Hirigintza Gerentziak ikerlan bat adjudikatu du Armada etorbidearen eta Sarrigurengo errepidearen artean mugikortasun jasangarriko ardatz bat sortzeko aukera aztertzeko

Hirigintza Gerentziak ikerlan bat adjudikatu du Armada etorbidearen eta Sarrigurengo errepidearen artean mugikortasun jasangarriko ardatz bat sortzeko aukera aztertzeko
Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak hainbat ikerlan egiteko protokolo bat sinatu zuten
avenida baja navarra

 

Hirigintza Gerentziak bilera egin du gaur (asteazkena), eta bertan onetsi du Armada etorbidearen eta Sarrigurengo errepidearen arteko ardatza eraldatzeko ikerlana idazteko kontratuaren adjudikazioa. Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak joan den urrian sinatu zuten ardatz jasangarri hori bultzatzeko ikerlanak batera egiteko lankidetza-protokoloa. 

Ikerlanak gai hauei helduko die: oinezkoen eta ziklisten irisgarritasuna, garraiobide publikoa hobetzea, zirkulazioa baretzea eta klima-aldaketara egokitu eta hura arintzeko neurriak martxan jartzea. Azken finean, balioetsitako ikerlan tekniko bat egitea da helburua; hala, etorkizunean, Iruñeko Udalak ikerketa hori hartuko du oinarri ardatz jasangarria berrurbanizatu eta eraldatzeko proiektua gauzatzeko. Armada, Oliveto Kondearen eta Nafarroa Behereko etorbideek eta Badostaingo eta Sarrigurengo errepideek osatzen duten ardatza da ikerketa-eremua: Pio XII.aren eta Armada etorbideen arteko elkargunean hasi eta Sarrigurengo errepidean bukatzen da, Sarrigurenera sartzeko biribilgunearen ondoan. Ardatzak lau kilometroko luzera du, gutxi gorabehera.

DH Proyectos de Ingeniería SLP enpresa ikerlana egiteko adjudikaziodun izateko proposatu dute, lizitazioa egin eta gero. 89.999 euroko (BEZa barne) aurrekontua dute lanek. Kontratua gauzatzeko epea zortzi hilabetekoa izanen da, eta, beraz, ikerlana urte amaierarako egon liteke amaituta. Ikerlanak, halaber, hainbat fase ezarri beharko ditu agiriak jasotzen dituen neurriak inplementatzeko.

Ikerlanaren edukia
Idatziko den proposamena mugikortasunarekin, irisgarritasunarekin eta klima-aldaketara egokitzearekin lotutako baldintzak hartu beharko ditu aintzat. Proposatuko diren bideek nabarmenki hobetu beharko dituzte oinezkoen eta ziklisten joan-etorriak eta bide horietan barna doazen Iruñerriko garraio publikoen lineen zirkulazioa. Halaber, ibilgailu motordun pribatuen zirkulazioa baretu beharko da orokorrean, hala, batez besteko abiadura nola ibilgailu kopurua murrizteko.

Ikerlanak ardatz osoan oinezkoen zeharkako iragazkortasuna hobetzeko helburua izanen du, hiria hobeto lotuz eta egun sortzen den ‘oztopo’ efektua ekidinez. Errei bat Iruñerriko garraiorako izanen da: lineen ibilbideak kontuan izanen dira, baita ikerlanaren helburu diren kaleetako geralekuen egoera ere, eta beste aukera batzuk proposatuko dira zerbitzua optimizatze aldera. Era berean, ziklistendako azpiegitura bat diseinatuko da ardatzean barna, egun dagoen azpiegiturarekin lotzeko.

Ikerlanak irtenbide bideragarri, funtzional eta seguruak proposatuko ditu egun dauden bidegurutze ugarietan errepideko zirkulazioa eta oinezkoen joan-etorriak arautu eta kontrolatzeko, betiere aintzat hartuta ziklistendako bide berriak txertatzeak gorabeherak sortzen dituela. Bestalde, ikerlanean ondorioztatu beharko da Belosoko aldaparen hasieran biribilgunea eraikitzea beharrezkoa den ala ez, Iruñeko Udal planean jasota baitago; gainera, irtenbideak proposatu beharko dira Bake plazan, Vianako Printzearen plazan eta Merindadeen plazan. Ikerlanak indarrean dauden udal-planak, ordenantzak eta legeria hartuko ditu kontuan, batez ere hirigintzarekin lotutakoak.

Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategian jasotako helburuak betetzeko xedez, ikerlanak klima-aldaketara egokitu eta hura arintzeko neurriak hartuko ditu kontuan. Horregatik guztiagatik, jarduketa hauek barne hartuko ditu: igarobide ekologikoak ezartzea, berdeguneak lotzeko; euri-urak xurgatzeko urmael gisa erabil daitezkeen guneak (DJSH) erabiltzea; Co2-a biltzeko eremua handitzea eta kontserbatzea, klimara eta tokiko baldintzetara egokitutako landare-espezieak txertatuta, balio ekologiko handikoak, Co2-a biltzeko gaitasun handikoak eta mantentze-lan gutxi behar dituztenak. Era berean, hainbat neurri barne hartuko dira ikerlanean, hiriak dituen eginkizunak eraginkortasunez burutzeko, ahalik eta baliabide material, ur eta energia gutxien kontsumituta eta hondakin gutxien sortuta, hiri-hondakinen zikloak tokian-tokian osatzeko joerari jarraikiz.

¿Te ha sido útil esta página?