Hirigintza Gerentziako Kontseiluak bihar, asteazkenean, aztertuko du urbanizazio-lanen lehen faserako oniritzia, XX. UIko ARS-5 banaketa-arearen barruan dagoen S-1 sektoreaz bezainbatean (Iruñeko etorbidea, Etxabakoitz). Lanak, XX. UIko ARS-5 banaketa-areako konpentsazio-batzordeak bultzatuak, Construcciones y Excavaciones Erriberri SL-k gauzatu ditu. Behin oniritzia emanda, orduan hasiko dira obra-lizentziak ematen gune horretarako aurreikusita dauden etxebizitza libreak zein babesekoak eraikitzeko, eta gune horretan ere ekipamendua, berdegune bat eta begiratoki bat eginen dira. Horrez gain, lehen faseko lan horiez bidea zabaldu da, eta zeharka aparkatzeko tokiak sortu dira.
Uneotan abian dira jada obren bigarren faseko lanak, eta horiekin Iruñeko etorbidearen paraleloan dagoen pasealekua –non Urdánoz multzoko igogailuak geralekua baitu– luzatzen ahalko da. Pasealeku horretan hormigoizko horma bat dago Urdánoz multzorantz eta Elortz errekarantz doan mendi-hegalean. Bigarren fase horrek barne hartuko du pasealekuko hormaren eta lurzati eraikigarrien arteko toki hori. Hori amaitutakoan, hirugarren fasearen urbanizazioa –garajeen aire-zuloak– izanen da egiteke, eta eraikinak altxatu ahala eginen da. Eraikinak eta azken fase hori burututakoan, lehen erabileretarako lizentziak ematen hasten ahalko da.
Udal-lurzatiak, etxebizitzetarako, parke baterako eta ekipamendurako
S-1 sektorea XX. UIko ARS-5 banaketa-arearen barruan dago (Etxabakoitzen) eta, birpartzelazioarekin bat, 54.336,23 m2 ditu, SGA ere –Urdánoz multzotik gertukoena, 24.197,76 m2-koa– barne hartzen duelarik. Udalak, birpartzelazioan, bide-lurzatiak, landa- eta hiri-lursailak eta bideak eman zituen; eta, Iruñeko etorbidearekin mugatzen den eremuan, 928 m2-ko C.1 lurzatiaren (babes ofizialeko etxebizitzetarako) eta 736 m2-ko B.5 lurzatiaren (etxebizitza libreetarako) jabe bihurtu zen. Gainera, Udalaren jabetzakotzat hartu ziren, zuzkidura-lurzoru eta erabilera publikoko espazio libre gisa, Urdánoz multzotik gertuen dagoen eremua, non parke bat eta ekipamendu bat aurreikusi baitira.
S-1 sektorean dagoen eremua 28.729,09 m2-koa da. Burututako urbanizazio-proiektuan bidea zabaldu da, zeharka aparkatzeko tokia utzitza, eta hamaika lurzati sortu dira, bi taldetan banatuak. Remiro de Goñi kaletik gertuen dagoen aldean dago Udalaren jabetzakoa den lurzatia, zeinak –babes ofizialeko etxebizitzetarako izanik– behea, sei solairu eta atikoa izanen baititu. Jarraian, beste bost lurzati daude –etxebizitza libreetarako– eta, igarotzeko libre dagoen gunearen ondoren, gainerako bost lurzatiak. Iruñeko etorbidearekin mugatzen diren eraikinek sei solairu eta atikoa izanen dituzte; aldiz, barneko aldean eraikiko direnek, lau solairu eta atikoa. Halaber, Remiro de Goñi kaletik gertu dagoen lurzati bat zuzkidura-erabilerarako diseinatu da, baita plaza bat, berdeguneak eta behatoki bat ere.