Hirian erroldatuta dauden eta giza-larrialdiko egoeran dauden pertsona eta familia-unitateek dagoeneko eska ditzakete oinarrizko beharrak asetzeko Udalaren laguntzak

Hirian erroldatuta dauden eta giza-larrialdiko egoeran dauden pertsona eta familia-unitateek dagoeneko eska ditzakete oinarrizko beharrak asetzeko Udalaren laguntzak
Iruñeko Udalak 630.000 euro bideratu ditu aurten etxebizitza-, argi-, gas- eta elikadura-gastuak ordaintzeko, besteak beste
ayuntamiento


Iruñeko Udalak gizarte larrialdiko egoeran dauden eta hirian bizi diren pertsona eta familiendako urteko laguntzen deialdia egin du; aldizkakoak ez diren laguntza puntualak dira eta balizko beste dirulaguntzen subsidiarioak. Dirulaguntza horiek oinarrizko etxebizitza- eta, elikadura-beharrak asetzeko, eta gas-.eta argi-horniduretarako, nahiz zaborren gaineko tasetarako dira. 2023rako partida ekonomikoa 630.000 euroz hornituta dago hasiera batean, eta urte hasieratik izapidetuko da, laguntza behar duen eta baldintzak betetzen dituen orok eskaera urtarrilaren lehenengo egunetatik egiteko aukera izan dezan.

Laguntzak banakako ebaluazio-araubidean emanen dira eta baliabide ekonomiko mugatuak dituzten 18 urtetik gorakoei zuzenduta daude. Eskatzaileek benetako bizilekua Iruñean izan beharko dute, sei hilabeteko antzinatasunarekin. Hala ere, egoera benetan larria denean eta salbuespen gisara, ez da baldintza hori bete beharko. Era berean, eskatzaileek Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorraren programa eta zerbitzuetako gizarte arloko esku-hartze prozesuetan parte hartzen aritu beharko dute, eta haien egoera dela eta eskatzeko eskubidea duten prestazioak eskatu beharko dituzte, Errenta Bermatua, esaterako.

Deialdian parte hartzeko egoera ekonomiko zehatzak izan behar dira eta familia-unitatearen diru sarrerak kontuan hartuko dira Nafarroako Gobernuak laguntza hauetarako finkatutako mugekin; hala, familia-unitatearen hileko baliabide ekonomikoek ezin izanen dute gainditu indarrean dagoen Errenta Bermatuaren arabera familiako kide kopuruaren arabera dagokion zenbatekoa.

Interesdunek eskabidea urte osoan zehar aurkezten ahalko dute Udalaren Erregistro Orokorrean (Kondestablearen jauregia) edo legean aurreikusitako edozein erregistrotan. Gizarte Zerbitzuetako Alorrak eskaerak  heldu  diren hurrenkeran ebatziko dira, partida agortu arte. Eskaerak gehienez ere bi hilabeteko epean ebatziko dira eta kasuan kasuko auzo-unitateei edo Udaleko gizarte-zerbitzuei jakinaraziko zaizkie. Laguntzak urte osoan zehar izapidetuko dira Auzo-unitateetan, gizarte balorazioa egin ondoren eta bertako gizarte langileak proposatuta.

Eman daitekeen zenbatekoa
Iruñeko Udalak emandako laguntza, unean unekoa eta ez aldizkakoa denez, ezin izanen da urtean 860 euro baino gehiagokoa izan pertsona bateko familia unitateentzat; 960 euro bi pertsonakoentzat; 1.060 euro hiru pertsonakoentzat; 1.160 lau pertsonakoentzat; eta 1.250 euro bost pertsona edo gehiagokoentzat. Eskaera bakoitzeko, oro har, urterako ezarritako gehieneko zenbatekoaren % 50 emanen da gehienez. Salbuespen gisara eta gizarte zerbitzuek baloratu ondoren, egoera benetan larria denean, urteko gehieneko kopurua 1.260 eurora arte handitu daiteke, unitateko kide kopurua edozein dela ere. Muga horiek kontuan hartuta, familiek esparru bat baino gehiagotarako laguntzak eskatzen ahalko dituzte eskaera ezberdinen bidez. Aurreko urteetan, laguntza horiek etxebizitza-gastuak ordaintzeko erabili ziren gehienbat, batez ere diru-sarrerarik ez duten familien hileko alokairua ordaintzeko, eta, ondoren, elikadura- edo higiene-gastuak ordaintzeko.

2022an Iruñeko Udalak gizarte larrialdiko egoeran zeuden pertsona eta familia-unitateendako bideratutako gastua 745.000 euro ingurukoa izan zen,630.000 euroko udal-partida handitu ondoren. Gauza bera gertatu zen 2021ean eta orduan Udalaren inbertsioa 762.556 eurokoa izan zen azkenean.

Ze gastu estaltzen dituzte zuzeneko laguntza horiek?
Aurreikusitako dirulaguntzaren xedea da larrialdi egoeran dauden pertsonen oinarrizko beharrak asetzea. Zentzu horretan, dirulaguntzaren zenbatekoak ostatua mantentzeko edo hartarako sarbidea bermatzeko balioko du, alokairuaren edo hipoteka-maileguaren kuota ordainduta, bai eta, behar izanez gero, ostatu osagarri bat ordaintzeko ere. Etxebizitza berriaren alokairu-kontratuaren hasierako ordainketa ordaintzeko ere erabili ahal izanen da, onuradunek gainerako kuotak ordaindu ahal dituztenean.

Ur-, zabor-, elektrizitate- eta gas-zerbitzuen zorrak ordaintzeko ere erabili ahal izanen da, hornidura etetea saihesteko. Esparru horretan, eskuratzen ahalko duten gehienezko zenbatekoa urtean 800 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko. Elikadurari dagokionez, eguneroko elikadura- eta higiene-gastuak estaltzen ahalko dira, muga urteko 500 eurokoa izanik pertsona batendako bada, eta 1.220 eurokoa 5 kide edo gehiagoko familia-unitateendako.

Laguntzak beste oinarrizko behar batzuk asetzeko erabiltzen ahalko dira, profesional batek balorazioa egin ondoren. Kasu horretan, dirulaguntzaren zenbatekoak elikadura-gastuei aplikatutako muga bera izanen du. Era berean, adingabeko haurrek haurtzaindegi zerbitzura, haur eskoletara, eskola jantokira eta denbora libreko eta aisialdiko jardueretara joan ahal izateko laguntzak emanen dira, haurrak babesteko neurri gisa. Azkenik, zenbatekoaren zati bat eskatu daiteke onuradunek haien gaikuntza profesionalerako egin ditzaketen arautu gabeko prestakuntza-jarduerak ordaintzeko. Gehienez ere 800 euro ematen ahalko dira familia-unitate bakoitzeko.

¿Te ha sido útil esta página?