Hiri-garraio jasangarriarekiko jakin-mina asetzeko xedez, Iruñeko Udalak eta Mankomunitateak bisita instituzionala eginen dute Baionara, senidetzearen 65. urteurrenaren karietara

Hiri-garraio jasangarriarekiko jakin-mina asetzeko xedez, Iruñeko Udalak eta Mankomunitateak bisita instituzionala eginen dute Baionara, senidetzearen 65. urteurrenaren karietara
Joseba Asiron Saez alkatea eta David Campión Ventura Mankomunitateko lehendakaria ostegunean Baionara joanen den Iruñeko ordezkaritzaren buru dira

Hiri-garraio sistema ezagutzeko xedez, Iruñeko Udala eta Iruñerriko Mankomunitatea Baionara joanen dira ostegunean, han dituzten homologoekin harremanak ehuntzeko. Bisitak, halaber, Iruñearen eta Baionaren arteko senidetzearen 65. urteurrena ospatzeko balioko du, orain elkarlan estrategiko berrietara –mugikortasun jasangarriaren arloan kasurako– irekitzen den harremana finkatuta.

Joseba Asiron Saez alkatea da Iruñeko ordezkaritzako buru, David Campión Ventura Mankomunitateko lehendakariarekin batera. Ordezkaritza honako hauek osatuko dute: Garbiñe Bueno Zabalza eta Joxe Abaurrea San Juanek –lehenengo eta bigarren alkateorde gisa, hurrenez hurren–, hamar bat zinegotzik, Jesús Velasco Pérez Mankomunitateko Garraioko alorreko zuzendariak eta Raúl Guinea Ciordia Garraioko teknikariak.

Baionan Jean-René Etchegaray Baionako alkateak eginen die harrera, Fabien Duprez Mugikortasuneko Sindikatuaren zuzendari nagusiarekin batera. Azken horrek herritarrendako zein bisitariendako mugikortasuna errazte aldera hirian dauden garraio publikoak erakutsiko dizkie. Zehazki, joan-jinkariak ezagutuko dituzte, hiriko kanpoaldetik erdigunera edo ospitalegunera hiru ibilbide egiten dituzten doako anezka-mikrobus elektrikoak. 

Zerbitzua Baionara ibilgailu pribatuan doazenendako pentsatuta dago batez ere. Ibilgailua hiriaren kanpoaldean uztea da xedea, bertan gaitutako aparkaleku eremuetan. Mikrobus elektrikoaren bidez hiriko erdigunera hurbiltzen ahal dira, aparkatzeko arazoak eta erdigunean alferrikako zirkulazioa egotea saihestuz. Orain arte gaitutako hiru lineak astelehenetik larunbatera bitarte daude martxan, jaiegunetan salbu, 07:30etik 20:00etara, eta hiruretako batek ordutegi luzeagoa du, 22:30era arte, gutxi gorabehera.

Joan-jinkariekin batera, Baionan bi Tram’bus elektriko daude, hiria beste herri batzuekin lotzen dutenak. Zehazki, 2019az geroztik, lineetako bat Baionatik Biarritzera doa, Angelutik pasata (T1), eta bestea, Tarnosetik Baionara (T2). T1 lineak 12 kilometro eta 31 geraleku ditu.

Gainera, garraio intermodala errazteko, aparkalekuak sortu dituzte ibilbideko hainbat puntu estrategikotan. Bestalde, T2 linea 2021eko maiatzean inauguratu zen, eta Tarnose (Landak) eta Baiona lotzen ditu. Biak ala biak autobus elektrikoz egiten diren ibilbideak dira.
Bi garraiobideen inguruko azalpenak jaso eta gero, Iruñeko ordezkariek probatuko dituzte. Bidaia bat Joan-jinkarian eginen dute, eta Baionako Udaletxera Tram’busez itzuliko dira. Mugikortasun jasangarriko proiektu hori Iruñearen eta Baionaren arteko lankidetzaren eredu bihurtu da, bi hirien artekosenidetzea sendotzera begira. 

Eguna amaitzeko bazkari bat eta Bonnat-Helleu museora –azaroaren 26an ireki zituen berriz ateak– bisita pribatu bat eginen dituzte. 

PROGRAMA
•    10:00. Baionara iristea eta Iruñeko Udaleko ordezkariei harrera egitea 
•    10:30. Joan-jinkarien eta Tram’bus elektrikoaren aurkezpena, Fabien Duprez Mugikortasuneko Sindikatuaren zuzendari nagusiaren eskutik
•    11:30. Topaketa prentsarekin: Jean-René Etchegaray Baionako alkatea, Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea eta David Campión Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria
•    12:15. Bidaia Joan-jinkarian eta itzulera Tram’bus-ean
•    17:00. Iruñera itzultzea

 

¿Te ha sido útil esta página?