Herritarren % 71k uste du Iruñean bizikidetza ona edo oso ona dela, eta % 53aren ustez migratzaileak zaurgarriagoak dira diskriminazioaren aurrean

Herritarren % 71k uste du Iruñean bizikidetza ona edo oso ona dela, eta % 53aren ustez migratzaileak zaurgarriagoak dira diskriminazioaren aurrean
% 88aren arabera eztabaida politikoa suminduegia dago, % 82ak uste du Bizikidetzarako Plana beharrezkoa dela eta ehuneko berak indarkeria politikoaren biktimen erabilera ekiditea eskatzen du

Udalak gaur goizean aurkeztu ditu Iruñeko Bizikidetzaren Diagnostikoaren emaitzak: Udalaren beraren ekimenez egin da, eta Bizikidetzarako I. Udal Plana eratzeko oinarri izanen da. Txostenaren arabera, herritarren % 71ak uste du Iruñean bizikidetza ona edo oso ona dela, eta datu horrek kontraste handia egiten du beste batekin: %88k ernegazio-maila handia sumatzen du eztabaida politikoan. Bi adierazle horiek erakutsiko lukete alderdi politiko jakin batzuen polarizazio-estrategiak oso urrun daudela errealitatetik; izan ere, herritarren % 91k uste du gatazka gero eta handiagoa dela, nahiz eta inguruan hala ez izan. Ikerketa honen beste datu interesgarri batzuk honako hauek dira: herritarren % 82k beharrezkotzat jotzen du hiriak Bizikidetza Plan bat izatea (% 3k soilik ez du beharrezkotzat jotzen); % 53aren ustez, diskriminazio gehien jasaten duen kolektiboa migratzaileena eta errefuxiatuena da; eta herritarren % 75aren ustez, sare sozialen erabilerak bizikidetza okertzen du. 

Diagnostikoak bizikidetzaren egoera modu integralean aztertzen du Iruñean, begiraden aniztasuna eta askotariko dimentsioak barne hartuta. Hori dela eta, askotariko gaiak jorratzen ditu, hala nola migrazioa, aniztasuna, memoria eta gizalegea, alde batera utzi gabe Bizikidetzarako Udal Planaren inguruko adostasunik eza eta egungo tentsio eta sumindura politikoa. Alderdirik positiboenen artean, herritarren % 40k auzoetako auzokideen artean dagoen bizikidetza nabarmentzen dute, % 36k, espazio komunitarioen erabilera eta kultur jardueretako parte-hartzea, eta % 27k, aniztasunarekiko errespetua. Eskaeren artean, honako hauek nabarmentzen dira: zerbitzu publikoak hobetzea (% 32) eta auzoetan egiten diren esku-hartzeei lehentasuna ematea (% 29). Alde negatiboan: herritarren % 52k politikaz hitz egitea saihesten dute, eta % 41ek beste herrialde batzuetako pertsonen etorrera segurtasun-maila txikiagoarekin lotzen dute.

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Garbiñe Bueno Zabalza (EH Bildu), Mikel Armendáriz Barnechea (Geroa Bai) eta Txema Mauleón Echeverría (Contigo-Zurekin) gobernu-taldea osatzen duten zinegotzi ordezkari eta bozermaileek eman dute ezagutzera Bizikidetzaren diagnostikoa:ondorioztatu da Iruñean bizikidetza badagoela baina bizikidetza horri eusten dioten mekanismoak indartu beharra dagoela, sortzen ari diren tentsioei aurre egiteko xedez. Alkateak nabarmendu duenez, plana prebentziorako eta demokrazia sendotzeko tresna gisa eratu beharko da, diagnostikoak erakusten duen herritarren babes zabalarekin bat etorrita: % 82k uste du garrantzitsua dela hiriak Bizikidetzarako Udal Plana izatea, eta % 3k baino ez du beharrezkotzat jotzen.

Gaur aurkeztutako lanaren metodologiak honako hauek barne hartu ditu: 828 pertsonari egindako inkesta bat, udal-talde politikoen ekarpenak (UPNk eta PPk ez zuten parte hartu), gizarte-ehun eta elkarteenak, Nafarroako Gobernuarenak, memoria historikoaren eta arestiko historiaren esparruko erakundeenak, baita hainbat dokumentazio-iturriren analisia ere. Prozesuak Baketik fundazioaren eta CIES Análisis de Mercado y Opinion erakundeen laguntza teknikoa izan du. Guztira, 35.695 euroko aurrekontua izan du, BEZa barne (18.150 euro inkestarako eta 17.545, diagnostikorako).

