
Urtarrilaren 22an hasiko da Iruñeko Udalak antolatutako auzo-eztabaidaguneen X. edizioa: programa ibiltaria da, eta parte-hartze deszentralizaturako guneak bultzatzen ditu, instituzioak eta auzotarrak elkarlanean aritu eta hurbileko politika publikoak gara ditzaten. Auzoetako bizi-kalitatea hobetzera bideratutako lana da, betiere erantzukidetasunaren ikuspegia ardatz hartuta. Hala, auzotar eta elkarteekin lan egiten da gune komunitarioetan hurbiltasunez hausnartzeko xedez.
15 auzok parte hartuko dute aurtengo edizioan, eta estreinakoz, Azpilagañak bere eztabaidagunea izanen du, eta, ebaluazio integraleko sistema jarriko da martxan; NUPekin elkarlanean garatu da sistema hori, ebaluazio-fitxak eta behaketa kualitatiboko irizpideak baliatuta. Gainera, eztabaidaguneen erakusketa ibiltariek azken 30 urteetan garapenaren aldeko udal-lankidetzaren alorrean landutako edukiak barne hartuko dituzte. Beste urteetako lan-ereduak bere horretan jarraituko du aurten ere: astebetez, jarduerak eginen dira, eta egitura komuna izanen dute, parte-hartzea, entzute aktiboa, topaketa komunitarioa eta emaitzen itzulketa uztartuta.
2026ko lehen eztabaidagunea Arrosadikoa eta Santa María la Realekoa izanen da, urtarrilaren 22an: Hegoalde Ikastolan, 18:30ean, eta egun eta gune horretan bertan 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako eztabaidagunea eginen da. Topaketan Joxe Martín Abaurrea San Juan, Arrosadia eta Santa María la Realeko auzoko zinegotziak eta Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako zinegotzi ordezkariak hartuko dute parte, baita udal-teknikariek eta baliabide komunitarioen sareko entitateek ere.
Ohi den moduan, aurrez aurre parte hartzeko aukera ez dutenek Youtubeko Participa Pamplona kanalaren bidez jarraitzen ahalko dute eztabaidagunea. Halaber, seihileko honetan, nahi duenak formatu digitalean bidaltzen ahal ditu galderak eta proposamenak eztabaidaguneak egin aurretik, aurrez aurreko topaketan eztabaidatu daitezen. Haurren eztabaidagunerako galderak eta proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 19an (astelehena) irekiko da, https://decide.pamplona.es/assemblies/ForosDeBarrio/f/81/?locale=eu eta https://decide.pamplona.es/?locale=eu webguneen bidez. Entzumen arazoak edo desgaitasunak dituztenendako irisgarria izanen dira saio guztiak: zeinu-hizkuntzako interprete bat, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa izanen dituzte.
Auzo-eztabaidagunearen astearen eredua
Urteko lehen seihilekoan 15 eztabaidagune antolatuko dira, hiru hilabete bakoitzeko; urtarrilean, aldiz, bi eginen dira, eta maiatzean, lau. Eztabaidagune bakoitza jarduerez betetako asteen arabera egituratzen da: egitura komuna izanen dute, parte-hartzea, entzute aktiboa, topaketa komunitarioa eta emaitzen itzulketa uztartuta.
Oro har, aste bakoitzari hasiera emateko, erakusketa ibiltaria jarriko da ikusgai astelehenetan, eta aste osoan zehar egonen da. Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzaren udal-programaren 30. urteurrenaren karietara, auzoetan barna eginen diren erakusketetan 14 argazki jarriko dira ikusgai, Udalak hainbat herrialde eta testuingurutan finantzatutako proiektuen erakusgarri. Zenbait entitatek mundu osoan garatutako proiektuak dira, besteak beste, Nigerren, Guatemalan, Saharan eta Senegalen. Erakusketa osatze aldera, lankidetza-funtsen helmugari buruzko informazioa ematen da, hiriak nazioarteko elkartasunarekiko duen konpromisoa indartuta.
Halaber, astearteetan ibilaldiak eginen dira auzoan barna, topaguneak eta bat egiteko proiektuak bertatik bertara ikusteko, baita entzute aktiborako tresna gisa eta auzotarren, auzo-zinegotzien, Polizia Komunitarioaren, teknikarien eta zerbitzu publikoen arteko harreman zuzena sustatzeko ere. Auzoaren arabera, ibilaldiaren osagarri gisa, kultur jarduerak eta topaketa informalak antolatuko dira.
Ostegunetan eginen dira hala auzo-eztabaidagune orokorra nola haurrendakoa, aldi berean; haurrendako eztabaidagunea haurrei berariaz egokitutako egitasmo bat da, guraso-elkarteekin elkarlanean. Azkenik, ostiralean bertan edo hurrengo asteko astelehenean edukien itzulketa eta jakinarazpena eginen da, eta horretarako, emaitzak laburbiltzeaz gain, erakusketa behin-behinean mantendu eta auzo-eragileei emaitzen berri emanen zaie.
Auzo-eztabaidaguneak (2026ko urtarriletik maiatzera bitarte)
Auzo-eztabaidagunea
| Ibilaldia | Haurrendako eztabaidagunea |
Arrosadia-Santa María La Real | Urtarrilak 20, asteartea | Urtarrilak 22, osteguna |
Ermitagaña-Mendebaldea | Urtarrilak 27, asteartea | Urtarrilak 29, osteguna |
Mendillorri | Otsailak 10, asteartea | Otsailak 12, osteguna |
Arrotxapea | Otsailak 17, asteartea | Otsailak 19, osteguna |
Iturrama | Otsailak 24, asteartea | Otsailak 26, osteguna |
Txantrea | Martxoak 2, astelehena | Martxoak 3, asteartea |
Donibane | Martxoak 10, asteartea | Martxoak 12, osteguna |
Zabalguneak | Martxoak 24, asteartea | Martxoak 26, osteguna |
Azpilagaña | Apirilak 14, asteartea | Apirilak 15, asteazkena |
Buztintxuri | Apirilak 21, asteartea | Apirilak 23, osteguna |
Erripagaña – Beloso – Bidezar | Apirilak 28, asteartea | Apirilak 29, asteazkena |
Lezkairu | Maiatzak 5, asteartea | Maiatzak 6, asteazkena |
Etxabakoitz | Maiatzak 12, asteartea | Maiatzak 14, osteguna |
Alde Zaharra | Maiatzak 19, asteartea | Maiatzak 21, osteguna |
Sanduzelai | Maiatzak 26, asteartea | Maiatzak 28, osteguna |