Hiriartea proiektuaren barruan, gaurtik hasita eta ekainaren 24ra arte, Ziudadelan egongo da ikusgai Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoaren (MACBA) Gelatina gogorra erakusketa, L"Internationale museo-sarearekin elkarlanean egina, zeinak trantsizioaren eta 80ko hamarkadaren kontakizuna berrikusten baitu 59 artistaren 200dik gora obraren bitartez. Nolabaiteko gonbita da gogoeta egin dezagun, narratiba ofizialaz haratago, 1972 eta 1992. urteen arteko garaiaren inguruan, bazter utzitako zenbait istorio ikusgai jarrita, galderak sorrarazi eta nagusitu diren diskurtso eta kontakizunen atzean ezkutatu dena zalantzan jartzeko asmoz.
Erakusketa-proiektua gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta MACBAko zuzendari Ferran Barenblitek, erakusketaren komisario Teresa Grandasek lagunduta. Gelatina gogorra. 80ko urteetako istorio ebatsiak erakusketa Hiriartearen programazioaren parte da, eta Bartzelonan ikusgai egon eta gero, Iruñean soilik ikusi ahal izango da. Erakusketa Ziudadelako Arma Aretoan bisitatu ahalko da, ordutegi honetan: asteartetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era; larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara. Apirilaren 30etik aurrera arratsaldeko ordutegia ordu erdian atzeratuko da.
MACBAk eta Europako funtsek elkarrekin finantzatu duten erakusketa honek gizarte, politika eta ekonomia arloetako zenbait gertaera historikori heltzen die, eta aldi berean, talde zein pertsona ekintzaile kultural eta artistiko batzuen lanak aurkezten ditu, halakoenak ezen subertsio- eta kritika-jarrerak hartu baitzituzten ezarritako ordenarekiko.