Sanferminetako programa ofizialak adinekoei eskaini die astelehena eta Iruñeko Udalak hiriko ehun urtetik gorako hamar bat pertsonari omenaldia egin die. Udalbatzak, Joseba Asiron Saez alkatea buru, Iruñean bizi diren zapi emakumeri eta hiru gizoni harrera egin die Udaletxean: omenduak senideek lagunduta bertaratu dira.
Omenduek lore-sortak eta sanferminetako zapiak jaso dituzte eta era berezian zoriondu dute Julia Mendía Martínez, gaur bertan bete baititu ehun urte. Hori dela eta, aipatutakoaz gain, pin bat eta Iruñeko armarria duten paparreko bat eman dizkio alkateak. Honako hauek ere omendu dituzte: José Luis Arraiza Arangoa, Jerusalén Balda Lasa, Ángela Caño Sánchez, Felisa Contín de Carlos, Esperanza Gortari Goñi, Carmen Navarro Martínez, José Oscoz Senosiáin, Francisco Sangüesa Goñi eta Juana Tirapu Beortegui.
Harrera-aretoan egin diete harrera ehun urtetik gorakoei egun berezi honetan, eta bi abesti entzuteko aukera izan dute, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, Martín Cíak, Josu Hernándezek, Itziar Sánchezek, María Leozek, Laia Esparzak eta Alejandro Espinosak osatutako Orgullo Navarro taldearen eskutik. Honako abesti hauek interpretatu dituzte: Quien maltrate a los mayores (Itziar Sánchez) eta Amaren maitasuna da (Josu Hernández Asurmendi). Halaber, musikariek omenaldiaren osteko otordua ere girotu dute eta, ekitaldiari amaiera emateko, oroimenerako talde-argazki bat atera dute.