Hiri-kanpaldiak, kirol anitzeko jardunaldiak eta jarduerak egiteko karpa bat Askatasun plazan: horra COworkids-en proposamenak Eguberrietarako

Hiri-kanpaldiak, kirol anitzeko jardunaldiak eta jarduerak egiteko karpa bat Askatasun plazan: horra COworkids-en proposamenak Eguberrietarako
Udal programa honek bere lehen urte osoa amaitu du, eta parte-hartzea hasierako kopuruaren bikoitza baino gehiago izan da

Haur eta nerabeendako Udalaren COworkids programak proposamen batzuk prestatu ditu Eguberrietarako: lau hiri-kanpaldi eta beste hainbeste kirol anitzeko jardunaldi, zeinetan izena eman baitaiteke datorren astetik aurrera. Halaber, abenduaren 27tik 30era, Askatasun plazan karpa estali bat paratuko da, non doako jarduerak eskainiko baitira lau eta hamabi urte bitarteko neska-mutilentzat. María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Celia Pinedo COworkidseko koordinatzaileak prentsaurrean aurkeztu dituzte proposamen horiek, eta COworkidsek martxan eman duen lehen urte osoaren balantzea egin dute: ezarritako helburuak bete egin dira eta parte-hartzea handitu egin da % 35ean eguneroko proposamenetan eta % 50 baino gehiago proposamenak oro har hartuta.

Askatasun plaza doako jardueretarako gunea izanen da abenduaren 27tik 30era bitarte, Eguberrietako karpa bat jarriko baita 4 eta 12 urte bitarteko haurrei eskaintzeko puzgarriak, kanastak, txirrista handi bat eta eskulanak egiteko txoko bat, Urtezahar-gaueko apaingarriak egin ditzaten. Karpa 10:30etik 12:30era eta 16:30etik 19:45era egonen da zabalik, eta ondoan zaldiko-maldiko bat jarriko da, goizez, 11:30etik 14:00etara eta, arratsaldez, 17:30etik 20:00etara zabalik. Egunero 2.000 haurrek baino gehiagok parte hartzen ahalko dute jarduera horietan, eta pertsona heldu batek lagunduta joan beharko dute. 

COworkidsek 120 leku dituzten lau hiri-kanpaldi ere eskainiko ditu Eguberrietarako. Abenduaren 27tik 30era eginen dira, 08:00etatik 15:00etara. Buztintxuriko haur-eskolan 3 eta 5 urte bitarteko haurrei zuzendutako hiri-kanpaldia eginen da, eta 6 eta 17 urte bitartekoendako beste hiru abiatuko dira Arrotxapeko Cardenal Ilundain ikastetxe publikoan, Ermitagaña ikastetxe publikoan eta Iturrama ikastetxe publikoan. Astelehenetik aurrera, hilak 13, ematen ahalko da izena, 010 Herritarrendako Informazio Telefonoaren bidez, 44 euroan edo 68 euroan, bazkaria sartuz gero. Prezio horiei % 20ko deskontua aplikatuko zaie bi seme-alabek izena ematen badute, edo % 30ekoa hiru seme-alaba edo gehiago badira. Izena emateko epea abenduaren 17ra arte (ostirala) egonen da zabalik.

Horrez gain, datorren asteartean, hilak 14, COworkidsek antolatu dituen doako kirol anitzeko lau jardunalditan izena emateko epea irekiko da. Abenduaren 27tik 30era izanen dira, 10:00etatik 13:30era. Abenduaren 21era arte izena ematen ahalko da, 010 Herritarrendako Informazio Telefonoaren bidez.  Lehen jardunaldia, abenduaren 27koa, Etxabakoitzeko Nicasio Landa ikastetxe publikoan izanen da. Ondoren, abenduaren 28an, Milagrosako Hegoalde Ikastolan izanen da; 29an, San Jorge ikastetxe publikoan eta 30ean, Txantreako Bernart Etxepare ikastetxean.

COworkidsek bere lehen urte osoa beteko du Eguberrietan

Eguberrietako programazio honekin COworkids programaren lehen urteari buru ematen zaio, zeinak hiriko 760 neska-mutil hartzen baititu astelehenetik ostiralera egiten dituen jardueretan. Kopuru hori % 35 handiagoa da Udalaren haur eta gazteen programaren funtzionamenduaren lehen hilabeteekin alderatuta; izan ere, lehen seihilekoan, batez beste 500 parte-hartzaile zituen. Aurten ere eskaintza hobetu da, eta handitu auzoetako eskarien arabera. Hala, pixkanaka-pixkanaka, jarduera berriak gehitu zaizkie eskola-laguntza, sormen-laborategi, xake, saskibaloi eta pilotari, zeinak duela urtebete hasi baitziren. Orain COworkidsek beste jarduera batzuk ere eskaintzen ditu futbol, 3D diseinu, antzerki, musikal edo zumbaren inguruan.

