Hirigintza Gerentziako kontseiluak asteazkenean ezagutuko du Txantrea Hegoaldeko urbanizazioaren eta parkearen 1. faseko lanak esleitzeko proposamena, zeinak 9 milioi euro inguru jotzen baitu

Hirigintza Gerentziako kontseiluak asteazkenean ezagutuko du Txantrea Hegoaldeko urbanizazioaren eta parkearen 1. faseko lanak esleitzeko proposamena, zeinak 9 milioi euro inguru jotzen baitu
Hirigintza-kuoten eskaera ere jorratuko du kontseiluak, zeinak 3,2 milioi euro jotzen baitute

urbanismo

Hirigintza Gerentziako kontseiluak asteazkenean ezagutuko du Txantrea Hegoaldeko urbanizazioaren eta parkearen (Magdalenako ARS-1) 1. faseko lanak esleitzeko proposamena, zeinak 9 milioi euro inguru jotzen baitu (BEZa kanpo). Horrela joanen dira osatzen 100.000 m2-ko parke bat (ia kilometro bat luze eta 100 metro zabal) eta urbanizazio berri bat, parkerako sarbidea erraztu eta hartan txertatuko dena.
 

Lehen fase honetako lanak Arga ibaitik eta Magdalenako zubitik gertuen dagoen eremuan hasiko dira, hori baita oinezkoak parkera sartzeko gunea, baita hiriko erdigunetik Txantreara jotzekoa ere. Izan ere, Magdalenako zubiko ingurua eta Done Jakue plaza –Mendigorria kalearen jarraipena eginez– lotzen dituenez, eremua oinezkoen joan-etorrietarako lotura-ardatz bihurtuko da.
 

Horrez gain, Caparrosoren bideko eta ibai-inguruko elkargunea berrantolatuko dute, plaza-begiratoki baten bidez, eta Argaren ibaiertza landuko dute, ertzera gerturatzea errazagoa izan dadin. Fase honetako lanek Irubide parkea –Done Jakue elizaraino– eta Josefina seroren komentua ere hartuko dute barne; azken horren harresian zenbait gune irekiko dituzte, bertatik parkera igaro ahal izateko.
 

Bi sortatan esleitutako lanak
 

Lanak bi sortatan lizitatu ziren; batetik, S-1 unitateko urbanizatze-lanak, eta, bestetik, parkekoak. Parkea Lacunza Hermanos SL-k eraikiko du, 1.811.867,87 euroan (BEZa kanpo). Lanak egiteko epea 12 hilabetekoa izanen da, eta bermea, 6 urtekoa. Kontratu horren esleipenerako merkatuko zazpi enpresa aurkeztu ziren, eta irteera-prezioa 2,36 milioi euro zen, beraz, beherapena % 7koa izan da.
 

Urbanizazioaren esleipen-proposamena Unión Temporal de Empresas-en aldekoa izan da –Excavaciones Fermín Osés S.L-k eta Construcciones Mariezcurrena S.L-k osatzen dute–, 6.935.385,00 euroan (BEZa kanpo). Hala lanak egiteko epea nola bermea parkearen antzekoak dira. Guztira 6 proposamen egon ziren 10,6 milioi euroan tasatutako esleipen horretarako. Beherapena, hortaz, % 21ekoa izan da.
 

Hirigintza Kontseiluko bilkura horretan, halaber,  ARS/ Txantrea Hegoaldea banaketa-area horretan dauden lurzoruen jabeei urbanizazio-kuoten kontzeptupean egin beharreko bigarren funts-eskaerari helduko diote. Aprobetxamendu unitate bakoitzeko 57,3598 euro eskaturik, funts-eskaerak 3.263.529 euro jotzen du guztira.
 

Belardiz eta adin guztietarako jolasgunez osatutako parkea
 

Parkea gauzatzeko, partaidetza-prozesuan irabazi zuen Begibistan proposamenari jarraituko zaio, zeinak gunea naturalizatu eta haren mantentze-kostuak murriztearen alde egiten baitu. Belardi funtzioanitzen sorta bat dauka diseinaturik, Magdalenako zubiaren eremutik Burlatarekiko mugan dagoen muino txikiraino. Belardi horiek zeharkako bideek gurutzatuko dituzte. Iturriapuria ubidea ere naturalizatuko dute; egun bideratuta dago eta muga egiten du ekialdean parkearen eta Burlataren artean. Ubidearen ertza lehengoratuko dute, bertan ibaiertzetakoak diren zuhaitzak zein landareak landatuz.
 

Pasealekuan, Done Jakue plazatik hurbilen dagoen eremuan belaunaldiarteko eta haurrendako jolasetarako lehen eremu bat sortuko dute. Ondoan, bigarren jolas-eremu bat ere kokatuko dute, adin-tarte zabalago baterako pentsatuta. Ekialderago, eremu bilduago batean, parkour-era bideratutako eremua kokatuko dute, eta, auzokideek honela proposatuta, skatepark-a ere hartuko du barne. Hiru eremu horien artean egonleku-sorta bat txertatuko dute. Hegoaldean, ikastetxeen eta kudeaketa komunitarioko baratzeak, ureztapenerako uraskak eta konposta egiteko guneak jarriko dituzte; eta zakurrendako bi eremu ere aurreikusi dituzte.
 

Parkearen mugakide den urbanizazioan, abiadura txikiko kalea
 

Parkeko eremu guztiak bide-sorta batez lotuko dira. Belardi-sorta urbanizazio berriak eta dagoen bilbeak mugatuko dute iparrean. Urbanizazioaren diseinuarekin bat, abiadura txikiko kale bat egonen da, parkean bertan txertaturik. Horretarako, kalearen mendebaldean proposatutako biribilgunearen tamaina murriztuko dute, eta iparrerago kokatuko, motelago sartzeko eta Irubide parkeko eremuan eragina ahalik eta txikiena izateko.
 

Era berean, kalearen bi alboetan jarduketak eginen dira, Done Jakue elizako plazan eta urbanizazio berriko plaza nagusian zoladurak maila berean uzteko; plaza horietan, oinezkoek izanen dute lehentasuna ibilgailu pribatuen aurretik. Bidegorria galtzadarekin paraleloan joanen da, bi metroko zabalerako berdegune batek bereizita.

¿Te ha sido útil esta página?