Hirigintza Gerentzian Arrotxapeko San Pedro etxe-multzoko etxebizitzen erabilera aldatzeko proposamena aztertuko da, desgaitasunen bat dutenek erabiltzeko izan daitezen. Hain zuzen ere, gaur goizean, Hirigintza Batzordeak eta Gerentziak San Pedro etxe-multzoko 12 etxebizitzetako batzuk bisitatu dituzte, 11. eta 12. atarietan, dagoeneko amaitu baitituzte, oPEN Lab Europako proiektuari lotuta, energia-birgaitze berritzaileak baliatuz eginiko lanak.
Erabilera aldatuta (apartamentu babestuak izatetik desgaitasunen bat dutenendako etxebizitzetara) desgaitasunen arloko gizarte-erakundeek Udalari hainbat bileratan helarazi dioten eskariari erantzun nahi zaio, desgaitasunen bat dutenek zailtasun handiak baitituzte etxebizitza eskuratzeko. Hori horrela, ekainean, Herritarren Aferen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu zuen, Iruñeko Udalari eskatzeko “Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenei eutsi eta berriak bultza ditzala, Udalaren jabetzako etxebizitzetan adimen-desgaitasuna dutenendako baliabide komunitario berriak sortzeko eta, horrela, haien autonomia eta independentzia sustatzeko”.
Iruñeko Udalak proiektu pilotu bat abiarazi nahi du, desgaitasunen bat dutenei San Pedro etxe-multzoko zortzi etxebizitza emateko. Bertan hamasei pertsona bizi ahalko lirateke. Proiektu hori aurrera eramateko hitzarmenak sinatuko dituzte etxebizitza eskuratzeko programak dituzten eta jada laguntzeko prest daudela adierazi duten desgaitasunaren arloko Nafarroako entitate guztiekin. Horri, desgaitasunen bat duten pertsona horiek NUPeko ikasleak bizi diren San Pedro etxe-multzoko blokeetan bizitzeko ideia gehitu behar zaio, positiboa izan baitaiteke gizarte-integrazioari eta gizarte-inklusioari dagokienez.
Birgaitutako etxebizitza horiek eraikin domotikoetan daude. Modu horretan, bizitza errealean aztertu ahal izanen da domotikak eta teknologiak zer eragin duten etxebizitzak desgaitasunen bat dutenendako erabilerrazagoak egiteari begira. Europako OPEN Lab proiektuak finantzatzen ditu Arrotxapea energia positiboko auzo bilakatzeko helburua duten jarduera horiek. Iruña Belgikako eta Estoniako bi hirirekin batera ari da parte hartzen Living Lab metodologia darabilen proiektu honetan, horretarako berrikuntza sozialeko ekimenak gauzatuz.
Energia-aktibo berriztagarriko zaharberritze integrala
San Pedro etxe-multzoan teknika berritzaileak erabiliz egindako energia-birgaitzearen ondorioz, etxebizitzen barrualdea guztiz eraberritu behar izan da, eta erabat moldatu behar izan dira, egungo araudia bete dezaten. Egin den esku-hartzea, funtsean, eraikinean dauden oztopo arkitektonikoetako batzuk kentzea izan da, eta hala, atari bakoitzean 100 x 125 cm-ko eta 180º-ko angeluan bi ate dituen igogailu bat jarri da.
Eskaileraren eta atariaren konfigurazioak haien neurriengatik ez zuenez igogailua eskailera-eremuan jartzeko aukerarik ematen, irtenbide modura, igogailuaren esparrua eta ibilbide bertikala ezkerreko eskuko etxebizitzetako komunek hartzen zuten eremuan kokatu da bi atarietan, etxebizitzen azalera erabilgarria murriztuz. Gainera, Europako oPEN LAB proiektuak eraikinaren instalazio guztiak aldatu behar izatea ekarri du. Hala, espazio berriak behar ziren ekipoak eta gela teknikoak jartzeko, eta horiei lekua egiteko eskuin eskuko etxebizitzen komuna erabili da bi atarietan.
Etxebizitzen barruko antolaketa erabat aldatu da, eta orain, horietako bakoitzak 51,15 m²-ko azalera erabilgarria du, egongelan, sukaldean, bi logeletan eta bainugelan banatuta. Logeletako batek trenkada mugikor bat dauka, behar izanez gero logela hori egongelarekin elkartzeko aukera ematen duena, etxebizitzak malgutasun handiagoa izan dezan. Arrotxapeko Plan Partzialaren aldaketa onartzeak (U.I.-III/Z.O.-1) atzeko fatxada osoan terrazak egitea ahalbidetu du, eta hala, apartamentuen azalera erabilgarria handitu eta araudiaren arabera derrigorrezkoak diren esekitokietarako espazioa irabazi da, etxebizitzen erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko.
Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorreko teknikariek idatzi zituzten proiektu horietan esku hartzeko gidalerroak, eta Construcciones Jose Miguel Ibáñez SLU enpresa ari da horiek gauzatzen 2023ko ekainaz geroztik. Instalazioen zatiaren obra-zuzendaritza César Sesma Vitrián industria-ingeniariak egin du.
Iruña irtenbide berritzaileen laborategi
Proiektuaren helburua izan da energia-aktibo berriztagarriak zirkularitate hobetua duten berriztapen-soluzio aurrefabrikatuetan integratzea. Birgaitzeari dagokionez, estalki arin bat egitea erabaki da, eta estalkian bertan integratutako energia elektriko fotovoltaikoko sistema bat jarri da. Inguratzaile termikoa hobetzeko, berriz, barnealdeak birgaitzeko prestazio handiko panel industrializatuak erabili dira. Ez dute energia berriztagarririk erabiltzen, baina energia-eraginkortasun handiagoa lortzen laguntzen dute.
Birgaitze-proiektu hori eta oPEN Lab proiektuaren esparruan orain arte egindako beste jarduera batzuk urriaren 31n aurkeztuko dira, Ziudadelan eginen diren Iruñeko 2030erako Hiri Agendaren IV. Jardunaldietan. Jabetza publikoko etxebizitza horiez gain, oPEN Lab proiektuko bigarren lan-ildo gisa, Udalak auzoko Bulego Berdea aurkeztuko du gaur, energia-komunitateei babesa emateko eta herritarrei informazioa eta aholkuak emateko. Era berean, Udalak auzoko elkarteak eta herritarrak sentsibilizatzeko ekintzak eginen ditu, parte-hartze aktiboa eta energia-trantsizio prozesura atxikitzea lortzeko.
Europako Itun Berdea garatzea ardatz duen Europako Batzordearen ‘Horizon 2020 – Green Deal Call – Energian eta baliabideetan eraginkorrak diren eraikinak’ programaren Europako proiektu horren lan-ildoetako batzuk dira, bai egindako birgaitzea, bai bulegoa ere. Hiri mailan, ‘Arrotxapea Energia Positiboko Auzoa’ proiektua bat dator Iruñeko Hiri Agendaren eta Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030erako Estrategiaren helburuekin.
Iruñeko Udala Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin (CENER) eta UPV/EHUko ikerketa taldeekin ari da lanean, Iruñeko Alonso Hernández & Asociados Arquitectura S.L.-k koordinatuta, izan ere, arkitekturako eta ingeniaritzako enpresa horrek koordinatzen ditu Udalak Iruñeko partzuergoarekin eta oPEN Lab-eko (Belgikan VITO) koordinatzailearekin dituen harremanak.
