Herritarren Babes eta Arretako Unitateak (UPAS) 30 urte egin ditu emakumeak eta adingabeak defendatzen

Herritarren Babes eta Arretako Unitateak (UPAS) 30 urte egin ditu emakumeak eta adingabeak defendatzen
Omenaldi gisa, diziplina anitzeko bi jardunaldi egingo dira Baluarten datorren astean, eta bertan izango dira UPASekin elkarlanean aritzen diren instituzioak ere

Segurtasunaren arloan lan-ildorik egungoenak dira delituen biktimak eta prebentzioa. Iruñeak duela 30 urte daki hori, eta aitzindaria izan zen polizia kidegoen artean alor horiek lantzen. Aurten 30 urte bete dira Herritarren Babes eta Arretako Unitatea (UPAS) abiatu zenetik. Orain brigada maila du, 16 kidek osatzen dute plantilla, eta bere jardunak, oraindik ere, hauek izaten ditu ardatz: emakumeak (genero-indarkeria), adingabeak (tratu-txarrak, gazteen delinkuentzia, eskaletasuna), eta kolektibo zaurgarriak, hala nola adinekoak eta droga menpekoak.

Adibide gisa, UPASek ia 2.500 esku-hartze egin zituen iaz. Ia 1.900 aldiz etxebizitzetan izan zen familia-indarkeriako gaiengatik, sexu-askatasunaren kontrako 57 delituren salaketetan lan egin zuen, eta hirian gertatu eta adingabeak protagonista izan zituzten 59 delituren instrukzioan. Baina, gainera, brigada honek besoz beso lan egiten du Polizia Judizialeko Brigadarekin, eta biek batera Udaltzaingoko Bitartekaritza eta Ikerketako arloa osatzen dute. Horretaz gain, erreferentziazko kidego gisa parte hartzen du genero-indarkeriaren inguruan antolatzen diren mahai-instituzional orotan.

Gaur goizean Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Itziar Gómezek, Udaltzainburu Jesús Munárrizek, eta Bitartekaritza eta Ikerketako arloko -honen menpe dago UPAS unitatea- komisario-buru Ángel Beorteguik lantaldearen zenbait estatistika eta funtzionamenduaren hainbat mugarri aurkeztu dituzte, azpimarratuta lantalde horren ezaugarri direla espezializazioa, biktimarekiko gertutasuna eta babesa, planteamenduaren zeharkakotasuna -bai tokiko kidegoaren eta udal-administrazioaren barruan bai beste instituzioekiko harremanetan-, eta, delituaren emaitzei heltzeaz gain haren zioak ikertzeko ardura eta horiei aurre hartzeko egindako lana.

Halaber, urteurrena ospatzeko egingo diren berariazko jardunaldi batzuen programa aurkeztu dute. Herritarrei irekiak izango dira, Baluarten, martxoaren 22 eta 23an, eta bertan izango dira tokiko polizietako ordezkariak, gizarte zerbitzuetakoak, magistratuak, fiskalak, abokatuak eta berdintasunaren arloan lan egiten duten pertsonak, besteak beste.

Erreferentziazko polizia biktimentzat

UPASek urteak betetzen ditu. 1988an sortu zen, eta hasiera batean hiru udaltzainek bakarrik osatzen bazuten ere, laster lau gehiago sartu ziren unitatea indartzera. Kalera estuki lotuta jarduteko xedearekin sortu zen, presentzia handia zuten gizarte-arazoei heltzeko: haurren eskaletasuna, tratu-txarrak, gazteen delinkuentzia eta droga-menpekotasuna. Iruñekoa izan zen halako egitura bat sortu zuen lehen polizia kidegoa, eta 1990ean ofizialdu egin zen. Urtebete lehenago Polizia Nazionalak Madrilen adingabeen taldea sortu zuen, GRUME delakoa. Talde espezializatu hori, gerora, Bartzelonara eta Valentziara hedatu zen.

Gaur egun, UPAS, Udaltzaingoaren antolakuntza eta funtzionamendu Erregelamendua onetsi eta gero, 16 udaltzainez -horietako 6, emakumeak- osatutako brigada bihurtu da, eta Polizia Judizialarekin batera, Udaltzaingoko Bitartekaritza eta Instrukzioko Arloa osatzen du, komisario baten zuzendaritzapean. Hona hemen brigadaren planteamendu estrategikoa: berariazko erantzuna mantentzea genero-indarkeriari eta haren biktimei arreta emateko, betiere kolektibo zaurgarrien arlo zabalago baten barruan, eta espezializaziotik; prebentzioaren aldeko apustua egitea, egoera etengabe aztertuz eta tartean sartuta dauden aktore eta instituzio guztiekin koordinatuta lan eginez (hezkuntza- eta arreta-arloa, arlo judiziala, instituzioen arteko lan-mahaiak, etab.). Eta betiere biktimei babesa eta arreta emateko ikuspegitik.

