Datorren azaroaren 29an programazio osatu batekin ospatuko da Iruñearen Eguna. Honako hauek izanen ditu: musika-estreinaldi berritzaile bat udaletxeko fatxadako balkoietatik, eta argi-joko berezi bat, argizko faroltxoak askatuta, Baionako hiri arrebari keinu bat eginez. Hori guztia, eta gainera, ohiko prozesioa eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, Ivan Ferreiroren, Javier Erroren, Paz de Ziganda Abesbatzaren eta La Pamplonesaren kontzertuak.
Egun horretan, gainera, Eguberrietako argiztapena piztuko da hiri osoan, aurten, Pamplonistas udal programako boluntarioen eskutik. Eguberrietako jaien irekiera horren izaera parte-hartzailea indartzeko, boluntarioek 3.000 eskumuturreko fluoreszente banatuko dituzte bertaratutakoen artean, argi efektua fatxadatik zeruraino eta lurreraino zabal dadin.
Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak eta Rudy Goroskieta Kultura Alorreko zuzendariak Udalak antolatutako Iruñearen Egunaren inguruko programazioa aurkeztu dute gaur goizean prentsaurrekoan. Bezperan emanen zaio hasiera programazioari: Udaletxeko balkoietatik Demode Quartetek zuzenean eskainiko duen musika-proposamena izanen da berritasun nagusia, eta horrez gain kontzertuak izanen dira Zentral Aretoan eta Baluarte Auditoriumean ez ezik, baita Gayarre Antzokian ere.
Argien arratsaldea hirian eta faroltxoak Gaztelugibelen
Ohikoa den bezala, San Saturnino egunak emanen dio hasiera Eguberrietako programazioari. Horretarako, 17:30ean, Iruñeko Jaiotzazaleen Elkarteak sortu eta udaletxeko ezkaratzean jarritako jaiotza inauguratuko da, eta 18:00etan Eguberrietako argiak piztuko dira Udaletxe plazan. Pizte-ekitaldiari laguntzeko, boluntarioen udal programako kideek 3.000 eskumuturreko fluoreszente banatuko dituzte plazan bildutakoen artean, argi efektua jarraitua izan dadin fatxadatik zeruraino eta lurreraino.
Aurten, haien denbora bizilagunei laguntzen eta hiria hobetzen ematen duten Pamplonistaseko hainbat boluntariok piztuko dituzte argiak. Horiek arduratuko dira hiria argiz beteko duen botoia sakatzeaz. Guztira, 152 argi-uztai jarri dira Zabalguneetako kaleetan, eta 102 uztai Alde Zaharreko hainbat lekutan. Horiei, hainbat gunetako beste dekorazio batzuk gehitu behar zaizkie, hala nola, Askatasunaren plazakoa, Gurutze plazakoa, Vianako Printzea plazakoa, Merindadeen plazakoa, San Frantzisko plazakoa, Errekoleten plazakoa eta Gayarre Antzokikoa, eta hiriko zenbait tokitan jarriko diren argiz apaindutako eta barrutik ibiltzeko moduko bederatzi irudi.
Gabonetako argiak eta dekorazioa piztuta egonen dira urtarrilaren 6ra arte, ohiko pizte-ordutegian, 17:45etik 23:00etara. Egun berezietan, hala nola abenduko eta urtarrileko ostiral eta larunbatetan, argiak goizaldeko 01:00etan itzaliko dira, eta Eguberrietako jaiegunen bezperetan, abenduaren 24 eta 31n eta urtarrilaren 5ean, argi horiek goizaldeko 02:00etan itzaliko dira.
Argiak piztearekin batera, Demode Quartet musika taldeak zuzeneko emanaldia eskainiko du udaletxeko balkoietatik a capella abestuz. Taldekideek, hasiera batean, banaka arituko dira bakoitza balkoi banatatik, eta, ondoren, guztiak erdiko balkoian bilduko dira, ordu erdi inguruko kontzertua eskaintzeko.
Hortik, Gaztelugibelera, autobus geltokiaren ingurura, eramanen da Iruñearen Eguneko jaia. Bertan, 19:00etan, Udalak argi faroltxoak askatuko ditu, Iruñeko herritarrek Iruñearendako dituzten nahiak zerura haizatu ditzaten. Horrela, Udalak keinu bat eginen dio urtero Eguberrietako jaiak faroltxo-ikuskizun batekin abiatzen dituen Baionako hiri ahizpari. Horretarako, 2.000 faroltxo biodegradagarri banatuko dira, hilaren 29an bertan, 16:00etatik aurrera, Udaletxe plazan eta Gaztelugibelen, autobus geltokiaren parean.