Biktimen aitortza egitea lehentasuna da, baina haiek ez instrumentalizatzea ere
Diagnostikoaren arabera, memoria historikoa eta motibazio politikoko indarkeriei lotutako duela gutxiko memoria dira planaren alderdirik sentiberenak. Herritarren % 70ak lehentasuntzat jotzen du ETAren eta beste indarkeria politikoen biktimak aintzatetsi eta oroitzeko berariazko neurriak txertatzea. % 82 bat dator biktimen instrumentalizazio politikoa ekiditeak duen garrantziarekin. Gakoa ez da eztabaida konplexuei amaiera ematea, baizik eta esparru bat sortzea, memoria-gai horien tentsioei aurre egin ahal izateko, plan osoa arriskuan jarri gabe; izan ere, Iruñeko gizartearen % 72aren arabera, oraindik ere biktimekiko zor handia dugu ordaintzeke.

Diagnostikoak, era berean, tentsio-faktoreak identifikatzen ditu; izan ere, tentsio-faktore horiek, gatazkarik sortu gabe ere, gizarte-giroan eragiten dute, eta epe ertainera bizikidetza hondatzen ahal dute. Horien artean, nabarmentzekoak dira sumindura politikoa eta eztabaida publikoaren tonua gogortzea, eta hori bereziki egiaztatzen ahal da jaietako testuinguru sinbolikoetan edo konfrontazio instituzional handiko gertakarietan. Diagnostikoaren arabera, eremu politikoari eta pertsonalari buruzko pertzepzioa ez dator bat; izan ere, jarrera politikoak gero eta elkarren kontrakoagoak direla dioen adostasuna ia erabatekoa izan arren (% 91), eta eztabaida politikoan sumindura-maila handia sumatzen den arren (% 88), inkestatutako pertsonen % 71ak uste du hiriko bizikidetza ona edo oso ona dela, eta % 59k adierazi du bere harreman pertsonaletan eta eguneroko ingurunean ez duela benetan sumatzen sumindura politiko hori.

Alde horretatik, diagnostikoak ondorioztatzen du Bizikidetzarako Planak errespetuaren kultura demokratikoa indartzen lagundu beharko lukeela, hurbiltasun-espazioak babesteko eta dagoeneko existitzen den bizikidetza normalizatuarekin koherenteak diren harreman politikoak sustatzeko.

Kezka diskurtso arrazista eta xenofoboen gorakadaren aurrean
Diagnostikoan adostasun irmoa adierazi da aniztasunaren kudeaketaren inguruan, batik bat kulturarteko bizikidetzaren inguruan, orainaldiaren eta etorkizunaren ardatz estrategiko gisa. Kezka partekatua dago, migratzaileen aurkako diskurtsoek gora egin baitute. Arrazismoa eta xenofobia dira arazo nagusia: herritarren % 39k bizikidetzari kalte egiten diotela uste du. Diagnostikoak azpimarratzen du Bizikidetzarako Plana funtsezkoa izan daitekeela egiturazko politikak barne hartzen dituzten prebentzio-ikuspegiak eratzeko (hezkuntza, sentsibilizazioa, bitartekaritza komunitarioa eta auzoz auzoko lana), inklusioa, eskubide-berdintasuna eta kohesio soziala indartze aldera. 

Diagnostikoak agerian uzten du Iruñeko parte-hartzea handia dela, baina berresten du parte-hartze eraginkorra desorekatua, sektoriala dela, baita kasu batzuetan nolabaiteko akidura nabaritzen dela ere. Mekanismoak izateak ez du, bere-berez, hiriko gizarte-aniztasunaren adierazgarri den parte-hartze inklusiboa bermatzen; izan ere, herritarren % 41ak baino ez du uste egun aribidean dauden prozesuak talde zaurgarriendako inklusiboak direla. Parte-hartzea birpentsatzeko beharra ere hauteman da, zilegitasun demokratikoaren baldintza gisa eta ez soilik administrazio-prozedura moduan. Bizikidetzarako Udal-planak entzute- eta erantzukidetasun-mekanismo malguagoak, irisgarriagoak eta gertukoagoak bultzatu beharko lituzke, herritarren % 17ak ez baitaki indarrean dauden mekanismoak eraginkorrak diren ala ez.

