Arantzadiko parkea herritarrendako berriz ere erabat zabalduko da apirilaren amaieran, 150.000 metro karratuko espazio horretako lanen bigarren fasea amaitu ondoren, Arga ibaiaren meandroan, Iruñetik igarotzean. Hirigintza Gerentziako eta Batzordeko kideak obren bilakaera ikusten izan dira gaur. Lanek orain ardatz dute Arantzadiko kirolgunearen inguruko zoladura-lanak amaitzea eta mantentze-lan gutxi behar duten espezie berriak landatzea, parkea gune jasangarri bihurtze aldera.
Gaur egun, Arantzadiko Inguruneko kaleko lanak amaitu dira Vergel kalearekiko duen loturan, Arantzadiko kirolgunearen ondoan. Kalea oinezkoendako bilakatu da nibelean, hala, espaloietan ez dago altuera alderik. Izan ere, irteerako eremu horretan oinezkoendako espazio jarraitua mantenduko da, hormigoi garbituzkoa eta gutxienez 2 metroko zabalerakoa, eta 3 metro asfaltokoa. Sistema horri esker bideak zabalera handiagoa izatea lortu da, baita kirolguneko horma bat mugitzeari esker ere, eta El Redín ikastetxearen ondoan euste-horma bat eraiki ostean. Eremu horretan, amaitzeke daude kirolguneko sarreraren ondoko zoladura-lanak. Hori dela eta, bidea ez da oraindik zirkulaziorako ireki. Esku-hartzeak barne hartuko du hiri-altzariak instalatzea: zurezko eserlekuak beso-euskarriekin eta hormigoi leunduzko eserleku jarraituak, baita bizikletak aparkatzeko euskarriak ere, igerilekuetako sarreran.
Garaiaren plaza handiaren inguruko lanak ere dagoeneko amaitu dira; gune hori atseginagoa bihurtuko duten haurrendako jolasguneak instalatzea besterik ez da falta. Plazak 4,5 metroko zeharkako bidea jasotzen du, hiria ekialdetik mendebaldera lotzen duena (Arrotxapea, Arantzadi eta Txantrea artean), oinezkoen eta ziklisten zirkulazioa bilduta, Errotazar kaleko pasabidetik (Ingurumen Hezkuntzako Museoaren ondoan) Alemaneseraino. Lanei esker, halaber, ur-goraldiko basoaren inguruko bidea eta argiztapena amaitu dira. Era berean, ur-goraldietan ura sartzen den eremua eraberritu da.
Parke guztia drainatze jasangarriko sistema berri batekin proiektatu da, ura lurpetik birbideratzen duten hustubideak eta hodiak kentzea ahalbidetzen duena. Sistema berrian lurrak berak xurgatu eta iragazten du ura, eta ibairantz modu atseginagoan birbideratzen du, ur-sarrera puntu bakar batean kontzentratzea saihestuz eta trazadura osoan banatuz. Gainera mantentze-lan gutxi behar duten espezieak landatzen ari dira, gutxiago ureztatu behar den parke jasangarri baten alde eginez.
Bigarren faseko lanak egiteko inbertsioa 2,32 milioi eurokoa izan da (BEZa kanpo) eta 2013ko lehen fasean egindako lanei gehitu zaizkie. Izan ere, 2008an ideia-lehiaketa baten bidez hasi zen proiektu horrek esku-hartzearen lehen fase bat behar izan zuen. Esku-hartze horrek, besteak beste, antolamendutik kanpoko eraikinak eraistea eta ibaitik hurbilen dagoen zirkuluerdian (baratze-orla, ur-bazterreko orla, ur-goraldiko basoa) eta barruko bideetan lan egitea barne hartu zuen. Orain, jarduketak beste lotura-bide batzuetan eta meandroaren barrualdean egin dira.
Iruñeko Udalak obra hori egiteko dirulaguntzak eskatu ditu ‘emisio baxuko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko udalerriei ematen zaizkien laguntza-programaren’ bigarren deialdiaren barruan, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Oraindik ebatzi ez den dirulaguntzaren zenbatekoak 2 milioi euro jo lezake.