Arrakasta gehien izan dituzten proposamenak, izen-emate kopurua aintzat hartuta, eskola-laguntza (346 parte-hartzaile), sormen-laborategia (237) eta saskibaloia (219) izan dira. Auzoka, parte-hartzaile gehien dituztenak Arrotxapea (81 haur), Lezkairu (78), Txantrea (74) eta Buztintxuri dira, non 75 neska-mutilek gozatzen baitute proposamenez.

Astelehenetik ostiralera egiten diren jarduerez gain, eta Gaztediaren Etxearekin elkarlanean, larunbat goizero hiriko auzo ezberdin batean jolas-jarduera bat garatzen da, besteak beste buztin-, magia- eta lurrin-lantegiak. Urtarrilean hasi zirenetik, jarduera horietan 400 haurrek hartu dute parte. Horiei Aste Santuan eta udan hiriko auzoetan egin ziren kanpaldiak gehitu behar zaizkie, guztira 830 parte-hartzailerekin. Halaber, udaberrian, piraguismoaren inguruko jarduerak antolatu ziren, eta programako arrakastatsuenak izan ziren, astez aste leku guztiak bete baitziren.

COworkidsen lantaldeak lanean jarraitzen du programa eta jarduera berriak abiatzeko. Datorren urtera begira, 2022. urte hasieratik, Ingurumen Hezkuntzako Museoarekin elkarlanean, ‘zinema-asteazkenak’ abiatuko dira, nerabeei zuzenduta.

Elkarlana elkarte, unibertsitate edo kirol-federazioekin

COworkidsen lehen urte honetan sare-lana funtsezkoa izan da. Programaren koordinazioak UNICEFen Nafarroako komitearekin hilero egin dituen jarraipen-bilerak nabarmentzekoak dira. Bertan programaren berrikuntzak eguneratzen dira, Haurraren Eskubideen Konbentzioa betetzen dela bermatzeko, eta Iruñeak Haurtzaroaren Hiri Adiskide gisa bere betebeharrak betetzen dituela aztertzen da. Udal-programa ere elkarlanean aritzen da Adingabekoendako Fiskaltzarekin eta Berriztu Elkartearekin, gazte-justiziako zerbitzuetarako espazio egokia eskainiz, gazteek aisialdi alternatibo bat deskubritzeko aukera izan dezaten.

Bere lehen urtean, COworkidsek lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu Nafarroako Saskibaloi, Xake, Futbol eta Pilota Federazioekin, parte-hartzaileei eskaintzen zaizkien zenbait jardueratan parte hartzen baitute. Era berean, lankidetza-hitzarmenak sinatu dira La Caixa Gizarte Ekintzarekin eta Nafarroako Rural Kutxarekin; eta, esparru akademikoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Nafarroako Unibertsitatearekin, UNEDekin, Hezitzaileen Eskolarekin, Nafarroako Eskola Politeknikoarekin eta aisialdiko eta denbora libreko hainbat eskolarekin. Gainera, ‘Navarra + Voluntaria’ plataformarekin kolaboratzen da, 120 laguntzaile baino gehiago dituena. Sare-lan horretan funtsezkoa da, halaber, familiekiko, auzo-unitateekiko eta ikastetxeekiko lankidetza estua. Hori guztia prebentzio-lan egokia bermatzeko.

Prebentzio-lana eta parte-hartzea sustatzea, COworkidsen gakoak

Aurten, COworkidsen Prebentzio Protokoloa aplikatu da hamalau auzoetan. Arratsaldero, gizarteratzeko teknikari arduradunek programatutako jardueretako parte-hartzaile bakoitzaren oharrak erregistratzen dituzte, eguneroko jarraipen-fitxaren bidez. Item positiboak erregistratzen dira, hala nola interesa, gozamena, lankidetza, proaktibitatea, gatazken konponketa, trebetasun edo gaitasun azpimarragarriak. Eta, funtsean, protokoloa aktibatu dezaketen ohar aipagarriak erregistratzen dira zaurgarritasun kasuak izan daitezkelakoan.

Erregistro horiek astero gainbegiratzen ditu Pedagogia eta Psikologia alorrak, egunero egiten diren behaketen arabera jarduera psikopedagogiko pertsonalizatuak diseinatzeko. Hiru esku-hartze mota identifikatzen dira, behar izan den guztietan abian jarri direnak eta uneoro familiekin, ikastetxeekin (bereziki orientazio-taldeekin), osasun-zentroekin eta auzo-unitateekin zuzenean koordinatuta.

Haurren parte-hartzea sustatzea zen COworkids sortzeko beste helburuetako bat. Aurten, Iruñeko Udalaren Haur eta Nerabeen lehen bi Mahaiak egin ahal izan dira. Egun, parte hartzeko udal-tresna horrek 14 auzoetako 28 ordezkari ditu.

 

¿Te ha sido útil esta página?