparraldean, Arrosadia auzoari errematea emateko, eta Sadar errekaren hegoaldean, ibai-parkearen jarraipen gisa, 80.000 euroko aurrekontuarekin. Azkenik, 2024an II. Zabalguneko Hiri Jarduketako Plan Berezia prest izatea aurreikusten da. 

¿Te ha sido útil esta página?