Erronka ez da politika berriak eratzea, jadanik dagoena antolatu eta koherentea izatea baizik
Halaber, diagnostikoak eguneroko bizikidetzan gertatzen diren gorabeherak identifikatzen ditu, gai hauek ardatz hartuta: zarata, aisia, jaiak, bizilagunen arazoak, turistifikazioa eta erabileren dentsitatea; horren harira, arreta berezia jarriko da gune jakin batzuetan, herritarren % 14ak espazio publikoen kudeaketarekin eta gizalegearen kontrako jokabideekin lotutako arazo esanguratsuak hauteman dituen eremuetan hain zuzen ere. Adostasuna erabatekoa da eman beharreko erantzun instituzionalaren inguruan: ez da soilik arauetan eta zehapenetan oinarritu behar, bitartekaritzako eta prebentzioko baliabide praktikoak izan behar ditu euskarri. Horren harira, iradokitzen da Bizikidetzarako Planak auzoetako esku-hartzeak (% 29) eta udal-zerbitzuen hobekuntza (% 32) lehenetsi behar dituela, eta, horrez gain, tresna praktiko aplikagarriak eskaini behar dituela eguneroko gatazkak kudeatzeko.

Sare sozialak gero eta handiagoa den kanpo-faktore gisa identifikatu da, herritarren % 75ak uste baitu bizikidetza txartzen dutela; izan ere, hitzezko indarkeriarekin lotutako egoerak sortzen dituzte sareek, eta % 80ak mundu fisikotik haratago doan arazo larria direla uste du.

Azkenik, udal-agiriak eta hainbat eragileri egindako elkarrizketak aztertu eta gero, adostasuna erabatekoa da Iruñeko Udalak Bizikidetzarako Udal-plana eratzeko prozesuan bere gain hartu beharreko rol koordinatzaile, zeharkako eta koherenteari dagokionez. Bizikidetzan enfasia jartzen duten plan sektorial, baliabide eta zerbitzu ugari daude Iruñean, baina ez dira lankidetzan aritzen. Erronka ez da politika berriak eratzea, jadanik dagoena antolatu eta koherentea izatea baizik, planak, araudiak eta udal-baliabideak bateratuta. Era berean, ondorioztatu da etorkizuneko planak zintzoki heldu behar diela gai sentikorrei, tabu bihurtu gabe, ondorio teknikoak egoeraren araberako dinamiken menpe egon ez daitezen.

Bizikidetzarako Udal-planerako gomendioak
Diagnostikoan ateratako ondorioak abiapuntu hartuta, hainbat gomendio eman dira Iruñean abian jarriko den Bizikidetzarako Udal-planerako. Planaren abiapuntu gisa, gomendatzen da bizikidetza ahula, aldakorra eta ez-bermatua dela esplizituki aitortzea, baita bizikidetza sendotzeak jarraitutasuna, konbikzio politikoa eta baliabide etengabeak behar dituela aintzat hartzea ere. Plana tresna bizi gisa sortu behar da, ebaluazioari, berrikusketei eta moldaketei lotua, eta jarraipen-mekanismoak izan behar ditu aurrerapausoak neurtu eta lehentasunak doitzeko.

Gomendatzen da, halaber, bizikidetzaren inguruko politika sozialen arteko aldeak ezagutzera ematea, diskurtso artifizialki bateratzaileak alde batera utzita, eta progresiboki adostasunak indartzeko bideak arakatzea, elkarrizketaren pedagogia instituzionalaren eta konfiantza sortzearen bidez. Udala funtsezkoa eta erreferentziazkoa da bizikidetza eraikitzeko, honako alderdi hauek ardatz hartuta: alorren arteko zeharkako ikuspegian oinarritutako eskema egonkorra, izaera iraunkorra eta ez-koiunturala, baliabide nahikoz hornitzea eta bizikidetzako alor espezifiko edo teknikari bat sortu edo indartzea.

Era berean, plana dibertsitate-, berdintasun- eta inklusio-politikak bateratzeko esparru izan dadin gomendatzen da. Hala, dagoeneko ezagunak diren errealitateei erantzuten ahalko zaie, baita hiria etengabe eraldatzearen ondorioz sortzen ari diren dinamikei ere. Ildo horretan, parte-hartzea erabakiak hartzeko osagai gisa ulertu beharko da, ez soilik kontsulta egiteko bide moduan.

Diagnostikoak ahultasunak identifikatzen ditu motibazio politikoko indarkerien biktimen etengabeko aitortza egite aldera Udalak egindako lanean. Alor hori jorratze aldera, gomendatzen da aurrerakuntza jarraiturekin, ikuspegi-argitasunarekin eta koherentzia instituzionalarekin lotutako logika abiapuntu hartzea. Orobat, funtsezkotzat jotzen da lan hori Nafarroako Gobernuarekin koordinatzea, bikoiztasunak saihesteko. Memoria historikoari dagokionez, planak berariaz antzeman beharko ditu Udalaren, elkarteen eta herritarren zati baten arteko gorabeherak. Lan- eta elkarrizketa-bide egonkorrak sortzea gomendatzen da, desadostasunei eutsi eta plana ez oztopatzeko gai izateko.