Nolanahi ere, kale-argien ikuskizun hori ezaugarri klimatologikoek (euriak eta haizeak) baldintzatuko dute, bertaratzen direnen eta hiriaren beraren segurtasuna bermatu ahal izateko. Nolanahi ere, toki horretan larrialdietarako eta segurtasunerako baliabideak jarriko dira, eta suhiltzaileak eta anbulantzia egonen dira. Gainera, ekitaldia amaitutakoan, garbiketa-talde berezi bat jarriko da hirian erortzen diren faroltxoak erretiratzeko.
Musika protagonista
San Saturnino bezperan, asteartean, hilak 28, Zentral aretoan, 21:00etan, Ivan Ferreiro abeslari eta konpositore galiziarraren kontzertua izanen da; Los Piratas taldeko kide izandakoa eta Espainiako indie eszenako ahotsik ezagunenetako bat da. Sarrerak Zentral aretoaren webgunean erosi ahal izanen dira, 10 euro gehi kudeaketa-gastuen prezioan. Hilaren 29an, berriz, Baluarten Abestu gure Queen kontzertua eskainiko da 19:30etatik aurrera. Mari Paz Arizkunek zuzendu eta Javier Errok, Paz de Zigandako helduen abesbatzak & Rockbandek eta María Echeverría bakarlariak interpretatuko dute Queenen omenezko tributuko kontzertua. Abesbatza Atarrabiako ikastolako irakasleek eta gurasoek osatzen dute. Kasu horretan, sarrerak zazpi euro balioko du eta zuzenean erosi ahal izanen dira webgunean eta Baluarteko leihatiletan.
Berrikuntza horiei, La Pamplonesak San Saturnino egunean Gayarre Antzokian eman ohi duen kontzertua erantsi behar zaie. Aurten bi emanaldi eginen ditu: hilaren 28an, 20:00etan, eta 29an, 19:00etan. Bi hitzorduetan, J. Vicent Egeak zuzendutako taldeak Danzas de Zarzuela interpretatuko du, Nafarroako Dantza Eskolarekin elkarlanean.
Erraldoiek San Saturnino elizaren barruan dantzatuko dute
Beste urte batez, Iruñearen egun handia dela eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa kalera aterako da. Sanferminen, Batasunaren Pribilegioaren ospakizunaren eta Aldapako San Fermin jaien ondoren eginen duen urteko azken ibilbidea izanen da oraingo hau. Udal-gaitero eta -txistulariek eta La Pamplonesak lagunduta, Konpartsa 09:30ean aterako da autobus-geltokitik Udaletxe plazarantz. Bertan Udalbatza jasoko du Hiri Gorpuztuaren segizioan ateratzeko. Haraino heltzeko Konpartsak honako ibilbide hau eginen du: Bake plaza, Yanguas y Miranda etorbidea, García Ximénez kalea, San Ignazio etorbidea, Sarasate pasealekua, Gazteluko plaza eta Txapitela eta Mercaderes, Udaletxeko atariraino heldu eta segizio ofizialari lagun egiteko.
10:15ean, gutxi gorabehera, Udalbatza Hiri Gorpuztuaren segizioan San Saturnino elizaraino joanen da santuaren bila eta prozesioari hasiera emateko. San Saturnino, Kale Nagusi, Arazuri Doktorearen pasealeku eta Kale Berritik igaroko da, berriz ere San Saturnino elizara itzultzeko. Berritasun gisa, eta Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrena dela eta, mezaren aurretik erraldoiak elizara sartuko dira, eta bertan, udal-gaiteroen musikarekin, ‘Angula’ dantzatuko dute, 11:00ak aldera. Alkatea buruhandia, Motots kilikia eta zaldiko bat ere sartuko dira elizara, udal-figura guztien izenean.
Mezaren ondoren, Udalbatza, Hiri Gorpuztuaren izenean, Udaletxera itzuliko da, 12:15ak aldera. Ohikoa den bezala, une horretan Konpartsak eta Duguna udal-dantzarien taldeak ekitaldiari amaiera emanen diote Udaletxe plazan dantzatuz. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa bere egoitzara itzuliko da honako ibilbide hau eginez: Mercaderes kalea, Txapitela kalea, Gazteluko plaza, Karlos III.aren etorbidea, Orreaga etorbidea, García Ximénez kalea, Tutera kalea, Oliveto Kondearen kalea, Bake plaza eta autobus-geltokia.
