Hirigintza Gerentziak asteazkenean ezagutuko du Trinitarioseko igogailuaren ingurua urbanizatzeko lanen bigarren fasearen kontratuaren adjudikazioa, zeinak barne hartzen baitu garabi zaharraren orubea parke bihurtzea eta López Sanz doktorearen kalean eta Larraina multzoaren eta Taconera parkearen sarreraren inguruan oinezkoendako eta ziklistendako loturak hobetzea. Aurreikuspenen arabera, lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dira, eta sei hilabetean egin.
Excavaciones Fermín Osés SL enpresak eginen ditu lanak, 634.850.00 euroko (BEZ kanpo) aurrekontuarekin, eta, horrenbestez, % 1,55eko beherapena aplikatu zaio 644.843,65 euro (BEZ kanpo) jotzen zuen lizitazio-prezioari. Proiektua, hala lehen fasean, hau da, igogailua bera eraikitzean, nola bigarrenean, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak finantzatu du Next Generation EU Europako funtsen bidez, emisio baxuko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko udalerriei ematen zaizkien laguntza-programari esker.
Bigarren faseak beheko zein goiko aldeak barne hartuko ditu. Beheko aldean, 4.418 metro koadroko azalera batean esku-hartuko da, udal-garabi zaharraren orubearekin bat datorrena. Obrei esker orubea berdegune bihurtuko da, eta bide batek Gipuzkoa etorbidea eta igogailua berriaren plaza (Plazaola pasealekuan) lotuko ditu, bai eta inguruko oinezkoendako bideak ere.
Oinezkoendako eta ziklistendako loturak hobetzea
Goiko aldean, López Doktorearen kalearen inguruan esku-hartuko da, Iruñeko Udaltzaingoaren bulegoen parean, Larraina multzoaren etxebizitzen eta Erreginaren aldapa kalearen arteko azaleran eta Taconera parkearen oinezkoendako tarte batean. 5.811 metro koadro inguru berrurbaniztuko dira, eta kalearen sekzioa aldatuko da etorkizuneko Trinitarioseko igogailuarekin lotutako oinezkoendako zein ziklistendako ibilbideetara egokitzeko.
López Sanz doktorearen kalean, igogailuaren eta Iratxeko Monasterioaren kalearen arteko tartean, espaloia handituko da baterian aparkatzeko plazak okupatuta, eta bidegorri tarte bat gaituko da, zuhaitzak jartzeaz gain. Iratxeko Monasterioaren kalean dagoen Herritarren Segurtasuneko Alorraren egoitzaren pareko oinezkoendako pasabidea Erreginaren aldapa kaleko bidegurutzetik gertuago jarriko da eta ziklistendako pasabide ere bihurtuko da. Gertuko etxebizitzen parean, zuhaitzak dituen irlatxoko berdegunea bitan banatuko da, espetxe zaharreko orubetik datorren bidegorriaren tarte bati lekua egiteko.
Azkenik, Taconera parkeko oinezkoendako bidearen lehenengo tartea aldatuko da, oinezkoendako eta ziklistendako lotura atseginago eta seguruago bat sortzeko igogailu berritik Taconera parkeraino, alde batetik, eta Antoniutti parakeraino, bestetik.
