
Urriaren 12tik aurrera (astelehena), Iruñeko Udalak hautesle-erroldaren datuak egiaztatzeko kontsulta-sistema bat jarriko du herritarren eskura, azaroaren 29ko hauteskunde orokorrei begira. Hala, pertsona interesdunek egiaztatzen ahalko dute hautesle-erroldan sartuta ote dauden, botoa emateko eskubidea gauzatu ahal izateko, edo akatsik egonez gero edo erregistraturik egon ezean, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Urriaren 19ra arte kontsultatzen ahalko da.
Iruñeko Udalak bi bide jarri ditu erroldari buruzko informazioa kontsultatzeko. Bietan, beharrezkoa da NAN-zenbakia eta lehen abizena jakinaraztea. Alde batetik, 010–948420100 telefonoetara deitzeko aukera dago, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatean, 09:30etik 13:30era. Bestetik, telematikoki egin daiteke Udalaren webgunearen atarian, errolda kontsultatzeko estekan. Datuak babesteko araudia indarrean sartu zenetik, erroldaren zerrendak ez dira jendaurrean paratzen.
Erroldan aurtengo uztailaren 30era bitarte erregistratutako errolda-mugimenduak jaso dira; izan ere, hauteskundeetarako deialdia egin aurreko bigarren hilabeteko lehen eguna hartzen da hura ixteko erreferentziatzat; kasu honetan, abuztuaren 1a. Behin-behinean, eta data horretako udal-erroldaren arabera, Espainiako nazionalitatea duten eta azaroaren 29an 18 urte baino gehiago dituzten 154.972 pertsonak ematen ahalko lukete botoa hauteskunde orokorretan. Erroldaren behin betiko kopurua urriaren 23an emanen da jakitera, behin jendaurreko epea igarota eta erreklamazioak ebatzi ondoren.
HAUTESLE-ERROLDA KONTSULTATZEA. URRIAREN 12TIK 19RA
o Telefonoz, 010–948420100 telefonoetara deituta, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatean, 09:30etik 13:30era
o Interneten, www.pamplona.es webgunean