Hilabete honetan hasiko dira Abejeras kaleko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obrak, eta aurreikuspenen arabera 45 egun iraunen dute

Hilabete honetan hasiko dira Abejeras kaleko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obrak, eta aurreikuspenen arabera 45 egun iraunen dute
Besteak beste, Iturrama kalea eta Zaragoza etorbidearen arteko asfaltatze-lanak egin, bidegorria zabaldu eta espaloi aurreratuak eraikiko dituzte
carril bici

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Abejeras kaleko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obra-kontratuaren adjudikazioa onetsi du. Hirian mugikortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko lanak egiteko enpresa-hautapenerako esparru-akordioaren ondoriozko zazpigarren kontratua da honako hau. Adjudikazioa Urbanismo Táctico Pamplona ABEEari eman zaio, 152.785,63 euroan.

Obraren helburua da egungo bidegorriaren zabalera eta babes-zerrenda gaur egungo araudiaren arabera handitzea, baita Abejeras kale osoan irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea ere, espaloi aurreratuak eraikita. Obren ondorioz, lineako aparkalekuak, bateriakoak eta zamalanetarako eremuak ere birmoldatu eginen dira. Hala, modu bidezkoagoan banatuko dira oinezkoek, txirrindulariek eta ibilgailu pribatuek partekatzen dituzten guneak.

Aurreikuspenen arabera, lanak azaroaren 11n hasiko dira, eta horien barnean sartuko dira Iturrama kaleko biribilgunearen eta Zaragoza etorbideko bidegurutzearen arteko zatiaren obra zibila eta asfaltatze-lanak. Lanak egiteko epea 45 egunekoa izanen da, hiru fasetan banatuko da eta eragina izanen du ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan. Azaroaren 11tik aurrera eta obra amaitu arte, eskuin aldeko aparkatzeko zerrenda osoa ezereztuko da hiriaren erdigunerako noranzkoan. Zamalanetako eremua bere horretan utziko da obrak iraun bitartean, eta, amaitutakoan, ezkerraldera eramanen da. 

Azken urteotan Abejeras kalean jarduketa puntualak egin diren arren –oinezkoendako hainbat pasabidetan espaloi aurreratuak eraiki dira–, kale guztia bateratuko duen jarduketa globala egin beharra dago.

Bidegorrian eta galtzadan egingo diren jarduketez gain, bizikleta-espaloiak eginen dira kalearen eskuinaldean dauden oinezkoendako lau pasabide aurreratuetan, hiriaren erdialderanzko norabidean, zoladura berezitua emanda, bidegorriari jarraipena emateko. Bizikleta-espaloi horietan oinezkoendako pasabideak seinaleztatuko dira, oinezkoek eremu horietan lehentasuna dutela azpimarratzeko. Abejeras kaleko esku-hartzearen barnean, 31 aparkaleku-plaza kenduko dira.

Abejeras kaleko bidegorria bi norabidekoa da, eta Abejeras eta Iturrama kalea lotzen duen biribilgunean hasten da; handik aurrera, eskuinaldetik jarraitzen du Zaragozako etorbide aldera. Hirian egin zen lehenengoetarikoa da, eta, guztira, 1,70 metro inguruko zabalera du zirkulazioaren bi noranzkoetan. Horrez gain, babes zerrenda 0,40 metrokoa da gutxi gorabehera, eta bereizgailuak egoera txarrean daude, edo desagertu egin dira.

Abejeras kalean eginen diren esku-hartzeek nabarmen erraztuko dute oinezkoen eta txirrindularien zirkulazioa, espaloietan eta bidegorrietan hobekuntzak eginen baitira, trafikoa lasaitzen eta kalea atsegin bihurtzen laguntzeko. Era berean, hiriko garraioaren merkataritza-abiadura azkartu, eta zirkulazioa erraztuko dute, izan ere, kalearen amaierako geraleku aurreratuak lehentasuna emanen die villavesei Zaragoza etorbideko bidegurutzeko semaforoetan. 

¿Te ha sido útil esta página?