Hilerrian altzairu galvanizatuzko bi ate handi jarriko dituzte aurki, 850 kilogramokoa bakoitza, erdian lehoi iragailea dutela

Hilerrian altzairu galvanizatuzko bi ate handi jarriko dituzte aurki, 850 kilogramokoa bakoitza, erdian lehoi iragailea dutela
Iruñeko Udalaren Soldadurako Lantaldeak diseinatu eta egin ditu ate horiek, ibaiaren bidean eta oreinen atea delakoan jartzeko

Iruñeko Udalaren Soldadurako Lantaldea bi ate egiten aritu da San José hilerrirako: egitura handiak dira, 3 metro garai gutxi gorabehera, eta beste hainbeste zabal, eta altzairu galvanizatuzko bi orriz osatuta daude. Ateen diseinua ere lantaldeak berak egin du, eta aurki jarriko dituzte hilerriaren sarreran, zaharrak kendu ondoren: bat ibaiaren bidean jarriko dute, eta bestea, oreinen atea deritzon sarreran.

Soldadurako langileak arduratu dira altzairu galvanizatuzko 850 kilogramoak mozteaz, tolesteaz eta arkuzko soldadura erdiautomatikoz soldatzeaz, eta gainera, lehoiaren ikur bat jarri dute ate bakoitzean, Belosoko aldapatik kendutako galdaketako alztairua berrerabiliz eginak. Gero, galvanizatu egin dituzte, eta buloiak eta sarrailak jarri ondoren, Ostron izeneko konposatu batekin margotu dituzte, forja-lanen itxurako akabera klasikoa emateko. Behin dagokien tokian jartzen dituztenean, Gizarte Enpleguko Pinturako Lantaldeak emanen die azken ukitua lehoiaren armarriei: berdez eta urre kolorez margotuko dituzte.

Garabi-besodun kamioi bat beharko dute ateak jartzeko, pisu eta tamaina handikoak baitira, eta zirkulazioa eten ere egin beharko da tarte batez. Lehenik aterik handiena jartzea pentsatu dute, ibaiaren bidean (3,60x2,90 m ditu, eta 450 kg), eta gero, oreinen atea (2,90x3,20 m eta 400 kg ditu). 

Beste ate handi batzuk
Soldadurako Lantaldeak hainbat ate egin eta konpondu ditu urteen poderioz, eta gehienak oso garrantzitsuak ziren, tokiaren sinbolismoagatik, edo zuten tamaina edo diseinuagatik. Horren erakusgarri dira Lidia Biurrun ezkontzak ospatzeko aretoan jarritako 1.200 kilogramoko ateak: gune horretan ezkontza zibilak egiten dituzte 2003tik, eta Udalak gidatzen ditu ezkontza horiek, Ziudadelako kaserna batean. Udaletxearen atzealdeko ateak eta San Frantziskoko liburutegiko burdin-hesia ere Soldadurako langileek konpondu zituzten. Halaber, Udalaren bulegoetako eta lokaletako metalezko ateak konpontzen dituzte urte osoan. 

Hamabi lantalde hiriarentzat lanean
Ate horiek egin dituen lantaldean duela gutxi berritu dituzte langileak. Hala, sei hilabeteko kontratua egin diete taldeko kideei: ofizialak, arduradunak eta peoiek (6) osatzen dute lantaldea, eta denak gizonezkoak dira. Gizarte Enpleguko 11 lantalde ditu Udalak, eta Soldadurakoa horietako bat da. Egitasmo horren helburua da kontratatzen dituzten langileei prestakuntza egokia ematea lan-munduan sartu ahal izateko, eta banakako laguntza ere eskaintzen diete gainera. Azken urteotan, Udalak 30.000 euroko inbertsioa egin du Soldadurako Lantalderako berariazko makineria erosteko.

Iruñeko Udaleko Gizarte Enplegu Babestuko Programa Nafarroako Gobernuak eta Europako Plus Gizarte Funtsak kofinantzatutako udal-programa bat da. Jardueraren arabera banatzen dira lantaldeak: obrak, soldadura, pintura, garbiketak, zerbitzu orokorrak eta atezaintza, ibai-parkeko eta haztegiko mantentze-lanak, joskintza eta jantzigintza, tapizgintza, udal-jantokiak, jakiak banatzeko guneak, koadernaketa eta serigrafia. Gizarte Enpleguko prestakuntzak bi ezaugarri nagusi ditu: batetik, soldatapekoa da, kontratupean egiten baita lana, eta bestetik, hiriko zerbitzuak, erakundeak eta instalazioak hobetzea du xede. 

Adibidez, hilerriko ateak egitea ez da Soldadurako Lantaldeak 2025ean eginen duen lan bakarra: apalategi batzuk eginen dituzte Iruñeko Udal Artxiboko paper-sortak gordetzeko, eta beste hainbat gauza egin edo konponduko dituzte espazio publikoan, hala nola bizikletendako aparkalekuak, oztopo-zutoinak, hesiak eta barandak.
 

¿Te ha sido útil esta página?