Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak bisita egin dute Redin eta Cruzatarren jauregira, gune hori Plazara zentro komunitarioa bilakatzeko egiten ari diren egokitze-lanak ikuste aldera

Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak bisita egin dute Redin eta Cruzatarren jauregira, gune hori Plazara zentro komunitarioa bilakatzeko egiten ari diren egokitze-lanak ikuste aldera
648.833,02 euroko aurrekontua duten lanak apirilaren bukaeran amaitzea aurreikusten da

Goizean Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak Redin eta Cruzatarren jauregia bisitatu dute, eraikina zentro komunitarioa bilakatzeko lanak egiten ari baitira. Bertan gune berrien banaketa zehaztuta eta burututa dago jada, baita auzoari irekitako zentro gisa ongi lan egiteko beharrezkoak diren instalazio-azpiegiturak ere. Lanak apirilaren bukaeran amaitzea aurreikusten da. Lanek 648.833,02 euroko aurrekontua dute.

Joan den urrian hasi ziren lanetan aireztatze- eta telekomunikazio-instalazio berriak egin dira; elektrizitate-instalazioa eta argiztapena aldatu dira; eta berokuntza-, iturri- eta saneamendu-instalazioak eraikinaren antolamendu berrira egokitu dira. Orain lanen ardatza akaberak dira, bai sabaietan –pladurra goi-solairuetan jartzen hasita–, bai zoruetan, ate-arotzerian, eskaileretan eta kristaletan, toki guztietan, areto, ikasgela zein bulegoetan.

Kale Nagusitik sarbidea duen beheko solairuan kontrol- eta informazio-gune bat kendu da, eta dauden arrapalak luzatuko dira zabalera osoa hartuz. Bi bulego batu dira informazio-gune berria sortzeko; eta komun irisgarri bat eta bi gela, batera erabilera anitzeko aretoa osatzen dutenak. Lehen solairuan ekitaldi-aretoa mantendu da, eta kristalezko holtz bat edukiko du, beharren arabera aretoa bitan banatzea ahalbidetuko duena. Hormak botatzean egindako banaketa berriari esker hiru gela sortu dira (sukaldaritza-gela barne), lantegi bat eta komun irisgarri bat. 

Bigarren solairuan funtsean oztopo arkitektonikoak kentzeko (igogailu elektrikoa eta irisgarritasuna) eta hormak eraitsiz gela handiago bat eta komun bat sortzeko esku hartu da. Hirugarren solairua bere horretan utziko da, baina komunetan, argiztapenean, telekomunikazioetan eta margoan hobekuntzak izango dira.

Redin eta Cruzatarren jauregia zentro komunitario gisa egokitzeko jarduketa Plazara prozesu partizipatiboaren ondorioa da, zeina herritarren ekimenetik jaio eta Iruñeko Udalarekin elkarlanean garatu baita. Redin eta Cruzatarren jauregiaren banaketa diseinatu zen praktikoki proiektuan islatu den eta lanetan gauzatzen ari den bezala. Zentro komunitario berriak oinarri hauek ditu: funtzionaltasun-irizpide arkitektonikoak, erabilera praktikoa eta bizilagunen beharrei egokitua izateko; balioaniztasuna, erabilera anitzeko gunea izateko; irisgarritasuna, oztopo arkitektonikoak kentzea bermatu eta herritar guztiek erabili ahal izan dezaten; eta jasangarritasuna, aztarna ekologiko minimoa duen eraikina sustatze aldera, energia, ura, eta abarren kontsumoa gutxitzen eta CO2 isurketak txikiagotzen laguntzen duten sistemen bidez.

Irudia
Irudia
Irudia
Irudia