Argibide gehiago Wahtsappeko kanalean
Iruñearen Egunari buruzko informazio guztia gaurkotuta Iruñeko Udalaren Whatsappeko kanal berrian eskuragarri egonen da. Guztiz doakoa den sistema honetan alta emateko https://whatsapp.com/channel/0029VaDLb7zEAKWIDM53sA46 estekan klik egin behar da gaztelaniazko komunikazioetarako, eta https://whatsapp.com/channel/0029VaDUQjFBA1eqdFavYq34 estekan, mezuak euskaraz jaso nahi badira. Udalaren pamplona.es/eu webgunearen bidez ere eskuratzen ahal dira bi esteka horiek. Ondoren, Udalaren kanaleko txatean, goiko aldean ezabatuta agertzen den kanpaiaren ikurraren gainean klik egin beharko du, ezabatu gabe ager dadin eta mezuak behar bezala irits dakizkion.
WhatsAppeko kanal berri horren bidez, herritarrek egunero zuzenean kontsultatu ahal izanen dituzte haien mugikorretan, beste aplikaziorik jaitsi eta instalatu behar izan gabe, Udalaren eta hiriaren inguruan sortzen diren albiste guztiak nahiz Iruñeko zerbitzu publikoari buruzko informazioa.
IRUÑEAREN EGUNEKO PROGRAMAZIOA
Azaroak 28
- Iván Ferreiroren kontzertua 21:00etan, Zentral aretoan. Sarrerak: 10 euro, Zentralen webgunean.
- La Pamplonesaren kontzertua, Nafarroako Dantza Eskolarekin elkarlanean. 20:00etan, Gayarre antzokian, Nafarroako Dantza Eskolarekin elkarlanean. Sarrerak: 5 eta 10 euro bitarte, Gayarre antzokiaren webgunean.
Azaroak 29
- 9.30etan. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, autobus-geltokitik, ibilbide hau eginda: Bake plaza, Yanguas y Miranda etorbidea, García Ximénez kalea, San Ignazio etorbidea, Sarasate pasealekua, Gazteluko plaza, Txapitela eta Mercaderes, Udaletxe plazaraino heldu arte.
- 10:15etan. Udalbatzaren irteera Hiri Gorpuztuaren segizioan San Saturnino, Kale Nagusi, Arazuri Doktorearen Pasealeku eta Kale Berritik barna, San Saturnino elizara itzultzeko.
- 11:00etan, gutxi gorabehera. San Saturnino elizara iristea. Iruñeko erraldoien dantza elizaren barruan meza hasi aurretik.
- 12:15etan, gutxi gorabehera. Konpartsaren eta Duguna udal-dantzarien taldearen emanaldia, Udaletxe plazan. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren itzulera bere egoitzara, ibilbide hau eginez: Mercaderes kalea, Txapitela kalea, Gazteluko plaza, Karlos III.aren etorbidea, Orreaga etorbidea, García Ximénez kalea, Tutera kalea, Oliveto Kondearen kalea, Bake plaza eta autobus-geltokia.
- 17:30ean. Udaletxeko ezkaratzeko jaiotzaren inaugurazioa.
- 18:00etan. Gabonetako argiak pizteko ekitaldia eta Demode Quartet taldearen emanaldia Udaletxeko balkoietatik.
- 19:00etan. 2.000 argi-faroltxo aireratzea, Iruñeko herritarrek Iruñerako dituzten nahiak zerura bidaltzeko. Gaztelugibelen, autobus-geltokiaren ondoko zabalgunean.
- 19:00etan. La Pamplonesaren kontzertua, Nafarroako Dantza Eskolarekin elkarlanean, Gayarre antzokian. Sarrerak: 5 eta 10 euro bitarte, Gayarre antzokiaren webgunean.
- 19:30etan. Abestu gure Queen kontzertua. Queenen omenezko ‘Abestu gure Queen’ kontzertua, Javier Erro eta Paz de Ziganda Helduen Abesbatzaren eta Rockband baten eskutik María Echeverría bakarlariarekin, Baluarten. Sarrerak: 7 euro, Baluarteren webgunean eta txarteldegian.