Udalaren Berdeguneen Zerbitzuak hiriko elementuak eta berdeguneak leheneratzeko plana abian jarri du behin sanferminak amaituta. Jaietako jarduerek eta uztailaren 6tik 14ra hirian mugitzen den jendetzak eragina dute lorategien egoeran, batez ere hiriaren erdialdekoetan. Horiek horrela, jarduera nagusiak Alde Zaharreko, Zabalguneetako, Gaztelugibeleko, Foruen plazako, Antoniuttiko eta Taconera eta Media Luna parke historikoetako soropiletan eta zuhaixka- eta lore-parterretan pilatzen dira.
Festarako agertokiek edo antzeko azpiegiturek zuzenean hartzen ez dituzten lore- eta zuhaixka-parterreak gero eta egoera hobean daude urtetik urtera, eta zerbitzuaren ustez hirian gero eta kontzientzia zibiko handiagoa dagoelako da. Herritarrek eta bisitariek errespetatu egiten dute urte guztian gozatzen ahal den ondare natural eta apaingarria.
Berdeguneak leheneratzeko planak garbiketa sakona barne hartzen du, jaietan egunero egiten den garbiketa-lanari amaiera emateko. Horrez gain, sanferminak direla eta etendako ureztatzeak berriro programatzen ari dira, besteak beste, hiriaren erdiguneko, Gaztelugibeleko eta Foruen plazako belardiak eta soropilak pixkanaka bere onera itzul daitezen. Programatze horrekin batera, kaltetutako soropil eta belardiak aratzeko eta medeagarri organikoa emateko lanak ere egin dira, hautemandako beharren arabera, erabat oneratzen direla bermatzeko.
Gazteluko Plazako berdeguneetan, lurra egokitu eta berriro erein da, plazako soropilen berdetasuna eta hostaila berreskuratzeko, jaiaren epizentroa denez, hura zeharkatzen duten pertsonek zapaltzeak asko kaltetzen baitu. Bai plazan, bai hortik gertu dagoen Sarasate pasealekuan, sasoiko lore-parterreak berritu dira. Ziudadelako barrutian, lubanarroak aratu dira hondakinak, hondakin piroteknikoak barne, erretiratzen direla ziurtatzeko, eta gunea prest utzi da ibiltari eta maskotek gozatzeko. Inguruko eremuetako babes-hesiak aste honetan ari dira kentzen. Hondakinei dagokienez, 10 tona zabor bildu dira hiriko parkeetan.