Genero-indarkeriaren arloan egindako lanaren adibide gisa, UPASek arreta ematen diote biktimari hasiera-hasieratik; gertakariak non izan eta toki horretan frogak biltzeaz eta salaketa aurkezteaz arduratzen dira; kasuaren jarraipena egiten dute, arriskuaren bilakaera baloratuz; eta ikerketaren eginbideak bere gain hartzen dituzte, aldian-aldian kasuak eskatzen dituen polizia-ebaluazioak eginez. Funtsean, erreferentziazko polizia bihurtzen dira biktimarentzako.

UPASen datuak: ia 2.500 esku-hartze 2017an

UPASek hainbat arlotan egiten du lan. Iaz brigadak 2.447 esku-hartze egin zituen guztira. Nabarmentzekoak dira, horien izaeragatik, familia barruko tratu txarrengatik egindakoak. 2017an, unitatearen esku-hartze guztien % 78 izan ziren (1.893 kasu). Jarraian, % 7arekin (175), adingabeekin egindako esku-hartzeak kokatzen dira, honako gai hauekin lotuta: alkohola, ganberrokeria, ikastetxeetako esku-hartzeak, gazte delinkuentzia eta desagerpenak.

Organo judizialen errekerimenduei erantzutea, iaz, egindako lanaren % 4 izan zen (87 esku-hartze). Zereginen artean daude etxebizitzetan bilaketak egitea, atxilotzeak, eta epaitegian aurkeztea zein zitazioak. UPASek ere gizarte-arazoei lotutako egoeretan esku hartzen du (2017an egindako lanaren % 3 izan zen hori). Hemen hainbat egoera sartzen dira, hala nola eskaletasuna, auzotarren arteko arazoak, auzo-unitateen babesa, pasadizoko jendearekin arazoak badaude esku-hartzea, etab. Gai horiei lotuta, iaz, brigadak ia 700 esku-hartze egin zituen. UPAS da adimen-osasuneko arazoak dituztenekin esku hartu behar denean bertaratzen den lantaldea.

Nabarmentzekoa da brigada honek sexu-askatasunaren kontrako delituetan izandako esku-hartzea. Izan ere, iaz haien lanaren % 2 besterik izan ez bazen ere (57 esku-hartze), hori da Udaltzaingoan zeharkakotasunik eta hedapen publikorik handiena duen arloetako bat. Sexu-eraso zein -abusuekin zerikusia duen oroz arduratzen dira UPASeko udaltzainak, kasu horiek helduen artekoak izan, adingabeen artekoak izan zein egoera mistoetan ematen badira ere. Exhibizionismo kasuez ere arduratzen dira. 2017an, salatutako kasuak bakarrik zenbatuta, UPAS 10 sexu-erasoz arduratu zen (horietako 3tan adingabeak tartean sartuta zeuden), 32 sexu-abusuz, eta 10 exhibizionismo kasuz. 2016an kopuru horiek handiagoak izan ziren. 23, 26 eta 15 esku-hartze izan ziren, hurrenez hurren.

Datu kuantitatibo horiez gain, badira brigadaren lanari buruzko beste datu kualitatibo batzuk ere, haien presentzia baitago Nafarroako Berdintasunerako Institutuko hainbat batzordetan; Iruñeko Udaleko Alorren arteko batzordean, emakumearekin lotutako gaietan; eta Nafarroako Auzitegi Probintzialeko Polizia Judizialeko batzordean, besteak beste. Prebentzio-kanpainak planifikatzen dituzten foroak dira, datu-bilketa koordinatzen dutenak, eta komunikabideei helarazten zaien informazioa koordinatzen dutenak.

UPAS, gainera, Emakumeen aurkako indarkeriarako arreta eta aurreneurriak eraginkortasunez koordinatzeko erakundeen arteko akordioaren jarraipen Batzordeko kide da -Batzorde horretako tokiko polizia bakarra izan ere-. Batzorde horretako presidentea Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendaria da, eta bertan ordezkatuta daude emakumeen aurkako indarkeriari arreta eman eta prebenitzeko konpetentziak dituzten Nafarroako zein Estatuko administrazio publikoak.

Ospakizun jardunaldiak

UPASen bokazioa, haren zereginak hala eskatuta, zeharkakoa da, eta hori izan da baita ere jardunaldien planteamendua. Martxoaren 22an eta 23an izango dira, Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditoriumeko hainbat aretotan, eta brigada honen lanera eta errealitatera globalki gerturatzeko diseinatu dira.

Jardunaldiak ostegun goizean hasiko dira, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Itziar Gómezen eskutik, eta ostiral eguerdian amaituko dira, saio itxi batekin, non omenaldia egingo baitzaie UPASeko udaltzainei, hiriko alkate Joseba Asironen eskutik. Bi egunetan zehar UPASekin elkarlanean aritu ohi diren instituzioetako ordezkariak izango dira: Nafarroako Auzitegi Nagusiko zein Fiskaltzakoak; adingabeendako zigorren eta neurri alternatiboen arloan zuzenean jarduten direnak; droga menpekotasunaren prebentziokoak; oinarrizko gizarte-zerbitzuetakoak; eta beste tokiko polizia batzuetakoak.

