Herritarren Aferen Batzordeak Arantzadiko kirolgunea bisitatu du, iaz erabiltzaileek 145.000 alditik gora baliatu zutena

Herritarren Aferen Batzordeak Arantzadiko kirolgunea bisitatu du, iaz erabiltzaileek 145.000 alditik gora baliatu zutena
Udala lanean ari da kirol instalazioen kudeaketa lizitatzeko eta Arantzadin energia aurrezteko neurriak hartzeko
visita al Complejo Deportivo de Aranzadi

Herritarren Aferen Batzordeak Arantzadiko kirolgunea bisitatu du gaur eguerdian, iaz erabiltzaileek 145.000 alditik gora baliatu zutena. Bisitan, María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotziak azaldu du une honetan Udalaren kirol-instalazio honen kudeaketa lizitatzeko deialdi berri bat lantzen ari direla Alorrean; azken esleipena modu bateratuan egin zen Sanduzelaiko kirol-hiriarekin (Aquavoxa) eta Mendillorriko trinketarekin zein kiroldegiarekin. Lizitazio berriak, atzerapena daukanak, arreta berezia jartzen du hobekuntzetan eta energia-eraginkortasunean, instalazioen modernizazioa bultzatzeko xedez. Hori dela eta, Alorra harremanetan jarri da Proiektuak eta Obrak, Mugikortasuna eta Jasangarritasunarekin, eskatzeko Udalaren Energia Agentziak ikerketa bat egin dezala arlo horretan dauden energia-kontsumoen eta aurrezteko aukeren inguruan. Hori txertatzeak kudeaketa-ereduan aldaketa bat ekar dezake berekin, energiaren inguruko hobekuntza-lanak egiteko behar diren inbertsioak finantzatzen laguntzeko asmoz.
 

Arantzadiko kirolgunea Udalaren kirol-instalazioa 1977an eraiki zuten. Harrezkero, hainbat zaharberritze-lan egin dituzte, jolas parke bat garatzeko asmoz, ingurune naturalean modu egokian txertatu eta kirol-zerbitzuen eta aisialdirakoen eskaintza handitzen duena. 44.280,50 m2-ko azalera du, kirol instalazioak neguko aldian erabiltzen dituzte, eta horiez gain, kanpoko eremu zabala ere badu, batez ere udan erabilia.
 

Bi eraikin ditu, eta loturik daude korridore baten bidez. Lehen eraikinean harrera-tokia, bulegoak eta kanpoko terraza duen taberna-jatetxea daude. Horiez gain, baditu hornitutako areto bat eta banatu daitekeen erabilera anitzeko areto bat. Halaber, gune osagarriak ere baditu, hala nola aldagelak, komunak, instalazioak eta biltegiak. Bigarren eraikinean igerileku klimatizatua dago; bi ontzi eta sauna bat ditu, bai eta aldagelak, komunak, instalazioak eta biltegiak ere. Kanpoko aldean lorategi-eremu zabala dago, eta bertan bi igerileku-ontzi eta plisti-plasta ibiltzeko igerileku bat daude. Horiez gain, erretegi-eremua, kiroldegi estalia, frontoi bat eta padeleko bi pista estali ditu.
 

4.847 abonatu eta 48.012 sarrera 2019an

2019an, Arantzadiko kirolgunea 145.387 aldiz baliatu zuten, 2018an (128.628 aldiz) baino % 11 gehiago. Uztailean erabili zuten gehien (33.349), eta ondotik, abuztuan (30.847) eta ekainean (27.086). Gainerako hilabeteei dagokienez, adibidez, irailean 4.559 aldiz erabili zuten, eta urrian, 6.719 aldiz.
 

Iaz 4.847 abonatu izan ziren, aurreko urteetan bezalatsu; izan ere, 2018an 4.661 abonatu egon ziren, eta 2017an, 5.198. Kontuan hartu behar da kopuru horietan Sanduzelaiko Aquavoxeko abonatuak ere sartuta daudela, abonamenduak bi kirol instalazioetan erabili baitaitezke. Sexuaren arabera, azken urteak aintzat hartuta 2019. urtea parekotasun handienekoa izan da, izan ere, 2.643 abonatu gizonak ziren, eta 2.204, emakumeak. Abonamendu kopuru handiena udako aldian izan zen (2.483). 760 lagunek eskuratu zuten 30 egunerako abonamendua; urte osorako, 740k; 180 egunetarako, 622k, eta 90 egunetarako, 282k. Sarrerei dagokienez, iaz 48.012 saldu zituzten. Kopuru guztiak kontuan hartuta, guztizko diru-sarrerak 358.436 euro izan ziren.
 

2019an egin ziren inbertsiorik aipagarrienak muskulazio-aretorako bizikletak, zintak eta polea-gurutzeko makina bat erostera bideratu ziren, bai eta gimnasio-eraikineko sute-zentrala eta ACS-andela (ur beroa) aldatzera ere.

¿Te ha sido útil esta página?