Abian jarriko den Planak 12 lan-ildo estrategiko izanen ditu
Bizikidetzarako Udal-plana funtsezko tresna bihurtu beharko da helburu hauek lortzeko: balio partekatuak neurri zehatz bihurtzeko, loturarik gabeko politikak antolatzeko, eguneroko gatazken kudeaketa komunitarioa indartzeko, aniztasunari ikuspegi inklusibo batetik heltzeko eta memoria metodologia arretatsu eta eraikitzaile batetik jorratzeko, hiri kohesionatu, inklusibo eta demokratikoago baten oinarriak ezartzeko. Hauek izan beharko lirateke planaren oinarri operatiboak: egiazko zeharkakotasuna, ibilbide-orri aplikagarria, hurbiltasun komunitarioa, eskubideak eta inklusioa eta memoria eta pairatutako indarkerien aitorpena.

Horretarako, diagnostikoak 12 lan-ildo estrategiko proposatzen ditu, gauzatu daitezkeen ekintza zehatzak barne hartuta. Hauek dira ardatz horiek: Plana zeharkako esparru gisa diseinatzea; ibilbide-lerro errealista ezartzea, gutxieneko udal-egitura ezartzea; parte-hartzea eta gizarte-ehunarekiko lotura indartzea; auzoetan esku-hartze komunitarioa lehenestea; eguneroko bizikidetza eta bitartekaritza; desparekotasunari eta bazterketari bizikidetzako egiturazko erronka gisa heltzea; gorroto- eta diskriminazio- diskurtsoen aurkako estrategia argia garatzea; hezkuntza, sentsibilizazioa eta kultura euskarri egonkor gisa bateratzea; memoria eta biktimak metodologia zentzuduna eta giza eskubideen ikuspegia baliatuta txertatzea; benetako testuinguru politikoa aitortzea eta planaren zilegitasun politikoa eraikitzea; adierazleetan eta jarraipenean oinarritutako sistema bat bultzatzea eta, azkenik, ikusgarritasuna, komunikazioa eta proiekzioa.

Diagnostikoa plana egiteko oinarri nagusia izanen da. Asmoa da aste honetan bertan hainbat enpresari gonbidapenak bidaltzea, plana kontratu txiki (15.000 eurora bitarte) baten bidez idatz dezaten. Aurreikuspenen arabera, ekainean adjudikatuko da, eta behin betiko plana azaroaren erdialdean entregatuko da, aurrekontu-eztabaidan beharrezko partidak barne hartu eta egitasmoa 2027an gara dadin.

BIZIKIDETZARAKO UDAL-PLANA EGITEKO ILDO ESTRATEGIKOEN PROPOSAMENA
•    Plana zeharkako esparru gisa diseinatzea: Udalaren ‘plan guztien plana’
•    Ibilbide-orri errealista finkatzea: faseak, lehentasunak eta jarraitutasuna
•    Gutxieneko udal-egitura ezartzea: erantzuleak, baliabideak eta aurrekontua
•    Parte-hartzea eta gizarte-ehunarekiko lotura indartzea: benetako inklusioa eta konfiantza
•    Auzoetako esku-hartze komunitarioa lehenestea: eguneroko bizikidetza eta bitartekaritza
•    Desberdinkeria eta bazterkeria bizikidetzako egitura-erronka gisa jorratzea
•    Gorroto- eta diskriminazio-diskurtsoen aurkako estrategia argia garatzea
•    Hezkuntza, sentsibilizazioa eta kultura bateratzea, euskarri egonkor gisa
•    Memoria eta biktimak metodologia zentzuduna eta giza eskubideen ikuspegia ardatz hartuta txertatzea
•    Benetako testuinguru politikoa antzematea eta Planaren zilegitasun publikoa eraikitzea
•    Adierazleetan eta jarraipenean oinarritutako sistema bat bultzatzea: bizikidetza neurgarria eta ebaluatzeko modukoa
•    Ikusgarritasuna, komunikazioa eta proiekzioa: ulertu eta bizitzen den Plan bat

HERRITARREI EGINDAKO INKESTAREN FITXA TEKNIKOA
•    Unibertsoa: 16 urte eta hortik gorako 186.113 lagun
•    Lagina: 828 inkesta
•    Konfiantza-maila: % 95
•    Inkestaren esparrua: Iruñeko auzoetan
•    Errore-marjina: +/- % 3,4
•    Metodologia: telefono bidezko inkesta
•    Landa-lanaren iraupena: 2026ko otsailaren 15etik martxoaren 12ra bitarte
•    Inkestagile kopurua: 12

 

¿Te ha sido útil esta página?