Indarkeriaren gaiari denbora-tarte zabala eskainiko zaio, emakumeen aurkako indarkeriari zein adingabeen kontrakoari. Saioetan hainbat arlo landuko dira: lege-esparrua, epaitegi espezializatuen esperientzia, froga digitala genero-indarkeriako delituetan eta arlo horretan Polizia Judizialak betetzen duen lana. Gai horiek jorratuko dituzten hizlarien artean badira magistratuak eta abokatuak, tokiko poliziak, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko langileak.

Saioetan hitzaldiak eta mahai-inguruak tartekatuko dira, atsedenaldiekin, eta Baluarteko Ziudadela aretoan izango dira, salbuespen batekin. Ostegun arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, Pamela Palenciano Jódarrek monologo bat taularatuko du, non hark bizitako benetako esperientzia bat islatzen baita, bikote-indarkeria jasan baitzuen. No sólo duelen los golpes izenburupean, Baluarteko Ganbera aretoan antzeztuko da.

Jardunaldietan edonork parte hartu ahal izango du, doan, baina Ziudadela aretoan egingo diren hitzaldietara sartu ahal izateko aurrez izena eman beharko da. Gaurtik aurrera eman daiteke izena, aurrez aurre Udaltzaingoaren lokaletan (Iratxeko Monasterioaren kalea, 2) policia.pamplona.es webgunean eskuragarri dagoen inprimakia aurkeztuta -webgune horretan ere jardunaldien programa osoa dago-, edo formacion_pm@pamplona.es posta elektronikora mezu bat bidalita. Mezuaren gaian esaldi hau agertu beharko da: UPAS jardunaldiak.

Iruñeko Udaltzaingoa, 30 urte emakumeak eta adingabeak defendatzen

Martxoak 22, osteguna. Baluarteko Ziudadela aretoa

Goizez

  • 08:30 - 09:00: Akreditazioak.
  • 09:00 - 9:15: AURKEZPENA ETA IREKIERA

Noren eskutik: Itziar Gómez, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkaria

  • 09:15 - 10:15: HITZALDIA. UPAS, Herritarren Babes eta Arretako Unitateko lehen partaideak. Jatorria.
  • Hizlariak: UPAS sortu zuten udaltzainak
  • 10:45 - 11:45: MAHAI-INGURUA. Adingabekoendako fiskaltza, instrukzioko epaitegia eta espetxeetako gizarte zerbitzuak. UPASekin duten lotura. Iragana eta oraina.

Hizlariak: Joaquín Galve Sauras, magistratua eta Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidentea. José Antonio Sánchez Sánchez-Villares, Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzako fiskal nagusia eta Amador Ruiz Sanz, Nafarroako Zigorren eta Neurri Alternatiboen Kudeaketa Zerbitzuko burua

  • 11:45 - 12:45: HITZALDIA. Suspertu programa.

Hizlaria: Sonia Iturain Jiménez de Brentosa, Psikologian doktorea, gizarte-langilea eta gizarte-hezitzailea.

  • 12:45 - 13:45: Herritarren Babes eta Arretako Unitateko udaltzainak (UPAS) eta Iruñeko Udaleko gizarte zerbitzuak.

Hizlaria: Marisol de la Nava Martín, Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorreko zuzendaria

Arratsaldez

  • 16:30 - 17:30: HITZALDIA. Adingabearen babesa, genero-indarkeriako kasuetan.

Hizlaria: Margarita Pérez Salazar, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Arloko Iruñeko 1. Epaitegiko magistratu-epailea

  • 18:00 - 20:00: ANTZERKIA. No sólo duelen los golpes (Baluarteko Ganbera Aretoan)

Pamela Palenciano Jódar monologista eta aktorearen eskutik.

SOLASALDIA

Martxoak 23, ostirala. Baluarteko Ziudadela aretoa

  • 09:00 - 10:00: MAHAI-INGURUA. Udaltzaingoa edo tokiko polizia eta haien inplikazioa genero indarkerian.

Hizlariak: Madrilgo Udaltzaingoko, Fuenlabradako Tokiko Poliziako, Deniako Tokiko Poliziako eta Iruñeko Udaltzaingoko ordezkariak.

  • 10:00 - 11:00: HITZALDIA. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko 14/2015 foru legearen esparruan.

Hizlaria: Pilar Baigorri Lerga, Emakumeen kontrako indarkeriako ataleko burua. Nafarroako Berdintasunerako Institutua, Nafarroako Gobernua

  • 11:30 - 12:30: HITZALDIA. Froga digitala genero-indarkeriako delituetan zein besteetan informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez (IKT).

Hizlaria: Paloma Llaneza González, abokatua, AEDELeko presidentea (Ebidentzia Elektronikoetako Espainiako Elkartea)

  • 12:30 - 13:30: MAHAI-INGURUA. Tokiko administrazioen menpe dauden polizien lana polizia judizial gisa.

Hizlariak: Bartzelonako Hiri Guardiako, Donostiako Udaltzaingoko, Gasteizko Udaltzaingoko eta Iruñeko Udaltzaingoko ordezkariak.

  • 13:30 - 14:00: AMAIERA. UPAS unitateari omenaldia.

Noren eskutik: Joseba Asirón, Iruñeko Udaleko alkatea

¿Te ha sido útil esta página?